Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons

Nola jarri martxan eskola-talde bat?

  • Ikasgelan giza eskubideei buruzko jardueraren bat egin edo eskola-talde bat sortu nahi baduzu, jarri harremanetan zure herritik hurbilen dagoen Amnesty Internationaleko taldearekin.
  • Nabarmendu zure ekintzaren hezkuntza-balioak. Aurkeztu zure ideiak eta proposamenak modu konstruktiboan: helburua ez da ikastetxean zatiketa bat sortzea, baizik eta gizarte-gai garrantzitsu bati buruzko eztabaida edo hezkuntza-ekintza bat sustatzea.
    Aurkitu aliatuak. Irakasle, guraso eta ikasleengana jo dezakezu, zailtasunen bat izanez gero lagun diezazuten. Laguntza behar baduzu, jarri gurekin harremanetan: equipo.educacion@es.amnesty.org.
  • Erabili diplomazia. Ate gehiago irekiko zaizkizu, eta aukera gehiago aurkituko dituzu. Gogoratu batzuetan mezua bera baino garrantzitsuagoa izaten dela hura nola igortzen dugun. Errespetuz eta modu egokian hitz egin zure ekimenari buruz ikastetxeko arduradunekin.

Zer da eskola-talde bat? Lehenengo urratsak

Zu eta zure ikastetxeko beste pertsona batzuk kezkatuta zaudete giza eskubideen urraketengatik eta Amnesty Internationaleko eskola-talde bat sortzea erabaki duzue? Bejondeizuela!

Gazteak giza eskubideen aldeko mugimenduen buru izan dira historikoki. Amnesty Internationalen parte izatea justizia sozialaren aldeko mugimenduarekin bat egiteko, gai globalei buruz gehiago ikasteko eta giza eskubideetan hezteko modu bat da. Oro har, gazte-talde berrietan badira aurreko urteetatik esperientzia duten ikastetxeko pertsonak, eta taldea operatiboa izan dadin beharrezko ezagutzak izan ditzakete. Baina zuenean ez bada horrelakorik, ez etsi!

Eskola-taldeak Bigarren Hezkuntzako ikasleez osatuta daude, eta ezaugarri hauek dituzte:

  • Erregulartasunez biltzen dira (astean behin edo bi astean behin), eskola-orduetatik kanpo edo jolasgaraian.
    Ikasle batek, irakasle batek edo guraso batek koordinatu ditzake (helburua da ikasleek bideratzea taldea, baina heldu batek asko erraz dezake haren lana, ezinbestekoa izan gabe).
    Giza eskubideekin lotutako gai bat aukeratzen dute, sakon lantzeko eta horren gainean trebatzeko.
    Amnesty Internationalek proposatzen dizkien mobilizazio-ekintzekin bat egiten dute. Horrek hiltzera kondenatutako pertsona bat askatzeko sinadurak biltzea ekar dezake, edo gure gobernuei errefuxiatuen giza eskubideak errespetatzeko eskatzea.

Taldeak giza eskubideei buruz zer dakien aztertu beharko du, ezagutza horiek areagotzeko eta aldaketa sustatuko duten ekintza bilakatzeko. Eta, betiere, Amnesty Internationalek aukeratutako gaiari buruz dituen kezkak kontuan hartuta.

Ekintza bat gauzatzeko arrakasta taldearen eraginkortasunak, bilerek eta partaidetza-mailak baldintzatuko dute.

Interesa duzuenak bildu ostean, komeni da hiru urrats hauek egitea:

  • Jarri harremanetan Eskola Sarearekin, redescuelas@es.amnesty.org, helbidera idatzita, eta jakinarazi gazte-talde bat martxan jarri nahi duzuela. ERNE! Urrats hau oso garrantzitsua da. Egiten ez baduzue, ez dugu jakingo taldea osatu duzuela, eta ezin izango dizkizuegu bidali ez proposamenak, ez informazioa.
    Hitz egin zuzendaritzarekin, baimena eman dezan ikastetxeko instalazioetan Amnesty Internationalen jarduerak egiteko.
    Eskatu adingabeen guraso edo tutoreen baimen sinatua. Webgunean eskuragarri dago eredu bat.

Nola lortu pertsona gehiago sartzea taldean?

1. Hitz egin beste ikaskide batzuekin, eta osatu sare bat:

  • Jolasgaraian, bazkalorduan, eskolen aurretik edo ondoren… hitz egin modu informalean hurbileko pertsonekin.
    Hitz egin ikasle-talde txikiekin: agertu interesa haien iritziekiko, eta entzun arretaz mundu guztiaren ideiak.
    Benetan interesatuta dauden pertsonak ezagutzean, inplika itzazu, haiek ere beste batzuekin hitz egin dezaten. Era horretara, ezagutzen ez dituzun pertsona edo taldeengana iristeko aukera izango dugu. 
    Identifikatu talderako garrantzitsuak izan daitezkeen pertsonak, beharrezkotzat jotzen dituzun abilezia jakin batzuk dituztenak edo gauzatu nahi dituzuen jardueretarako onuragarriak izan daitezkeenak.
    Galdetu lagunei eta ikaskideei ea ezagutzen duten taldeko kide izan nahi duen norbait.
    Harreman-sareak oso tresna eraginkorrak dira, jendeak hobeto erantzuten baitie elkarrekintza zuzenei, pertsonalei.
    Era berean, Amnesty Internationalen Espainiako Atalaren bideo-kanala kontsultatu dezakezu, eta gustuko bideoren bat aukeratu, zabaltzeko.
    Eraman mobilizazio-ekitaldiak herriko beste ikastetxe batzuetara: aprobetxatu kirol-, kultura- eta arte-topaketak, eta eman ezagutzera Amnesty Internationalen lana, jende gehiagok parte har dezan.
    Material lagungarri gisa, webgunean kontsulta dezakezu:
  1. Zenbait herrialdetan giza eskubideen alde egiten duten lana.
    Lantzen diren gaiak.
    Kanpainak.
    Eta oso garrantzitsua den zerbait: kasu arrakastatsuak!

2. Hitz egin beste talde batzuekin

  • Egin bilerak ezagutzen dituzun beste talde batzuekin edo ikastetxeko beste kolektibo batzuekin, eskola-kontseiluarekin, geletako ordezkariekin edo guraso-elkartearekin, besteak beste.
    Planteatu saio informal bat. Ahalegina eta denbora behar dira, baina aldi berean jende askorengana heltzeko modu eraginkorra da. Alternatiba gisa, ikastetxeko iragarki-taulan iragarki bat zintzilikatzeko baimena eska dezakezu.
    Galdetu tutoreari ea eskolaren amaieran 5-10 minutu utz diezazkizukeen ikaskideak taldean sartzera gonbidatzeko. Hori da jendea animatzeko modu eraginkorrenetako bat.

Nola aprobetxatu eskolaren amaierako 10-15 minutuak?

  • Erabili lehenengo minutua zeure burua aurkezteko: esan nola duzun izena eta zeri buruz hitz egingo duzun.
    Jarraian, ikasgelan ikus-entzunezko bitartekoak erabil baditzakezu, bideo hau proiektatzea gomendatzen dizugu:
  1. Los y las líderes mundiales tienen miedo
    El poder de tu voz  (hau denbora izanez gero bakarrik
  • Ikaskideek bideoa ikusten duten bitartean, baliabide osagarrien atalean erabilgarri duzun laguntza-fitxa banatu dezakezu. Bertan azalduta dago zer den Amnesty International, eta zati ebakigarri bat ere badu, interesatuta daudenek harremanetarako datuak eta taldean parte hartzeko arrazoiak idatz ditzaten.
    Azaldu labur-labur zer den Amnesty International eta zer den eskola-talde bat. Horretarako, “Zer da Amnesty International eta zer lan egiten du?” eta “Nola jarri martxan Amnesty Internationaleko eskola-talde bat?” ataletako edukiak erabil ditzakezu. 
    Ez ahaztu zure helburua! Interesa piztu nahi duzu aurrean dituzun pertsonengan, eskola-ordu luzez ondoan izaten dituzunengan edo korridoreetan ikusten dituzunengan. Animatu jendea hurrengo bileran parte hartzera.

3. Sortu kartel bat, talde berri bat iragartzeko

  • Pentsatu zer mezu igorri nahi duzu, zerbait sinplea.
    Txertatu oinarrizko informazioa eta erakargarria (bilerak noiz eta non egiten diren…).
    Animatu jendea taldean sartzera. Adierazi beti harremanetarako izen bat eta telefono bat, eta iradoki nola sar daitezkeen taldean.

4. Egin jarraipena

  • Egin interesa agertu duten pertsona guztien jarraipena. Jaso zerrenda batean haien datuak, eta idatzi eskola-taldean lantzeko modukoak iruditzen zaizkizun gaiekin agertu dituzten interesak, motibazioak, abileziak edo kezkak. Erabili baliabide osagarrien ataleko fitxa, eta hitz egin horri buruz lehenengo bileran.
    Jarri berehala kontaktuan taldekide berri posibleekin: erantzun haien eskaerei 24-48 orduko epean. Informazio gehiago behar badute, ezin hobea litzateke denbora-tarte horretan ematea. Ezinezkoa izango dela ikusten baduzu, jarri haiekin harremanetan, argi uzteko ez zaizula ahaztu haien interesa edo eskaera.
    Bileretara lehen aldiz joaten diren adingabeen kasuan, gogoratu gurasoek sinatzeko baimena eman behar diezula, ezinbestekoa baita eskola-taldean parte hartu ahal izateko. Baliabide osagarrien atalean dago.
    Egin jarraipena telefonoz edo WhatsApp bidez. Ez bidali jendeari mezu elektroniko asko (posta elektronikoa tresna ona da jada aktibo dauden pertsonekin komunikatzeko, baina ez du tratu pertsonala ordezkatzen).
    Gogoratu jende gehienak harreman zuzenen bidez parte hartzen duela ekintzetan.

Nola lortu ikastetxearen inplikazioa eta espazioa?

1. Hitz egin ikastetxeko zuzendaritzarekin

  • Adostu bilera bat zuzendaritza-taldearekin, Eskola Sarea zer den eta bertan zer lan egiten den azaltzeko. Kontsultatu webgunea aldez aurretik, eta erabili kit honetako materialak, bilera prestatzeko.
    Bileran, azpimarratu zer-nolako garrantzia duen giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzak, eta azaldu interesatuta eta motibatuta zaudela ikasleekin ildo horretan lan egiteko. Amnesty Internationalek proposatutako tailerrak edozein irakasgaitan aplika daitezkeen arren, bereziki interesgarria da Erlijioaren alternatibetan eta tutoretzetan aplikatzea.
    Landu nahi duzun gai bati buruz ondo informatuta zaudela erakuts badezakezu, zure arrakasta-aukerak areagotu egingo dira. Ez da ezer gertatzen ikastetxeko zuzendaritzarekin edo administrazioarekin desadostasunak izateagatik (ziurtatu beti errespetua dela oinarri). Hartu denbora pixka bat aurkeztuko duzun informazioa idazteko, eta azaldu bertan nola landuko duzun hezkuntza-komunitateari onurak ekarriko dizkion gaia. Giza eskubideek mundu guztiarengan dute eragina!

2. Bilatu bilerak egiteko leku bat!

  • Bilerak erregularki egingo badituzue, egokiena horretarako leku egonkor bat edukitzea da, bertan utzi ahal izateko materialak, liburuxkak, etab. Hitz egin laguntzen ari zaizuen irakaslearekin, aukerak azter ditzan, edo galdetu zuzenean ikastetxeko ikasketaburuari edo zuzendariari. Adierazi gogoberotasuna, giza eskubideak babesteko leku bat eskatzen ari zara-eta!
    Ez badago espazio erabilgarririk, saiatu eskolen ondoren edo jolasgaraian elkartzeko leku bat aurkitzen. Kafetegia? Jolastokia? Ikastetxearen ohiko dinamikari enbarazu egiten ez badiozue eta bertan eroso bazaudete, edozein leku da aproposa zuen ekintzak prestatzeko.