Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
¿Por qué? album ilustratuko irudia, ©Editorial Kalandraka
Blog

Bakerako literatura gehiago, gerrari eta gatazka armatuei aurre egiteko

Nieves Gascón, Espainiako AIko haurtzaroaren arloko aktibista eta literatura-kritikaria,

Munduaren zati bat oso gaizki dagoela gauza jakina da. Baina azken egunak infernu hutsa izan dira Kolonbiako eta Palestinako herritarrentzat. Halabeharrez etortzen zaizkigu gogora eraso armatu indiskriminatu eta latzen lekuko zein biktima diren haur eta gazteak. Sareetan biralizatutako bideo batean Gazan bizi den hamar urteko palestinar neskatxa bat ageri da, jasandako indarkeriarengatik hunkituta, gerra zer den azaltzen, etengabe bonbardaketen mehatxupean bizitzeak sentiarazten dion ezintasuna deskribatzen eta zaurituei eta inguruan laguntza behar dutenei laguntzeko medikua izan nahi lukeela adierazten. Jakin nahi nuke ea haur palestinarrek, beren herrialdean bertan, gero eta lur gutxiago dituen eremuan errefuxiatuta bizi direnek, normalizatuta duten indarkeria eguneroko bizitzan. Eta ezagutu nahi nituzke mugako kontrol zorrotzaren presio etengabeak eragiten dizkien ondorio psikologikoak, kontrol hori jasaten baitute ekintza arruntetan, hala nola eskolara edo medikuarenera joatean. Lur-eremu batean itxita bizi dira, muga pila batekin. Gauza jakina da mugimendu oro zaila dela palestinarrentzat, eta ez dugu ahaztu behar egunerokotasunean izaten duten beste zailtasun bat, hots, etxegabetzeena eta etxebizitza-eraisketena. Etxebizitzarako, bizimodu duinerako eta hezkuntzarako eskubidea, besteak beste, estatu guztiek haur zein nerabe guztiei bermatu behar dizkieten giza eskubideak dira. Baina, tamalez, hori ez da horrela izaten, eta giza eskubideen urraketak errealitate sistematikoa dira hemezortzi urtetik beherakoentzat Palestinar Lurralde Okupatuetan.

Kolonbiako haur eta gazteak ere asaldura-giroan eta biztanleria zibilaren aurkako eraso indiskriminatuetan murgilduta daude egunotan. Herritarrak kalera irten dira, beren eskubideak aitor ditzaten eskatzera; izan ere, Gobernuaren erreforma fiskala urak gainezka egiteko falta zen tanta izan da, ustelkeriaz, desberdinkeriaz eta kolonbiar gizartearen eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen urraketez betetako herrialdean.

Indarkeriazko egoera horiek eta beste asko haurrei transmititzeko zailak dira, baina haurtzarotik landu beharreko gaiak dira, herritar arduratsuak eta sentiberak hezi nahi baditugu, munduko edozein txokotan gertatzen diren gatazka armatuen eta gerren jakitun direnak. Gure betebeharra da politikoki esku hartzea eta gobernuei, enpresei zein bestelako eragileei (estatukoak izan ala ez) mundu osoan giza eskubideak bete ditzatela exijitzea; era berean, haurrak herritartasun global koherentean oinarrituta hezi behar ditugu, beren giza eskubideak bermatuz eta bete-betean balia ditzaten ahalbidetuz.

Gatazka edo gerra bat ulertzea mingarria da, eta ez da erraza. Helburu hori lortzeko, Kalandraka argitaletxearen album irudidun bat gomendatu nahi dizuegu: ¿Por qué?(1995), Nikolai Popov (1952) errusiar diseinatzaile eta irudigilearena, zeinak hurbiletik bizi izan baitzuen gerra. Egile horrentzat:

Haurrek gerraren zentzugabekeria uler badezakete, indarkeria ziklo batean erortzea oso erraza dela ulertzen badute, baliteke etorkizunean bakearen sustatzaileak izatea.

Hitz horiek hezkuntzaren eta bakeari buruzko kontakizunen bidez eraiki dezakegun etorkizun hobe baten gaineko esperantza dakarkigute. Egileak munduko gatazka beliko gehienen jatorrizko arrazoi ergelei buruz hitz egiten digu.

¿Por qué? album ilustratuaren azala, ©Editorial Kalandraka

Obra grafiko horretan, Nikolai Popovek ez darabil hitzik, eta, irudien bidez eraikitako istorioan, lore batengatik lehian daudelako gatazka bat sortzen da igel baten eta sagu baten artean, eta gatazka handituz doa; azkenean, bi armada osatzen dituzte, igelena eta saguena, eta elkarri eraso egiten diote, den-dena suntsitu arte. Irudi eder eta zaindu horiek lehiak eta interes kontrajarriek eragindako edozein gatazka armatutara eramaten gaituzte, suntsipen sistematikoa dakarren edozein gatazkatara. Erasoen eta suntsiduraren ondoren ez da ezer geratzen, ezta gatazka sorrarazi zuen arrazoia ere; horixe da benetan garrantzitsua. Kontakizuna egokia da adin guztietarako, Haur Hezkuntzatik hasita (4 edo 5 urte), eta, zalantzarik gabe, maisukiro kontatutako istorio bat da, non egileak xehetasun osoz deskribatzen dituen gerrako indarkeria eta horren ondorioak; erraz ulertarazten du gerra testuinguru eta errealitate guztietan saihesgarria den zentzugabekeria hutsa dela. Amaitzeko, aipatzekoa da liburuaren edizio ederra: tamaina ertainekoa eta karratua da, azal gogorrak dauzka eta tonu berde, marroi eta okreak dira nagusi.

Era berean, zortzi urtetik gorako haurrentzat klasiko bat gomendatu nahi dugu, ez soilik gatazkak ulertzeko, baizik eta, halaber, erbestearen bizipena eta errefuxiatuen egoera hobeto ezagutzeko: Asmir no quiere pistolas(1993), Christobel Mattingley (1931/2019) australiar idazlearena, María Luisa Balseiro Fernández-Campoamorrek itzulia. Espainian Alfaguara eta Santillana argitaletxeek argitaratutako eleberri bat da, aurrenerabe musulman baten eta Vienan errefuxiatutako haren familiaren historia errealean oinarritua; idazleak familia ezagutu, eta kontakizun eder batean jaso zuen haien historia, protagonistaren haur-ikuspegitik idatzita. Asmir aitarekin, amarekin eta Edgar anaia gaztearekin bizi da Sarajevon. Balkanetako Gerra lehertzean, Asmirrek hiltzen ikusten ditu postaria eta lagunak, eta ordura arte bere eguneroko bizitzaren agertoki ziren lekuetan egindako eraso armatuen lekuko da. Protagonistak lehen pertsonan deskribatzen ditu bere sentipenak. Gerratik bizirik atera, eta aurre egiten dio erbesteari, herrialdetik alde egin behar baitu amona, ama eta anaiarekin, aita Sarajevon utzita. Hunkigarria da Sarajevotik (Bosnia-Herzegovina) Belgraderako (Serbia) bidaia autobusez, hegazkinez eta baita autoan ere. Hiri horretan egonaldi laburra egin ostean, Vienara joaten dira, eta Asmirrek bestelako errealitate bat aurkitzen du bertan, eta biziki sentitzen du amaren tristura, eta aita oroitzen du; izan ere, ez dute hari buruzko berririk, eta ziurgabetasunean murgilduta bizi dira, jaioterrian hil ote den jakin gabe.

Kontakizuna are hunkigarriagoa da aurrenerabe baten benetako historia dela jakinda. Erbesteratze esperientzia gogor bati aurre egin behar dio, eta errealitate soziokultural berri batera egokitu behar du, atzean utzita aita eta bere bizitzako hasierako etapa bat, funtsezkoa: haurtzaro galdua.

Orain dela hogeita hamar urte idatzitako eleberria bada ere, kontakizun fresko eta bizia izaten jarraitzen du, eta zalantza-, ziurgabetasun- eta are beldur-uneak deskribatzen ditu, gerrako ihesaldiaren, indarkeriaren eta mugak ezer gabe zeharkatzearen ondoriozko gorabehera eta gabeziek eragindakoak.

Aipatzekoa da, halaber, liburua azal bigunetan eta poltsiko-formatuan argitaratuta egon arren eta album irudidun bat ez izan arren, irudi errealista bikainak dituela, zuri-beltzean eta tonu grisetan eginak, ikatz-marrazki klasikoen antzera; Elisabeth Honey (Australia) marrazkigilearenak dira.

Asmir haur errefuxiatu bat da, hiru hamarkada geroago gerra, gosea, klima-aldaketaren ondorio latzak eta egungo pandemiak eragindako krisia atzean uzteko ihesi jarraitzen duten beste milaka haur eta neraberen antzera. Bakarrik edo amekin nahiz familiako beste kide batzuekin batera, Europako eta Estatu Batuetako mugetara egunero iristen dira beren bizia arrisku larrian jartzen duten haurrak. Batzuek ez dute iristea lortzen. Ezagutzera eman behar ditugu arrazoi sobera justifikatuengatik lekualdatzen diren adin guztietako migratzaileen egoera larriak. Ez dezagun ezikusiarena egin, jomugako herrialdeetako gobernuek egiten duten moduan, eta erabil ditzagun beharrezko bitarteko guztiak jendea sentsibilizatzeko eta mundu osoan pertsona askok pairatzen dituzten bizipen eta egoera pertsonal horien gaineko kezka partekatzeko; egoera hobeto ezagutzeko bideak ireki behar ditugu.

Erabil dezagun literatura esperientzia horien alderdi pertsonalena ezagutzeko, eta ez dezagun ahaztu kontakizunak aldaketa sozial eta kulturalerako tresna direla eta, Nicolai Popovek esandakoa oroituz, bakea sustatzen dutela, honako hau lortuta: etorkizunean adin guztietako herritarrek argi izatea gatazka armatuek suntsipena dakartela, eta biktimak babesteko nahiz munduan bakea eraikitzeko premiazko neurriak, politika eraginkorrak eta nazioarteko araudiak aplika daitezen exijitzea.

Laster arte!