Ikasle bitartekariak mahaietan eserita, zirkuluan. ©Vega del Val

Ikasle bitartekariak mahaietan eserita, zirkuluan. ©Vega del Val

Blog

Las Musas BHI: bitartekari gazteak eskola-jazarpena prebenitzeko

Vega Alonso, colaboradora de Amnistía Internacional,
Institutu gutxik esan dezakete ez dutela gatazka handirik ikasgeletan. Horietako bat da Madrilgo San Blas auzoko Las Musas institutua, elkarbizitza hobetzeko eta arazo txikiak larriagotzea ekiditeko asmoz duela bederatzi urte martxan jarritako ikasle bitartekarien programari esker. Programa horrek eskola-jazarpeneko kasu izan litezkeen egoerak geldiarazten ditu, elkarrizketa, entzutea eta enpatia sustatuta.

Ikasturte bakoitzean 35 ikasle bitartekari izaten dira, batez beste; ikaskideek aukeratzen dituzte, eta ikastetxeko arazoak aztertzeaz eta inplikatutako aldeekin bitartekaritza egiteaz arduratzen dira.

Bi aldeen bertsioa ongi ezagutu ostean, haiekin hitz egiten dugu, beti objektibotasunez. Biltzeko data bat zehazten da, eta irtenbide bat aurkitzen laguntzen diegu. Ezin ditugu behartu baldintza batzuk onartzera; beren kabuz erabaki behar dute”

DBH4ko bitartekari den Daniel Doleschalek.

Adriana Lucasek azpimarratu du hirugarrenengana edo ikasketaburuarengana ez jotzen saiatzen direla beti; kasu larrietan bakarrik egiten dute hori, hala nola eraso bat izanez gero. “Gatazka bat badago, zure adineko norbaitek hobeto ulertzen zaitu, eta errazagoa da modu baketsuan konpontzea, hitz eginez eta zigortu gabe”, aipatu du.

Programako bi ikasle bitartekari. ©Vega del Val

Bederatzi irakaslek ere parte hartzen dute programan. Sustatzailea Marta González da, ikasketaburua, eta aitortzen du bitartekaritza oso garrantzitsua dela ikastetxeko elkarbizitza hobetzeko. Haren hitzetan, gatazkak prebenitzeaz gain, hezkuntza-komunitateko kide guztiek elkarrekin hitz egiteko bide hobeak lortu nahi dira. “Hau da, ikasleek konfiantza izan dezatela gertatzen zaiena kontatzeko”.

Ezer larririk ez gertatzea lortzen dugu. Erasoak, irainak eta abar eragoztea. Ez dugu zertan denok ongi moldatu, baina harreman txar bat badago, ez okertzen saiatu behar dugu. Norbait gogoko ez baduzu, ez da beharrezkoa harekin harremana izatea, baina ezta hura zirikatzea ere”

DBH4ko bitartekari den Laura Espadasek

Ikastetxeko Orientazio Departamentutik, María Jesús Jiménezek positiboki baloratzen du programa. Modu boluntarioan gauzatzeak are balio handigoa ematen dio duen funtzionamenduari. “Ez dago hainbeste gatazka, sortu aurretik konpontzen direlako. Esku hartzeko moduko egoera bat hauteman orduko, ikasle bat gaizki pasatzen ari bada, esate baterako, berehala jotzen dute ikasle bitartekariengana, gertatzen dena kontatzeko”.

 

Bide horretan, funtsezkoa da ikasgelan zer gertatzen den behatzea. DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak arduratzen dira horretaz. ‘Ikasle laguntzaileak’ dira: izan ere, laguntza ematen diete 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasle ‘bitartekariei’; azken horiek bitartekotza-prozesu bat gauzatzeko trebatuta eta gaituta daude. 

Norbait zirikatzen ari direla kontatzen baduzu, ez zara kontakatilua. Laguntzen ari zara, egoera ez dadin larriagotu norbait zauritzen dutelako. Badaukazu gaitasuna hori geldiarazteko, eta eztabaida bat baino izan ez dadin lortzeko”, azaldu du Pablo Arroyok, DBH2ko bitartekari batek. 

Bitartekaritza-programako irakasle koordinatzaileak. ©Vega del Val

Ikasgeletatik haratago, adi aztertzen dute sare sozialetan gertatzen dena; izan ere, aitortzen dutenez, ez dira lagungarriak eskola-jazarpeneko kasuak prebenitzeko. “Pertsona bati zerbait idatz diezaiokegu, eta ez dagoenez aurrean, ez gara ohartzen min eman diezaiokegula”, aipatu digu Martina Garcíak. “Beste pertsona batzuei buruzko balio-iritziak adierazten ditugu etengabe, eta garrantzitsua da birritan pentsatzea, askotan hausnartu gabe esaten baititugu gauzak”, erantsi du Laurak.

 

Zibermentoreak programaren bidez, Las Musas institutuak ikasleek sare sozialak modu egokian erabiltzea lortu nahi du, plataforma horiek hirugarrenei arazoak sortu gabe erabiltzen ikastea, baita ziberjazarpena saihestea ere.

Ezin gara mundu guztiaren mugikorrean egon, jakina, baina institutuko jendea inplikatuta dagoen kanpo-gatazka baten berri ematen badigute, konpontzen lagundu dezakegu. Guk ez dugu gatazka konpontzen; elkarrizketa sustatzen dugu, haien artean adostu dezaten irtenbidea”

DBH4ko bitartekari den Adriana

Berak eta gainerako ikasle bitartekariek arazo txikiak konpontzen dituzte, edo gatazkak prebenitzen, eta, horrez gainera, harrera egiten diete ikasle berriei, lehen eskola-egunean haiekin egonez, eta norbait bakarrik edo triste dabilen hautematen dute. Ildo horretan, Blanca Lópezek azaldu digu seguruago sentitzen dela bitartekaritza-talde bat dagoela jakinik. “Bakarrik dauden ikasleak erosoago sentitzen dira, badakitelako badutela nork lagundu edo norengana jo arazoren bat izanez gero”, erantsi du Carla Pablosek.

Adrianak dioenez, “norbaitek institutuan dagoen bitartean bitartekotzara inoiz jotzen ez badu ere, badaki aukera hori duela bere arazoez hitz egiteko”. Hitz egin ahal izateak, babesa ematen duen talde bat edukitzeak eta arazoak prebenitzeak, hain zuzen ere, eskola-jazarpenik gabeko espazio seguru bihurtzen dute institutua. Prozesu horren protagonista bilakatuta, ikasleak balioetan oinarrituta heziko dira, eta herritar enpatikoak eta konprometituak izatera iritsiko dira.