Beste urte batez, mundu osoko elkartasun-gutun eta -mezuen bilketa handienarekin bat egitea proposatzen dizuegu. Ekimena 150 herrialdetan egingo da, eta mundu osoko giza eskubideen defendatzaileen alde egiteko balio du. Milioika elkartasun-gutun, -sinadura eta -mezu bilduz,pertsona horietako batzuen bizitza hobetzea lortu dugu azken urteetan. 2025eko gutun-maratoian beren bizitza justizia klimatikoa lortzeko ematen dutenen alde mobilizatuko gara, bai eta hezkuntzarako eskubidearen arloko haurtzaroko kasu baten alde ere.
“Nire bihotzaren barru-barrutik, kanpaina honek bizirik eutsi dit, ni erailtzea eragotzi du, badakitelako zuek hor zaudetela”
Bestalde, abenduaren 10ak, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunak, giza eskubideei buruz gogoeta egiteko aukera ematen digu, eta haur eta gazteei jakinarazteko zeintzuk diren planeta osoko pertsona guztien askatasunak eta bermeak.
2025eko abenduan eta 2026ko urtarrilean honako hauen alde esku hartzea proposatzen dizuegu:
Guerreras por la Amazonía, gas-errekuntzaren aurka borrokatzen diren emakume gazte ekuadortarrak.
Juan López, Hondurasen eraila, bere bizitza ingurumena defendatzen emateagatik.
Mother Nature Cambodia, oinarrizko ingurumen-aktibistak, gaur-gaurkoz espetxean daudenak.
Unecebo Mboteni, hiru urteko haurra, Hegoafrikan haurtzaindegiko putzu erako komunera erorita hil zena.
Gutun-maratoian parte hartzeko, urrats hauek egin behar dituzue:
1. Sartu aurkezpen interaktiboan; bertan azalduta daukazue gutun-maratoiaren funtzionamenduari buruzko xehetasunak, eskuragarri dauden material guztiak eta pertsona horien alde jarduteko mundu mailako mobilizazioarekin bat egiteko jarraibideak. Proiektatu egin dezakezue edo parte-hartzaileei banatu diezaiekezue.
2. Zabaldu maratoiaren informazioa. Eskaintzen dizkizuegun kartelak eta bideoak erabil ditzakezue, edo goian aipatutako pertsonei buruzko muralak eta marrazkiak egitea proposa dezakezue, eta ondoren ekintzak egingo dituzuen tokiren batean ikusteko moduan jarri (joan-etorriko lekuak, sarrera, kafetegia, liburutegia, etab.)
3. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari buruzko jarduerak. Horretarako, erabili eskuragarri dauden hezkuntza-materialetako bat edo batzuk: giza eskubideen pasaportea eta mapa, itsasgarriak, eskubideen bineten erakusketa, bideo osagarriak, kahoota, etab.
4. Bat egin maratoiarekin, eta esku hartu pertsona baten edo batzuen alde. Zenbait aukera dituzue: gutunak idaztea, marrazkiak egitea, sinadurak biltzea, elkartasun-mezuak idaztea... Aukeratu hobekien datozkizuenak!
5. Bidali zuen ekintzen argazkiak eta bideoakredescuelas@es.amnesty.org helbidera. Bideo bat egin nahi dugu, Hezkuntza Sarean maratoiaren harira izandako mobilizazioa ezagutzera emateko

