2023ko azaroaren 20an 34 urte beteko dira Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zenetik. Hala ere, oraindik asko geratzen zaigu bertan jasota dauden eskubideak bermatu ahal izateko. Neskek eta mutilek jasan ditzaketen eskubide-urraketa larrienak gatazka armatuen testuinguruan gertatzen dira.
Egoera bereziki ahulean dauden subjektuak diren heinean, haurrak dira gatazka armatuetan gehien sufritzen duten taldeetako bat, eta, horregatik, estatuen eta nazioartearen betebeharra da haiei babes berezia ematea. 1924ko Haurren Eskubideei buruzko Genevako Adierazpenean honako hauek adierazi ziren: “gizateriak eman dakiekeen onena eman behar die haurrei” eta “hondamen-kasuetan haurrek izan behar dute laguntza jasotzen lehenak”.
Halaber, haurren eta haien komunitateen segurtasuna zaintzen duten eta gerraren osteko susperraldian laguntzen duten legeak eta arauak daude. Nazioarteko tresnek haurrek toki seguru eta baketsuan bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dute.
Premisa horrekin, estatuek oso esparru juridiko konplexua eratu dute, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea, nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta nazioarteko zigor-zuzenbidea kontuan hartuta, haurrei babes berezia emateko estatuko eta estatuz kanpoko agenteen jardunari begira.
Haur bat ama besarkatzen, Ukraina eta Bielorrusia arteko mugatik itzuli ostean. Kiev, 2023ko apirilaren 8a. © REUTERS/Valentyn Ogirenko
Zergatik dira haurrak talde bereziki zaurgarria gatazka armatuetan?
Haurrak dira gerren ondorioak gehien jasaten dituztenak. Sarritan, halabeharrez ihes egin behar izaten dute beren etxeetatik, izugarrikeriak ikusi behar izaten dituzte edo gerra-krimenak gauzatu behar izaten dituzte.
“Gerra arautzen duten” arau batzuk egon arren (bai giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen bidez, bai nazioarteko zuzenbide humanitarioaren bidez), oso ohikoa da estatuek araudi hori ez aintzat hartzea, eta horrek eragin izugarria du haurrengan, normalean ikusezinak izaten baitira gatazka horietan.
Zer laguntza espezifiko behar dute haurrek gatazka armatuetan?
Haurrek gatazka armatuen testuinguruan behar duten laguntza haien egoera zehatzaz egiten den balorazioaren araberakoa da. Oinarrizko premia batzuk helduek dituzten berberak dira (elikagaiak, ura, aterpea, osasun-arreta), eta beste batzuk, aldiz, espezifikoagoak dira, adina tarteko (adibidez, haurrentzako artikuluak, pediatriako mediku-arreta, hezkuntza-materiala, etab.).
Zer araudik arautzen du haurren babes juridiko berezia gatazka armatuetan?
Haurren babes bereziak bi alderdi ditu. Alde batetik, giza eskubideen nazioarteko sisteman, haurren eskubideak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jaso eta babesten dira, eta, bereziki, haurrek gatazka armatuetan parte hartzeari buruzko eskumen-protokoloan.
Bestalde, nazioarteko zuzenbide humanitarioak neskek eta mutilek merezi duten babes berezia ere ezartzen du, eta estatuak behartzen ditu horretara. Hala, 1949ko Genevako Konbentzioek (lau dira) eta 1977ko protokolo osagarriek babes espezifikoa ematen diete haurrei gatazka armatuetan, eta, hortaz, haurrek babes bikoitza dute: pertsona zibil gisa edo liskarretan parte hartzen ez duten edo parte hartzeari utzi dioten pertsona gisa ematen zaien babes orokorra, eta haur gisa duten babes espezifikoa. Genevako Konbentzioetako eta haren protokolo osagarrietako 25 artikulu baino gehiago haurrei buruzkoak dira, eta alderdi hauei buruzko arauak biltzen dituzte: heriotza-zigorra, elikagaien eta osasun-arretaren eskuragarritasuna, gatazka-eremuetako hezkuntza, atxiloketak, senideengandiko bereizketa eta haurren partaidetza liskarretan.
Zenbait mediku Yaroslav 13 urteko gaztea erreskatatzen, Errusiaren eraso militar batean Khersonetik gertu zauritu ostean. Ukraina,2023ko urtarrilaren 1a. © REUTERS/Oleksandr Ratushniak
Zer eskubide-urraketa jasaten dituzte haurrek gatazka armatuetan?
Nazio Batuen Erakundeak haurrek gerra-garaitan jasaten dituzten sei eskubide-urraketa larri zehaztu zituen:
- Haurrak hil eta mutilatzea
- Haurrak errekrutatzea edo soldadu gisa erabiltzea
- Haurren aurkako sexu-indarkeria
- Haurren bahiketa
- Eskola eta ospitaleen aurkako erasoak
- Haurrentzako laguntza humanitarioa ukatzea
Eskubide-urraketa larriek eragin berbera dute mutilengan eta neskengan?
Ez. Urraketa larriek ez dute eragin berbera mutilengan eta neskengan.
NBEk salatutako kasuen arabera, errekrutatutako adingabeen % 85 mutilak ziren. Ostera, sexu-indarkeriazko ekintzen % 98 neskatoen aurka egin ziren. Bahiketari, sarraskiari eta mutilazioari dagokienez, ekintza horiek eragin handiagoa izan zuten mutilengan neskengan baino (% 76 eta % 70, hurrenez hurren).
Haur soldadu ohi batek arma bat darama haur soldaduak askatzeko zeremonia batean. Yambio kanpoaldea, Hego Sudan, 2018ko abuztuaren 7a. © REUTERS/Andreea Campeanu
Errekruta daitezke haurrak gatazka armatuetan parte hartzeko?
Genevako Konbentzioaren eta Nazioarteko Zigor Gortearen Erromako Estatutuaren arabera, gatazketan 15 urtetik beherakoak errekrutatzea edo erabiltzea gerra-krimena da.
Hala ere, azken 16 urteetan, NBEk haurren aurkako 266.000 urraketa larri egiaztatu ditu Afrikako, Asiako, Ekialde Ertaineko eta Latinoamerikako 30 gatazka-testuinguru baino gehiagotan. UNICEFek argitaratutako datuen arabera, horien artean daude hildako eta mutilatutako 104.100 haur, 93.000 haur errekrutatu, 25.700 haur bahitu eta sexu-indarkeriaren 14.200 biktima.
Zergatik bahitzen eta errekrutatzen dituzte talde armatuek haurrak soldadu gisa, pertsona helduak hartu beharrean?
Obedienteagoak eta manipulagarriagoak direlako errekrutatzen dituzte haurrak. Ez dituzte aginduak zalantzan jartzen, eta ez dute egoera horretatik ateratzeko baliabiderik.
Gainera, merkeagoak dira, haurrak gatazketarako errekrutatu, entrenatu eta prestatzeko behar diren inbertsioak helduenak baino merkeagoak baitira. Bestalde, kasu gehienetan terrorista suizida gisa erabiltzen dituzte, atentzioa emateko probabilitate txikiagoa dutelako.
Soldadu bat ume bati apuntatzen eta tiro egiten laguntzen ari zaio, armadaren errekrutatze-ekitaldi batean. Taipei, Taiwan, 2023ko uztailaren 1a. © REUTERS/Ann Wang
Hezkuntzarako eskubidea bertan behera gera daiteke gatazka armatuetan edo bestelako larrialdi egoeretan?
Ez, hezkuntza-eskubidea ez da bertan behera geratzen gatazken ondorioz. Gatazka-egoeretan eta gatazka baten ondorengo aldian, hezkuntza funtsezkoa da haurren premiak asetzeko eta haien eskubideak errespetatzeko, bai prebentzioari dagokionez, bai errehabilitazioari dagokionez.
Haurren hezkuntza-eskubidea gatazka armatuetan gai oso garrantzitsua da. Gatazka armatuetan, hezkuntza ez da beste eskubide batzuk bezain garrantzizkotzat jotzen, eta askotan alde batera uzten da. Baina egoera horietan hezkuntza funtsezkoa da haur guztientzat, ikasteko eskubidea baino askoz gehiago ematen baitie. Oso garrantzitsua da haien ongizate fisiko eta psikologikorako.
Larrialdi-egoeretako hezkuntza funtsezko erantzuna da biziak salbatzeko, eta lehentasunezkotzat jo behar da. Gatazka armatuetan edo arrisku naturalek edo pandemiek eragindako hondamendietan erabiltzen da. Egoera horiek haurren zaintza, arreta eta hezkuntzarako zentroak suntsitzen dituzte epe laburrean, eta, ondorioz, hezkuntzarako eskubidea eten, ezeztatu eta oztopatzen dute. Herrialde askotan daudenez gatazka armatuak, adingabe ugari daude eskolarik gabe.
Gatazka armatuek eragin psikologiko larria dute haurrengan, arrazoi askorengatik, hala nola gerrako estresa jasaten dutelako, gurasoak edo gertuko ahaideak hiltzen direlako edo familiengandik bereizi behar izaten dutelako. Hezkuntzak nabarmen arindu dezake traumen eta desplazamenduen eragin psikosoziala.
Neska bat parke batean jolasean. Sanaa, Yemen, 2023ko apirilaren 4a. © REUTERS/Khaled Abdullah
Zer betebehar dituzte estatuek gatazka armatuko egoeran dauden haurrekiko?
Nazioarteko zuzenbideak eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak ezartzen dutenaren arabera, estatuek hainbat betebehar dituzte haurrekiko gatazka armatuetan. Horien artean daude honako hauek:
Haurren babes orokorra. Gatazka armatuko egoeran, haurrek, pertsona zibilak direnez, tratu humanoa jasotzeko eskubidea dute. Horrek barne hartzen du bizitzarekiko eta integritate fisiko eta moralarekiko errespetua.
Haurren babes berezia. Haurrek beren beharretara egokitutako babes berezia jasotzeko eskubidea dute. “Haurrek babes berezia jasoko dute, eta lotsaren aurkako eraso orotatik babestuko dira” (I. protokoloa, 77. art.) eta “behar dituzten zaintzak eta laguntza” emango zaizkie (II. protokoloa, 4. art.).
Haurrak errekrutatzea. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren eskumen-protokoloak debekatu egiten du 15 urtetik beherako haurrak errekrutatzea edo gatazketan aktiboki parte hartzeko erabiltzea.
Errehabilitazioa eta birgizarteratzea. Estatuek, protokolo hau aplikatzeko, nazioarteko lankidetza indartu behar dute, baita gatazka armatuen biktima diren haurren errehabilitazio fisiko eta psikosozialerako eta birgizarteratzeko jarduerak ere.
Protokoloari buruzko hezkuntza. Komunitateek eta bereziki haurrek eta biktimek protokoloaren aplikazioarekin lotutako informazio- eta hezkuntza-programen hedapenean parte hartzea sustatzen da.
Garrantzitsua da nabarmentzea gatazkako alde guztien betebeharra dela haurrak babestea eta gerra-garaian egiten diren eskubide-urraketa larriak desagerraraztea.
