2024an, LGBTIQ+ Harrotasunaren aldarrikapenen lema "Hezkuntza, eskubideak eta bakea: harrotasun eraldatzailea” izan zen. Lema hori aukeratzearen helburua izan zen aniztasunean oinarritutako hezkuntza orokorrean ezartzea, LGTBIfobiari aurre egiteko eta Estatuko eta erkidegoetako LGBTI legeak ezartzea aldarrikatzeko tresna gisa. Hori guztia autonomia-erkidego batzuetan gerta daitezkeen atzerakaden aurrean.
Munduko eskualde guztietan, dela LGBTIQ+ pertsonen eskubideen aurkako diskurtsoak izateagatik, dela eskubide horiek de facto murrizten dituzten legeak onartzeagatik, kolektibo horren aurkako presioa handitu da, eta horrek aurre egin behar dioten jazarpena eta indarkeria areagotzea dakar. Pertsona transgeneroak dira kaltetuenak. Halaxe salatu zuen Amnesty Internationalek.
Amnesty Internationalek uste du giza eskubideen arloko hezkuntza funtsezkoa dela eskubideon urraketen azpian dauden arrazoiei heltzeko. Pentsamendu kritikoa izateko bide ematen duen ingurunea sortuz, pertsonei beren balio eta jarrerei buruzko gogoeta egiteko eta, azken finean, beren jokabidea aldatzeko lekua ematen diegu. Giza eskubideen aurkako abusuei aurrea hartzeko balio du, baita diskriminazioari aurre egiteko, berdintasuna bultzatzeko eta jendeak erabakiak hartzeko prozesuetan parte har dezan sustatzeko ere.
Hori dela eta, ekaineko aldarrikapen honekin bat egitea proposatzen dizuegu, honako proposamen hauen bitartez:
1. Hitzaldi bat egitea, tailer bat antolatzea edo eztabaida bat egitea, “Izateaz harro” hezkuntza-materialarekin. Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako jarduerak izango dituzue bertan, baita informazio osagarri ugari ere: oinarrizko kontzeptuak, LGBTIQ+ historia, gorroto-diskurtsoak...
2. Jarri harremanetan zuen udalerriko LGBTI erakundeekin, esperientzia izan baitezakete ikastetxeetan tailerrak egiten, eta lekukotza zuzenak eman baititzakete. Estatuko LGBTI+ Federazioaren webgunean mapa bat izango duzue, federatuta dauden 57 erakundeak jasotzen dituena. Halaber, Fundación Triángulo erakundea bisita dezakezue, zenbait egoitza dituena autonomia-erkidego batzuetan.
Aurrera goaz!

