Amnesty Internationalen txosten berria, “Izaki gizapetiko bagina bezala da”: Israelen genozidioa Gazako palestinarren aurka" ez zatekeen posible izango ikerketa hau egin duten profesionalen talde oso baten lanik eta entregarik gabe, kasu askotan egoera pertsonal eta familiarteko gogorrei aurre eginez. Gure eskerrik beroenak, miresmena eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu lan hau testuinguru izugarri zail batean aurrera eraman duten pertsona guztiei, bai eta bizitza arriskatu edo zuzenean galdu duten langile humanitario guztiei ere, palestinarrei gutxieneko duintasuna eta gizatasuna eramateagatik.
Ez dago esateko beste modurik: Israelek genozidioa egin du eta egiten ari da Gazako palestinarren aurka, 2023ko urriaren 7an Hamasek egindako atentatu izugarrien ondoren, bere politika, ekintza eta ez-egiteen bitartez.
Horixe adierazten du Amnesty Internationalen txosten berriak, Genozidioari buruzko Konbentzioan jasotako debekatutako bost ekintzetatik hirutan arreta jarrita: taldeko kideak hiltzea, horien osotasun fisiko edo mentala larriki zauritzea, eta taldea suntsipen fisiko oso edo partzialera daraman existentzia-baldintzetan nahita jartzea. Ekintza horiek Gazako palestinarrak suntsitzeko berariazko asmoarekin egin dira.
Horixe da ezinezko testuinguru batean egindako urtebeteko ikerketaren emaitza, frogak biltzeak, aztertzea, egiaztatzeak eta dokumentatzeak dakartzan ezin konta ahala zailtasunekin eta arrisku pertsonal eta familiartekoekin, landan bertan egindako ikerketak barne, Israelen legez kanpoko erasoen patroia eta asmo genozida, kalkulatua eta berariazkoa erakutsi ahal izateko.

Hondakinak, Israelen eraso baten ondoren. © Omar Ashtawy/apaimages/SIPA/2411291401
1. Gakoa: Zeri buruz ari gara genozidioaz ari garenean?
Genozidioaz ulertzen dena nazioartean kodifikatuta dago funtsezko bi testutan: Genozidioari buruzko Konbentzioa eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren (NZA) Erromako Estatutua. Biak ala biak bat datoz genozidioa honako hau dela esatean: “talde nazional, etniko, arrazial edo erlijioso bat osorik edo zati batean suntsitzeko asmoz” egindako hainbat ekintza. Ekintza horiek guztira bost dira, eta Amnesty Internationalek dokumentatu du Israel lehenengo hirurak egiten ari dela:
- Taldeko kideak hiltzea.
- Taldeko kideen osotasun fisiko edo mentala larriki zauritzea.
- Taldea suntsipen fisiko oso edo partzialera daraman existentzia-baldintzetan nahita jartzea.
- Taldearen barruan jaiotzea eragozteko neurriak.
- Taldeko haurrak indarrez beste talde batera lekualdatzea.
NZAko Erromako Estatutuak nazioarteko krimentzat tipifikatzen ditu “oro har nazioarteko komunitatearen garrantzirako krimen larrienak”. Hau da, egin daitezkeen krimen larrientzat. Horren larriak, ezen nazioarteko komunitate osoari eragiten baitioten, non eta noren aurka egiten diren gorabehera. Lau krimen dira: genozidio-krimena, gizateriaren aurkako krimenak, gerra-krimenak eta eraso-krimenak.
Eraso-krimenak estatu bateko agintariek beste estatu baten osotasunaren, independentziaren edo subiranotasunaren aurka egiten dituztenean gertatzen dira. Horixe ari da gertatzen, adibidez, Ukrainan. Palestinako estatua nazioartean aitortuta ez dagoenez, gaur-gaurkoz ezin da eraso-krimenik egin palestinarren aurka.
“Amnesty Internationalek dokumentatu du nola Israelek gerra-krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta, orain, genozidio-krimena egin dituen palestinar herriaren aurka. Horrek esan nahi du gaur-gaurkoz Israelek palestinarren aurka egin daitezkeen nazioarteko krimen larrienak egin dituela eta egiten ari dela”.
Horrek egia izugarri bat uzten du agerian. Amnesty Internationalek, urteak pasa ahala, dokumentatu du nola Israelek gerra-krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta, orain, genozidio-krimena egin dituen palestinar herriaren aurka. Horrek esan nahi du gaur-gaurkoz Israelek palestinarren aurka egin daitezkeen nazioarteko krimen larrienak egin dituela eta egiten ari dela.

Israeldar soldatu batek keinuak egiten dizkio Palestinako Ilargierdi Gorriaren anbulantzi bati, errefuxiatuen eremu baten sarreran operazio militar batean. © Marco Longari/AFP vía Getty Images
2. Gakoa. Ez da partzialtasun-kontua
Iturri eta ahots ugarik partzialtasuna egozten diote Amnesty Internationali. Israel soilik seinalatzen dugula. Urriaren 7tik bertatik, eta askoz ere lehenagotik, Amnesty Internationalek dokumentatu du Hamasek eta beste talde armatu batzuek gerra-krimenak egin dituztela, eta horien kontuak eman beharko dituztela nazioarteko justiziaren aurrean.
Halaber, komunikabide eta agintari askok antisemitismoa edo “Israelen aurkakoa” izatea leporatzen diete Israelen abusuak salatzen ditugunei”. Giza eskubideen erakunde gisa, Amnesty Internationalen eginkizuna da planeta osoko gobernuek egindako nazioarteko zuzenbidearen urraketak ikertzea, horiek munduak ikusteko moduan jartzea eta urraketa horiek amaitzeko kanpaina egitea, urraketak nork eta non egiten dituen alde batera utzita.
Amnesty Internationali eta beste erakunde eta instituzio batzuei antisemitismoa edo “Israelen aurkakoa” izatea leporatzen dieten ahotsek badirudi alde batera uzten dutela Israel Gazan genozidio-krimena egiten ari dela ondorioztatzen duten mundu osoko gizarte zibileko espezialisten, legelarien, instituzioen eta erakundeen ikerketa eta analisi juridikoen corpus gero eta handiagoa egotea. Israel apartheid-krimena egiten ari dela ondorioztatzen dutenak. Gazaren blokeoa eta Zisjordaniaren okupazio militarra legez kanpokoak direla ondorioztatzen dutenak. Israelek palestinarrak zapalduz hamarkadak daramatzala ondorioztatzen dutenak.
Israelen krimenak salatzen dituzten erakunde horietako asko juduak dira. Ahots horietako asko jatorriz Israelgoak dira. Antisemitak dira berdin-berdin?
Israelek ezin ditu hamarkadak eraman palestinarren aurkako mota desberdinetako nazioarteko krimenak egiten, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren nahitaezko ebazpen ugariei entzungor egin, nazioarteko zuzenbidea sistematikoki urratu (horretan ari dela jakitun izanik), duela gutxi Nazioarteko Justizia Gorteak (NJG) emandako aginduak nahita baztertu, Gazako palestinarraren aurkako bereizi gabeko erasoak egin, bizitzak salba ditzaketen hornidurak etengabe kentzen aritu, laguntza humanitarioaren banaketa oztopatu, Gazako suntsipen-eskalak aurrekaririk ez izan, Gazan urte bakar batean 44.000 palestinar hil, gehienak emakumeak eta haurrak, eta Israelek inolako erantzukizunik ez izan.
Eta ez hori bakarrik; gainera, Israel ustez bere aurka konspiratzen duen nazioarteko ordena juridiko baten biktima sentitzen da. Bere gehiegikerien edozein kritika eta salaketa juduen aurkako antisemitismo- eta gorroto-ariketa bat dela uste du, eta Israel ez dela inolaz ere 1948tik eskualdeko gertakarien bilakaeraren erantzulea. Nola esan daiteke horrelakorik Israelgo agintariei palestinarrei buruz “giza animaliak” balira bezala hitz egiten entzun ondoren? Israelgo Defentsa Ministerioko agintariek Gazako biztanleek “infernua” izango dutela argudiatzen dutenean?
“Israelek blokeo osoa ezarri dio Gazari. Ez duzue ez elektrizitaterik, ez urik izango, suntsipena bakarrik. Infernua nahi duzue: infernua izango duzue”. Ghassan Alian, COGATen zuzendaria (Lurralde Okupatuetako Jarduerak Koordinatzeko Bulegoa, Israelgo Defentsa Ministerioa).
Israelek sistematikoki kendu dio legezkotasuna, zuzenean kriminalizatu ez duenean, bere abusuak salatu dituen edozein erakunde zibil

