Amnesty Internationalek Amnestyren Akademia atera du, giza eskubideei buruz ikasteko doako aplikazio bat, helburutzat duena giza eskubideen defendatzaileen hurrengo belaunaldiari hainbat gairi buruzko formakuntza ematea; gai horien artean daude adierazpen-askatasuna, segurtasun digitala eta herri indigenen eskubideak.
15 minututik 15 ordura bitarteko ikastaroak ditu, eta mundu osoko pertsonek egin ahal izango dituzte, 20 hizkuntza baino gehiagotan eskaintzen baitira, hala nola urduz, bengaleraz, hungarieraz, korearrez, errusieraz, thailandieraz, txekieraz eta turkieraz. Aplikazioa erabilgarri dago iOS eta Android gailuentzat, eta ikastaro guztiak jaitsi daitezke, Internetera konektatu beharrik gabe egin ahal izateko.
“Edonon bizi dela ere, edozein pertsonak giza eskubideen gaineko ezagutzak barnera ditzan sortu da aplikazio hau, eta ezagutza hori eskuratzera anima dadin. Ezagutza partekatzea funtsezkoa da gure eskubideak eta gainerakoenak babesteko, baita mundu osoan justiziaren eta berdintasunaren alde borroka egiteko ere”
Amnestyren Akademiaren ezaugarri nagusietako bat ikaskuntzaren ikuspegi malgu eta pertsonalizatua da, eta horri esker, ikastaroak nahi diren moduan eta nahi direnean has daitezke. Ikastaro luzeenetako batzuk egiten dituzten pertsonek ikastaroa amaitu izanaren ziurtagiri ofizial bat jasoko dute, Amnesty Internationaleko idazkaritza nagusiak sinatua.
Amnestyren Akademiako ikastaroak azken hiru urteetan prestatu eta hobetu dira, giza eskubideen ikaskuntzarako webgunearen baitan. Orain hobetu egin dira, mugikorrean ere egin ahal izateko, giza eskubideen gaineko ikaskuntza are eskuragarriago egon dadin.
“Giza eskubideen arloko hezkuntza Amnesty Internationalen lanaren oinarria da. Gure helburu nagusia mundu osoko pertsonek beren eskubideak ezagutzen dituztela eta aldarrika ditzaketela bermatzea da. Amnestyren Akademia aplikazioak helburu hori erdiesten laguntzen digu plataforma erraz eta irisgarri baten bidez, zeinak giza eskubideen gaineko kalitatezko heziketa jasotzeko aukera ematen dien milioika pertsonari”, adierazi du Krittika Vishwanathek, Amnesty Internationaleko Giza Eskubideen Arloko Hezkuntzako zuzendariak.
Amnestyaren Akademia aldian-aldian eguneratuko da, ikaskuntza hizkuntza askoz gehiagotan eskaintzeko eta datozen hilabeteetan nahiz urteetan eskainiko diren ikastaroak txertatzeko.