Irakasleentzako gida didaktiko berria dakarkizuegu, Gazako zerrendako egungo egoerari buruz: Israelek eraso militarra hasi zuen 2023ko urriaren 7an, eta genozidioa gauzatzen ari da.
Gidak lau tailer ditu, eta adin-tarteka banatuta dauden arren, beste maila batzuetara ere molda daitezke.
Tailerrek bi aitaren historiak lantzen dituzte, Bassan Palestinako miliziano ohiarena eta Rami Israelgo soldadu ohiarena, baita Bakearen Aldeko Borrokalariak elkartearena ere. Bassanek eta Ramik saminik latzena pairatu zuten, gatazkan alabak galdu baitzituzten beste bandoak hilda. Aurkako bandoetan borrokan ibili ziren arren, sufrimendua itxaropen- eta adiskidetze-mezu bihurtu zuten, eta anaiak bilakatu ziren indarkeria amaiarazteko borrokan. Haien historia azalduta dator gidaren eranskinetan, non gatazkaren aurrekari historikoak ere laburbiltzen diren.
Adinean gora egin ahala, Israelek palestinarren aurka gauzatzen dituen genozidioa eta apartheida zer diren azaltzen dute tailerrek, eta hezkuntza-material lagungarriak, postak eta informazio-bideoak ere eskaintzen dituzte. Adina edozein dela ere, tailer guztietan taldeko hausnarketa sustatzen da. Gainera, tailer gehienetan ekintzarako proposamenak ere badaude.
Narrazioaren, hausnarketaren eta sortze-jardueren bidez, ikasleek elkarrizketak, enpatiak eta barkamenak zer-nolako ahalmena duten aztertuko dute, eta ikusiko dute une zailenetan ere eraiki daitekeela itxaropenean, errespetuan, justizian eta indarkeriaren amaieran oinarritutako etorkizuna.
Ikaskuntzaren emaitzak (besteak beste):
- Enpatia eta ulerkortasuna garatzea. Gatazkak tartean direnengan zer inpaktu duen ezagutuko dute ikasleek, eta bestearen azalean jartzen ikasiko dute.
- Elkarrizketaren eta adiskidetzearen garrantziaz hausnartzea. Elkarrizketaren, elkar aditzearen eta justiziaren kulturari begirako estimua areagotzea.
- Komunikazioaren eta elkar aditzearen bidez samina indarkeriarik gabeko bizitza eraikitzeko aukera bilaka daitekeela ulertzea.
- Gatazkarik gabeko bizikidetza sustatzeko moduak identifikatzea.
- Ekintza zehatzak aztertzea, eguneroko gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeko, enpatia, elkarrizketa eta maitasuna erabiliz gorrotoa eta indarkeria erabili beharrean.
- Gertatzen ari denaren larritasunaren gaineko kontzientzia hartzea.
- Sen kritikoa garatzea.
- Beste era bateko mundua lortzeko itxaropena izatea eta herritar arrunt gisa mundu horri ekarpena egin diezaiokegula ulertzea.
- Indarkeriarik gabeko bizikidetzarako gizaki oro garrantzitsua dela onartzea.
Material hauek interesgarriak iruditzea espero dugu. Materialei buruzko galderaren bat edo feedbacka bidali nahi badiguzue, idatzi lasai helbide hauetara: equipo.educacion@es.amnesty.org edo/eta agalvez@es.amnesty.org
Aurrera goaz!