Giza eskubideen defendatzaileei buruzko adierazpenaren arabera, giza eskubideen defendatzaileek modu baketsuan eta indarkeriarik erabili gabe jarduten dute, pertsonen nahiz herrien eskubideen unibertsaltasuna eta zatiezintasuna sustatu eta babesteko.
Kausa baten alde borroka egiten duen oro izan daiteke eskubideen defendatzaile, eta bere kabuz edo elkartuta aritu daiteke, bere lanbidearen esparruan edo bere eguneroko jardueretan.
Deskribapen horren arabera, haurrak eta gazteak ere izan daitezke giza eskubideen defendatzaile; eta beren eskubideak edo beste pertsona batzuen eskubideak (helduen eskubideak barne) sustatzeko jardun dezakete. Hala ere, oztopo askori egin behar izaten diete aurre beren iritziak adierazten saiatzen direnean, oro har uste baita ez daukatela behar besteko ezagutzarik, ardurarik eta esperientziarik iritzi bat eraikitzeko, eta manipulatuta eta doktrinatuta egotea leporatzen zaie.

Ekuadorreko Amazonian instalatutako gas-zuziek kalte handiak eragiten dituzte osasunean eta ingurumenean. © AI
Diskriminazio hori ez da familien barruan edo eskolan bakarrik gertatzen; nazioko edo nazioarteko erakundeetan ere gertatzen da, duela gutxi Ekuadorren gertatu den bezala. Leonela Moncayo 14 urteko aktibista eta beste zortzi neskato Biodibertsitate Batzordearen bilera batean izan ziren; bileraren xedea estatuko gobernuak metxeroen aurka ezarritako neurriak betetzen ote zituen berrikustea zen. Bere mintzaldian arazoaren garrantzia gutxietsi ostean, Andrea Arrobo Meatze eta Energia ministroak honako mezu hau erantsi zuen bere adierazpenean, neskatoak manipulatuta zeudela iradokitzeko: “Jardun ezazue uste osoz, jardun beti errealitateaz jabetzen zaretelako; ez utzi manipulatzen; entzun, ikasi eta goratu ahotsa, baina ez utzi manipulatzen”.
“Giza eskubideak gazteen ikuspuntutik defendatzen dituztenen errealitateak aztertzea beharrezkoa da aspalditik, esperientziak desberdinak baitira belaunaldi batetik bestera”, Sara Vida Coumans, Amnesty Internationaleko Kanpainen eta Hezkuntzaren arloko zuzendari laguntzailea eta Haur eta Gazteen Talde Orokorreko zuzendaria.
Azken urteetan, sare sozialak erabiliz, haurrak eta gazteak mobilizazio jendetsuak antolatzeko gai izan dira, gobernuei kontuak eman ditzaten eta giza eskubideak errespetatu, babestu eta aplika ditzaten eskatzeko. Mugimendu sozialetan ohi bezala parte hartzeaz gain, orain gero eta lidergo handiagoa dute aldaketa bultzatzeko protesta-mugimendu baketsuetan (eserialdiak, espazio publikoen okupazioa, elkarretaratzeak, diskurtsoak). Aktibista sozial gisa, arauei aurre egiten diete, eta giza eskubideen alde sutsuki borrokatzen dira, beren etorkizuna mehatxatzen duen oro salatzeko.
Horren adibide aipagarri bat klima-aldaketaren gaineko sentsibilizazioak eta justizia klimatikoaren aldeko borrokak piztutako mobilizazio globala da. Hori dela eta, gaur, apirilaren 22an, Lurraren Nazioarteko Egunean, aktibista klimatikoek dauzkaten erronketan jarriko dugu arreta.
Leonela Moncayo, aktibista klimatikoa. © Private
Leonela Moncayo, Amazonia babesteagatik estigmatizatua
Leonela Moncayo aktibista beldurtzeko, lehergailu bat leherrarazi zuten haren etxearen parean 2024ko otsailaren 26an. Bost egun lehenago, Meatze eta Energia ministroak Leonela bera eta beste zortzi neska aktibista estigmatizatu zituen Asanblea Nazionalaren aurrean, Amazoniako gas-errekuntza sistematikoaren (metxeroak) aurka aritzeagatik. Neska horiek guztiak etengabe gasa erretzen duten metxeroetatik hurbil bizi dira, eta horien ondorioak pairatzen dituzte. Haien senide batzuk minbiziz hil dira, eta minbizia duten ezagun asko dituzte.
2021eko uztailaren 29an, Sucumbioseko Gorte Probintzialak ebatzi zuen Ekuadorreko estatuak ez zuela aintzat hartzen ingurune osasuntsurako eskubidea eta ez zituela betetzen klima-aldaketaren aurka borrokatzeko betebeharrak. Eta agindu zuen Estatuak metxero-kopurua murriztu behar zuela pixkanaka.
Gobernuaren geldotasunari erantzuteko, Leonela Moncayok zenbait protesta-ekintza gauzatu zituen. Besteak beste, Asanblea Nazionalera joan zen, Biodibertsitate Batzordearen bilera batera; bileraren xedea Estatuko gobernuak metxeroen aurka ezarritako neurriak betetzen ote zituen berrikustea zen. Meatze eta Energia arloko ministro Andrea Arrobok adierazi zuen epaia beteta zegoela, baina aktibistek esan zuten gobernuak ez duela betetzen arazoa arintzeko betebeharra. Leonela Moncayok eta haren gurasoek uste dute etxe aurreko leherketa protesta horren ondorioa dela, presioa egiteko ekintza bat.
Khairiyah Rahmanyah, Thailandiako aktibista klimatikoa

Khairiyah Rahmanyah. © Private
Leonela Moncayoren aurkako erasoa Ekuadorren eta munduko beste hainbat tokitan aktibista gazteen aurka gauzatutako eraso ugarietako bat baino ez da. Thailandian, adibidez, Khairiyah Rahmanyah 22 urteko aktibista klimatikoa bere herriaren alde borrokatzen da; biodibertsitate aberatseko eremu bat da, eta bertan arrantza sostengu-iturri nagusia da komunitateko kide gehienentzat. Txina, Vietnam, Korea eta Japoniara esportatzen dute arraina.
2019. urtean, baina, dena aldatu zen: herriaren inguruan industriaguneak eraikitzen hasi ziren. Gobernuak gas naturaleko gasbide bat jarri nahi zuen Thailandia eta Malaysia artean, eta lanak hasteko erabili zuten itsasontziak 30 metroko luzera zuen, eta horrek arrantzaleei lana egitea eragozten zien, eta haurrei itsasoan jolastea.
2020an, 17 urterekin, Khairiyahk kanpaina bat abiatu zuen Thailandiako gobernuak itsasoaren gainean urbanizatzeko zuen planaren aurka, eta orduak eman zituen piketeetan. 1.000 kilometro egin zituen gobernuak Bangkoken duen egoitzaraino, lehen ministroari eskutitz bat eman, eta proiektua geldi zezaten eskatzeko. Ondorioz, gobernuak erabakia atzeratu zuen. Gaur egun beste kontsulta bat egiten eta ikertzen ari dira, oraingoan komunitatearen partaidetzarekin.
“Hurrengo belaunaldiek ni hazi naizen natura berean hazteko eskubidea izan dezaten nahi dut”, Khairiyah Rahmanyah.
Marinel Sumook Ubaldo, Yolanda tifoiaren biziraulea

Marinel Sumook. © Eloisa Lopez/Amnesty International
Filipinetan, Marinel Sumook Ubaldok 16 urte zituen 2013an, Yolanda tifoitik bizirik atera zenean. Historian izan den tifoirik hilgarrienetako bat izan zen, haren ondorioz 6.000 pertsona hil baitziren eta milioika pertsonak etxea galdu baitzuten. Une hartatik argi izan zuen klima-aldaketaren eta horrek mundu osoan dituen ondorio suntsitzaileen aurka borrokatzeko modua aurkitu behar zuela, bere herrialdetik hasita.
“Klima-aldaketaren ondorioetako bat da intentsitate ezezaguna eta batez ere aurreikus ezina duten fenomeno natural berriek astinduko gaituztela”.
Gaur egun, aktibista honek borrokan jarraitzen du, Filipinetako gobernuak bizi-baldintza duinak eman diezazkien bere komunitateko kideei. Izan ere, 2019ko abenduan Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzian adierazi zuenez, “esku hartu beharra dugu”.
Vanessa Nakate, Greta Thunberg ugandarra

Vanessa Nakate. © Paul Wamala Ssegujja, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Vanessa Nakaterentzat, klima-aldaketak zerikusia du pertsonekin. Aktibista gaztea 2018an hasi zen justizia klimatikoaren alde lanean, 23 urterekin, Kampalako (Uganda) kaleetan protesta eginez. Greta Thunberg inspiraziotzat hartuta, astero protesta egiten jarraitu zuen; Ugandako Fridays for Futuremugimenduarekin bat egin, eta aurpegi ezagun bihurtuta, Rise Up ekimena sortu zuen, Afrika osoko aktibista klimatikoei ahotsa emateko.
Krisi klimatikoa ugandar askoren mehatxu nagusietako bat da, eta komunitate zaurgarrienak dira berotze globalaren ondorioei dagokienez. Duela denbora batetik hona, Ekialdeko Afrikak fenomeno meteorologiko kaltegarriei aurre egin behar izan die, eta lehorte luzeak, lur-jausiak eta gero eta uholde gehiago eta suntsitzaileagoak izan ditu. Gaur egun, klima-aldaketaren ondorioek kalte egiten diete eskualdeko garapen jasangarriari eta, beraz, pobrezia desagerrarazteko ahaleginari.
Afrikak berotegi-efektuko gasen munduko emisio guztien zati oso txiki bat sortzen du, baina krisi klimatikoaren lehen lerroan dago. Kalkuluen arabera, 2030erako muturreko pobrezia-egoeran dauden 118 milioi pertsona lehorteak, uholdeak eta muturreko beroa jasateko arriskuan egongo dira Afrikan, egoerari erantzuteko neurri egokiak ezarri ezean.
"Krisi klimatikoaren ondorioz, pertsona askok dagoeneko moldatu ezin diren lekuetara mugitu behar dute (…). Kampalatik bizpahiru ordura bidatzen badugu landa-eremuko edozein komunitatetara, ohartuko gara biztanleek zailtasunak dituztela ura aurkitzeko eta laboreak lehortu egiten direla muturreko lehortearen ondorioz”.
Vanessak, milioika aktibista ausarten antzera, eskaera argia egiten die gobernuei eta eragina duten erakundeei: klima-aldaketaren errealitatea eta larritasuna onar dezatela eta horren arabera esku har dezatela, giza eskubideak eta justizia klimatikoa ahalegin ororen erdigunean jarrita. Izan ere, Afrika injustizia klimatikoen adibide argia da: ez da munduko emisioen gorakadaren erantzulea, baina krisia eragin ez badu ere, lehen su-lerroan dago; inork ez ditu entzuten bertako biztanleak, eta ez dute finantzaketarik jasotzen krisi klimatikoa arintzeko, haren ondorioetara moldatzeko edo haren ondorioz jasandako galerei eta kalteei aurre egiteko.
Dominika Lasota, greba klimatikoen antolatzailea Polonian

Dominika Lasota. © Stefan Müller (climate stuff, 1 Mio views) from Germany, CC BY 2.0, via Wikimedia Commons
Vanessaren jarduna bat dator Dominika Lasota gaztearen jardunarekin. 22 urteko neska Poloniako greba klimatikoen antolatzaile nagusia da, eta lotura dauka beste herrialde batzuetako ingurumen-aktibistekin.
Polonian, ekintza klimatikoaren aldeko mugimenduaren historia Europako gainerako herrialdeenaren antzekoa da. 2018an Greta Thunbergek Suedian bultzatutako eskola-greba inspirazio izan zen Poloniako gazte askorentzat, eta neurriak hartzera bultzatu zituen. Oinarriko taldeak sortu ziren herrialde osoan, bereziki Varsovian, eta ahalik eta jende gehien klima-aldaketaren gainean kontzientziatzeko asmoz, Lasotak eta beste ikasle batzuek Wschod ekimena sortu zuten. Hitz horrek ‘ekialde’ eta ‘egunsenti’ esan nahi du. Taldeak Erdialdeko eta Ekialdeko Europa osoko aktibistak biltzen ditu, eta Europako egungo krisiak hein handi batean erregai fosilen mendekotasunaren emaitza direla azpimarratzen saiatzen da.
Dominika Lasotak Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (COP27) parte hartu zuen gazteen ordezkari gisa, helburutzat harturik Egipton bildutako agintariengan eragitea, bereziki Poloniako presidentearengan. Andrzej Dudarekin egindako bileran, Poloniako trantsizio energetikoa motelegia zela leporatu zion, eta presidentearen geldotasuna ikusirik, honako hau adierazi zuen: "Presidenteak etengabe entzungor egiten dio ekintza klimatikoaren mugimenduari, eta ez du gurekin bildu nahi, eta klimari buruz hitz egiten badu, arazoaz barre egiteko besterik ez da izaten".
Agnès Callamard Amnesty Internationaleko idazkari nagusiaren hitzak: “Belaunaldi honek gero eta okerragoa den klima-hondamendi bati egin behar dio aurre, eta egoera horrek ondorio suntsitzaileak izango ditu giza eskubideetarako. Hala ere, boterea duten agintari gehiegik ez dute hondamendia ekiditeko egin behar dena egin nahi, eta are gehiago: ez dituzte betetzen hartutako konpromisoak”.

![[Translate to Euskera:] Jóvenes activistas, como Marinel Sumook, desafían amenazas y lideran la lucha por los derechos humanos y el clima](/fileadmin/user_upload/Marinel_Sumook_265942.jpg)