Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
[Translate to eus:] Anochecer en el campo de exterminio de Auschwitz.

[Translate to eus:] Anochecer en el campo de exterminio de Auschwitz. © UN Photo Evan/Schneider

Blog

Auschwitzeko izua eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala

2021eko urtarrilaren 27an 76 urte beteko dira Auschwitz askatu zutenetik, gizadiaren historiako deuseztatze-esparru handiena libratu zutenetik.

1.100.000 pertsona inguru hil ziren Auschwitz-Birkenaun, gizadiaren historiako deuseztatze-esparru handienean. Egunero 5.000 pertsona ere hil zituzten gas-ganberetan eta errausketa-labeetan. Sarraski hark eragindako izua funtsezkoa izan zen 1948an Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatzeko.

1945eko urtarrilaren 27ko (larunbata) gauerdia pasatxo zenean, Ukrainako fronteko 322 zenbakidun Infanteriako Dibisioko errusiar soldaduek aurrera egiteko agindua jaso zuten. Egunak zeramatzaten Alemaniarantz jarraitzen saiatzen, baina erresistentzia indartsu batek harrapatuta zeuzkan Auschwitz kanpoaldean, Krakoviaren mendebaldean dagoen herri txiki batean.

19 urte bakarrik bazituen ere, Yakov Vincenko beteranoa zen Bigarren Mundu Gerran, 1941ean bat egin baitzuen Armada Gorriarekin. Ordurako gauza asko ikusiak zituen, lau urte baitzeramatzan borrokan Ukrainan eta Polonian, baina egunsenti hartan ikusi zuenak bereziki hunkitu zuen.

“Goizeko bostetan zeharkatu nuen lehen alanbre-hesia. Ilun zegoen. Itzaletan norbait sumatu nuen. Lokatzetan arrastaka zebilen nire parean. Buelta eman zuen, eta begi handi zabal batzuen zuria agertu zen. Hil bizi baten aurrean nengoen. Haren atzean dozenaka fantasma gehiago sumatu nituen. Haragi idor eta zaharkitu batek elkartutako hezur mugikorrak. Airea ezin arnastuzkoa zen. Haragi errearen eta gorozkien usainen nahasketa zegoen. Hitzik ere egin gabe egin genuen aurrera”.

Gerora askok infernuaren atetzat jo zituztenak zeharkatu berri zituen Vincenkok.  Auschwitz-Birkenauesparru handian noraezean zebiltzan bizirik iraun zuten 2.819 pertsona, SS-ek izuaren frogak ezabatzeko martxan jarritako ihesaldi erotik libratu zirenak eta hilzorian zeudenak. Heriotzaren ibilaldi hartan bizia galdu zuten askatutako 60.000 presoen laurdenek.

Auschwitz


Auschwitzeko nazien kontzentrazio-esparruaren sarrera. Argazkia: By XiquinhosilvaCC BY 2.0

Egun batzuk geroago, sobietar argazkilari eta kamerariek bizirik ateratako biktimen lehen irudiak egin zituzten. Aurpegi zargalduak, ia hilotzenak, zur eta lur kamerari begira. Dozenaka haurrek beren uniforme marradun higatuen maukak igotzen zituzten, tatuatuta zeuzkaten zenbakiak erakusteko, haien identifikazio-ikur bakarra. 


Irudi espektralak ziren, nahiz eta egunak igaro ahala eta jasotako laguntzari esker gizatasun pixka bat berreskuratu ahal izan zuten. Askatu zituzten egunean, askok ezin izan zuten jan ere egin. Anatoly Shapiro komandanteak honela azaldu zuen urte batzuk geroago: “Kanpainako sukalde batzuk muntatu, eta elikagai arinak prestatu genituen. Haietako batzuk hil egin ziren jatean. Urdaila hondatuta zuten”.

Sarraskia bost urtez: 5.000 hilketa ere eguneko. 

1940an kontzentrazio-esparru gisa ireki zutenetik 1945ean libratu zuten arte, 1.300.000 pertsona inguru deportatu zituzten Auschwitzera. Horietatik 1.100.000 hil egin ziren. Gehienak juduak ziren, baina bazeuden, halaber, prostitutak, homosexualak, gerrako preso errusiarrak, ijitoak…

Auschwitz nazien deuseztatze-esparru handiena izan zen, kokapen pribilegiatua baitzuen tren-nodo gisa. Abereak garratzeko bagoietan  80 pertsona ere eramaten zituzten pilatuta; horrela eramaten zituzten presoak Italiatik, Frantziatik, Baltikotik, Alemaniatik eta Poloniatik, noski. 

Batzuk ordu gutxiren buruan hiltzen zituzten. Bagoietatik zorabiatuta eta akituta jaitsi, eta bi ilaratan bereizten zituzten. Ezkerrekoan ahulenak kokatzen zituzten (haurtxoak, haurdunak, adinekoak, elbarriak eta gaixoak), eta gas-ganberara eramaten zituzten zuzenean. Bertan, jabetza guztiak kentzen zizkieten, eta kaskamotz uzten zituzten, Zyklon-B erabiliz hil aurretik. Asfixia bidez heriotza eragiten duen intsektizida ahaltsu bat da.

Liberación Auschwitz

Auschwitzetik bizirik ateratako hainbat pertsona Gurutze Gorriko doktore batekin, 1945ean deuseztatze-esparrua askatu zuten egunean. Argazkia: Getty Images

Holokaustoa: ez dago amesgaizto okerragorik

Askorentzat, heriotza azkar hura lanerako gaitzat hartzen zituzten presoek pairatzen zuten heriotza geldoa baino hobea zen. Presoek hainbat zeregin betetzen zituzten, hala nola esparruko mantentze-lanak eta milaka pertsonaren exekuzioarekin lotutako lanak; exekuzioak sonderkomando izeneko taldeetako kide ziren presoek gauzatzen zituzten.

Viktor Frankl austriar psikiatra bizirik atera zen Auschwitzetik, eta bere bizipena kontatu zuen El hombre en busca de sentido liburuan. Bertan kontatzen du pertsona askok alanbre-hesi elektrifikatuetara jauzi egiten zutela, sufrimendu harekin amaitzeko. Edo zeuzkaten indar eskasak xahutzen zituztela, gas-ganberara eraman zitzaten.

Franklek kontatzen du gau batean amesgaizto bat izaten ari zen barrakoiko kide baten oihuek esnatu zutela. Hura esnatzera zihoala, pentsamendu batek geldiarazi zuen: “Oso-oso izugarria izanda ere, ezein amesgaizto ezin zitekeen izan esparruko errealitatea baino okerragoa”.

Honela deskribatzen du berak errealitate hura: “Organismoak bere proteinak irensten zituen, eta muskuluak desagertu egiten ziren. Barrakoiko gure komunitate txikiko kideak bata bestearen atzetik hiltzen ziren. Gutako bakoitzak zehaztasun osoz kalkula zezakeen nor izango zen hurrena eta noiz izango zen bere txanda”.

Auschwitz azken soluzioaren ikurra da, naziek juduen gaia ebazteko prestatu zuten plana, luzaroan ezarritako politika antisemiten gailurra. Politika horien jatorria Adolf Hitlerren lehen idatzietan bilatu behar da.

Juduenganako ezinikusia eta diskriminazioa sarraski bihurtu ziren SESBren 1941eko inbasioaren ostean. Han sortu ziren deuseztatze-unitate mugikorrak, Einsatzgruppen izenekoak, milaka judu fusilatu zituztenak. Uztailean, Hermann Göringek azken soluzioaren prestaketak baimendu zituen. Wannseko Konferentziak, 1942ko urtarrilean eginak, planaren xehetasunak finkatu zituen.

Kalkuluen arabera, guztira sei milioi judu hil zituzten hiru urte iraun zuen erokeria genozida hartan. Holokausto izena jarri zioten, edo Shoá, hebreeraz –hondamendia-.

Auschwitz selección

Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura iritsitako presoen aukeraketa. Argazkia: AP 1944

Memoria bizirik mantentzea: Holokaustoaren kausak eta ondorioak 

Auschwitz askatu zutenetik 76 urte igarota, garrantzitsua da Holokaustoaren memoria bizirik mantentzea; izan ere, Yakov Vincenkok El País egunkarian azaldu zuenez: “Geuk ere ez genuen sinetsi nahi, ikusi bagenuen ere. Luzaroan saiatu nintzen ikusitakoa ahazten, baina gero ulertu nuen hori eginez gero konplize izango nintzela”.

2019ko urtarrilaren 27an, Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak oroitzapenik ezaren aurkako ohartarazpena egin zuen, Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Egunaren harira: “Holokaustotik bizirik atera zirenen kopurua murrizten doan heinean, adi egon behar dugu; izan ere… ‘juduekin hasten den gorrotoa ez da inoiz amaitzen juduekin’”.

Auschwitzetik bizirik irtendakoSimone Veil abokatu eta politikari frantsesaren hitzetan: “Shoá bakarra izan zen historian, baina arrazakeriaren, antisemitismoaren, bestearen gaitzespenaren eta gorrotoaren pozoia eguneroko mehatxua izan da beti”.
Bigarren Mundu Gerraren ostean xehetasunez ezagutu zenean nazien kontzentrazio-esparruetan izandako sufrimendua, jendea izututa geratu zen. Theodor Adorno filosofo alemanak honako hau ere esan zuen: “Auschwitz ondoren ezin da poesia idatzi”.

Etsipenaren tentazioan ez erortzeko beharrak bultzatuta sortu zen Nazio Batuen Erakundea (…) 1948ko abenduaren 10ean, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zen

Etsipenaren tentazioan ez erortzeko beharrak bultzatuta sortu zen Nazio Batuen Erakundea gerra amaitu aurretik, eta pixka bat geroago, 1948ko abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zen.

Adierazpenaren hitzaurreak gertatutakoagatiko errua islatzen du: “Giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen ondorioz, giza kontzientziari irain egiten dioten basakeriak gertatu izan dira”.

1. artikulua antisemitismoaren eta diskriminazio-mota ororen aurkako aldarri argia da: “Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute”.

Berdintasun- eta anaitasun-promes horrek bete gabe jarraitzen du oraindik, baina horrek ez du esan nahi porrot egin dugunik. Esan nahi du aurrera jarraitu behar dugula, helburutzat hartuta gizarte aske eta justuago bat lortzea, aurrean dugula utopia izeneko horizontea. Auschwitzeko biktimengatik egin dezakegun gutxienekoa da.