Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
1967ko ekainaren 12an, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Richard eta Mildred Lovingek senar-emazte izateko eskubide osoa zutela,...

1967ko ekainaren 12an, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Richard eta Mildred Lovingek senar-emazte izateko eskubide osoa zutela, Richard zuria eta Mildred beltza baziren ere. © Flora Westbrook via Pexels

Blog

Loving vs. Virginia: Auzitegi Gorenak maitasuna despenalizatu zuen

Juan Ignacio Cortés (@JuanICortes), Amnesty Internationaleko kolaboratzailea,

1967ko ekainaren 12an, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak erabaki zuen  Richard eta Mildred Lovingek eskubide osoa zutela senar-emazte izateko, Richard zuria eta Mildred beltza baziren ere. Eta adierazi zuen Virginiako estatuak ezin zituela horregatik espetxeratu. Epai hark ezkontza mistoak legez kanpokotzat jotzen zituzten legeen amaiera ekarri zuen, eta mugarria izan zen afroamerikar biztanleen eskubide zibilen aldeko borrokan

Joan zen mendeko 50eko hamarkadan, Estatu Batuen hegoaldean bizitza ez zen batere erraza afroamerikarrentzat.

Sezesio Gerra amaitu eta Konstituzioari Hamahirugarren Zuzenketa onartu ondoren (1865ean esklabotza behin betiko ezeztatu zuen herrialdean), biztanleria beltzak paper gainean nolabaiteko berdintasun-aldia izan zuen hegoaldeko estatuetan. Baina 1877ko Konpromisoak estatu horien esku utzi zuen biztanleria beltzari ematen zioten tratu legala arautzea, eta horrek Jim Crow legeak sortzea ekarri zuen.

Lege-xedapen horiek Jump Jim Crow ikuskizun komikoari zor zioten izena. Ikuskizun hura 1832an estreinatu zen, eta beltzez margotutako aktore zuri batek barregarri uzten zituen afroamerikarren ohiturak, hizkera eta itxura. Harrezkero, Jim Crow esamoldea erabili zen populazio beltza mespretxuz izendatzeko.

 

Foto de archivo de Mildred Loving y a su marido Richard P. Loving

1965eko urtarrilaren 26ko artxiboko argazkia, non ageri diren Mildred Loving eta haren senarra, Richard P. Loving. © Foto AP

Lege horiek arraza-bereizketarako sistema bat sortu zuten, Hego Afrikako apartheidaren edo 1935ean erregimen naziak juduak diskriminatzeko aldarrikatu zituen Nurenbergeko legeek ezarritako sistemaren berdin-berdina.

Segregazioa justifikatzeko erabili zen lema, "bereizita baina berdinak", ikaragarrizko hipokresia-erakustaldia zen. Jim Crow legeek afroamerikar gehienei hegoaldeko estatuetan bozka-eskubidea baliatzea galarazten zieten xedapenak jasotzen zituzten; izan ere, haientzat ia ezinezkoak ziren baldintza ekonomikoak eta prestakuntzakoak eskatzen zituzten.

Hegoaldeko segregazio-sistemak mestizajearen aurkako legeak ere jasotzen zituen, arraza desberdineko pertsonen arteko ezkontza mistoak debekatzen zituztenak eta, kasu gehienetan, baita arraza desberdineko pertsonen arteko sexu-harremanak ere.

Virginiako Arraza Integritatearen Legea, 1924an onartua, lege-xedapen mota horien adibide argia da. Haren testuak honela zioen: "Legez kanpokoa da pertsona zuri bat zuria ez den inorekin ezkontzea". Eta zuritzat zer hartzen zen argitzen zuen: “kaukasikoa ez den beste inongo odolen arrastorik ez duen" pertsona. 60ko hamarkadaren hasieran, antzeko legeak indarrean zeuden beste 16 estatutan.

Mutil (zuri) batek neska (beltz) bat ezagutzen du

 

Hala eta guztiz ere, hegoaldeko estatuetan baziren askatasun-gotorleku gutxi batzuk, non beltzak eta zuriak nolabaiteko berdintasunean bizi baitziren. Virginiako Central Point herri txikia haietako bat zen. Han bizi ziren Mildred Jeter, zuhaitz genealogikoan arbaso indiarrak, portugaldarrak eta beltzak zituen neska bat, eta Richard Loving, mutil zuri bat. Mildredek eta Richardek institutuan ezagutu zuten elkar, eta maitemindu egin ziren.

1958an, 18 urteak bete berriak zituela, Mildred haurdun geratu zen, eta horrek ezkontzera bultzatu zuen bikotea. Virginian ezkontzerik ez zutenez, autoz egin zituzten Washingtonerainoko (herrialdeko hiriburua) 128 kilometroak, ezkontzeko. Zeremoniaren ondoren, Central Pointera itzuli ziren, inork enbarazu egingo ez zielakoan.

Oker zeuden. Ezkondu eta gutxira, polizia etxean sartu zitzaien, eta elkarrekin lotan aurkitu zituen. Mildred egoera justifikatzen saiatu zen, ezkontza-ziurtagiria erakutsiz, baina agenteek esan zieten agiri hark ez zuela baliorik estatu hartan, eta atxilotu egin zituzten.

1959ko urtarrilaren 6an, urtebetera kondenatu zituzten Mildred eta Richard. Epaiaren betearazpena eten egingo zen, baldin eta Virginiatik alde egiten bazuten eta hurrengo 25 urteetan ez bazuten bertara elkarrekin bidaiatzen. Bikotea ondoko barrutira lekualdatu zen, Columbiara, eta hurrengo bost urteetan zintzo bete zuten emandako hitza.

 

Linda Brown Smith no fue admitida en una escuela pública cuando tenía 9 años por ser negra

Artxiboko argazkia: Linda Brown Smith, zutik Summer Eskolaren aurrealdean (Topeka, Kansas). 1951n, eskola publikoak ez zuen bederatzi urteko Brown gaztea onartu, beltza zelako, eta horrek berekin ekarri zuen Brown vs. Board of Education kasua. © AP Photo, Artxiboa

Garaiak aldatzen ari ziren: Linda Brown, Rosa Parks eta Martin Luther King

Baina garaiak aldatzen ari ziren. Mundu osoan, eta baita Estatu Batuetako hegoaldean ere. Biztanleria afroamerikarra, Bigarren Mundu Gerrako borroka-eremuetan bere odola zurienarekin nahasi zuena ordurako, nazkatuta zegoen segregazioaz, eta altxatzen hasi zen.

1954an, Linda Brown soilik ikasle zuriak zeuzkan eskola batean onartu zuten lehen aldiz. 1955ean, Rosa Parksek uko egin zion Montgomeryko (Alabamako hiriburua) autobus batean eserlekua gizon zuri bati lagatzeari, eta atxilotu egin zuten. Gertakari hark beltzek hiriko autobusen aurkako boikota egitea eragin zuen; boikotak urtebete baino gehiago iraun zuen, eta garraio-enpresa erortzear egon zen.

Mobilizazio hark ospetsu bihurtu zuen Martin Luther King izeneko artzain protestante beltz gazte ezezaguna. Zortzi urte geroago, 1963ko abuztuaren 28an, King karismatikoak herrialdeko hainbat tokitatik etorritako dozenaka mila pertsona bildu zituen Washingtonen.

Manifestariek historiako esaldirik ezagunenetako batzuk entzun zituzten Kingen ahotik: "Amets bat dut: egun batean nazio hau goratu egingo da, eta bere kredoaren benetako esanahia biziko du: gizaki guztiak berdinak dira sortzez”.

John F. Kennedy presidentearen Administrazioak Washingtonen izan zen martxari erantzun zion, eta Eskubide Zibilen Legea prestatu zuen, segregazioarekin amaitzeko —paperean behintzat—. Kennedy Dallasen hil bazuten ere, legea 1964ko uztailaren 2an onartu zen.

Martin Luther King da un discurso en Atlanta

1960ko artxiboko argazki  honetan, Martin Luther King Jr. hizketan ageri da Atlantan. © AP, artxiboko argazkia.

Arraza Integritatearen Legea konstituzioaren aurkakotzat jo zuten: ezkontzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat da

Urte horretan bertan, Lovingtarrak matxinatu egin ziren, ezin zirelako Virginiara elkarrekin joan senideak bisitatzera. Mildredek protesta-gutun bat idatzi zion Robert Kennedy fiskal nagusiari, eta hark Askatasun Zibilen Ameriketako Batasunarekin (ACLU) harremanetan jarri zituen senar-emazteak.

ACLUko abokatuek Virginiako Arraza Integritatearen Legea urratu izanagatik 1959an Lovingtarrak errudun deklaratu zituen epaiaren kontrako apelazio-prozesu astun bati ekin zioten. Virginiako epaitegiek ezezkoa eman zioten apelazioari, Leon Bazile epailearena bezalako argudio arrazistak erabiliz: "Jainko Ahalguztidunak arrazak sortu zituen, eta kontinente bereizietan kokatu zituen, eta horrek frogatzen du ez zuela nahi arrazak nahasterik".

Azkenik, Auzitegi Gorenak 1966ko abenduan onartu zuen kasua, eta, 1967ko ekainaren 12an, bederatzi epaileek aho batez erabaki zuten Loving senar-emazteei arrazoia ematea; konstituzioaren aurkakotzat deklaratu zituzten 1959ko epaia eta Virginiako Arraza Integritatearen Legea. Auzitegi gorenaren arabera, ezkontza-askatasuna funtsezko eskubidea zen, eta ezin zitzaion inori eskubide hori kendu, arrazaren moduko irizpide arbitrario baten arabera.

Gorenaren epaiak Arraza Integritatearen Legea eta antzekoak Konstituzioaren aurkakoak zirela esan bazuen ere, kasu askotan estatuen lege-kodeetan agertzen jarraitu zuten, baina ondorio praktikorik gabe. 2000. urtean ezabatu ziren errotik, Alabamak mestizajearen aurkako legedia formalki indargabetu zuenean.

El Tribunal supremo despenaliza los matrimonios interraciales en Estados Unidos

Virginiako gobernadorea, Terry McAuliffe, eskuinean ageri da, markatzaile historiko bati begira, Dorothy emaztearekin (erdian) eta Richmondeko alkate Levar Stoneyrekin (ezkerrean). Markatzaile hori Estatu Batuetako Gorte Gorenaren erabakiaren 50. urteurrenean inauguratu zen, hau da, arraza desberdineko pertsonen arteko ezkontzen debekua ezeztatzeko erabakiaren 50. urteurrenean. © AP Photo/Steve Helber


Loving vs. Virginia kasuaren epaiaren ostean, arraza desberdineko pertsonen arteko ezkontzak ugaritu egin ziren Estatu Batuetan: 1960an ezkontza guztien %0,4 ziren, eta 2015ean, ordea, %16. Era berean, 2015. urtean Auzitegi Gorena sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak mugatzearen aurka agertu izana justifikatu zuten legezko oinarrietako bat izan zen.

2007ko ekainean, epaiaren 40. urteurrenean, Mildredek hau esan zuen: "Egunero pentsatzen dut zer esan nahi izan zuen niretzat maite nuen pertsonarekin ezkontzeko askatasuna izateak, beste batzuen ustez nirekin ezkontzeko egokia ez bazen ere. Nire ustez, estatubatuar guztiek ezkontzeko askatasun bera izan beharko lukete, beren arraza edo sexu-orientazioa edozein dela ere".

Partidaren amaierara iritsi gara. Baina ezin dugu esan gabe utzi Loving vs. Virginia kasuaren historiak justizia poetikoko osagai bikaina duela: “maiteminduta” (Loving) abizeneko bikote batek arraza desberdinen arteko ezkontzak debekatzen zituzten lege estatubatuarrak garaitu zituen.