2024ko azaroaren amaieran hasi eta abendu osoan zehar, dokumentala ikasgeletan proiektatu zen, María Bastos Prestakuntza eta Lan Orientazioko irakasle eta Eskolako Berdintasun Batzordeko koordinatzailearen ekimenez. Sukaldaritza eta Jatetxe Zerbitzuetako prestakuntza-zikloetako 120 ikasle inguruk ikusi zuten, eta proiekzio-zikloa ixteko, Prestakuntza eta Lan Orientazioko irakasle Pedro Ramosek eta eskolako orientatzaile Helena Fernándezek bideoforum bat antolatu zuten. Bertan parte hartu zuten Okintza eta Gozogintzako Oinarrizko Graduko, Sukaldaritza eta Jatetxe Zerbitzuetako Oinarrizko Graduko eta Turismoko Goi Mailako Heziketa Zikloetako 160 ikasle inguruk. Guztira ia 300 ikaslek, eguneko txandako gehienek, Almudena Carracedoren eta Robert Baharren dokumentala ikusi, eta haren gainean hausnartu eta eztabaidatu zuten, sexu-indarkeriari eta sexu-erasoei begirako kultura- eta paradigma-aldaketa bat bultzatzeko.
No estás sola dokumentala ikusteak eragina izan du ikasleengan, bai biktimen testigantzak ikaragarriak direlako, baita herritarren erantzunek, mugimendu feminista eta sozialek eta lege-aldaketek berdintasun eta justiziazko etorkizun baterako argia eta itxaropena proiektatu zutelako ere, eta, ondorioz, gure ikastetxean eztabaida konstruktiborako espazioak eraiki ahal izan ditugu, botere eta pribilegio patriarkalen logikak argitu eta deseraikitzeko eta, aldi berean, onespenaren kulturaren eta berdintasun-nahiaren gaineko kontzientzia sortzeko.
“No estás sola” dokumentalari eta onespenari buruzko podcasta: “A destajo”, ikerketa-, azterketa- eta kontzientziazio-ariketa bat
Proiekzioekin batera, eta zineforumaren antolatzaileek bultzatuta, Bidaia Agentzietako eta Gida Turistikoko 2. mailako lau ikaslek (Beatriz Castaño, Paula Montecino, Naiara Puga eta Alejandra Ruizek), Pedro Ramos irakasleak koordinatuta, Eskolan erosi berria den irrati-estudioa inauguratzea proposatu zuten: podcast saio bat egingo zuten La Manada auziari, onespenaren kulturari eta No estás sola dokumentalari buruz. Saio horrekin, ikasleek Voces de la Escuela. El podcast de la ESHTM (Radio ESHTM) podcastaren ibilbideari ekin zioten.
Partaideetako batek, Naiara Pugak, grabazio-mahaian funtzio teknikoak egin zituenak, honako hau azaldu digu: "La Manada auzia herrialde osoa hunkitu zuen bortxaketa-kasu bat izan zen, eta hari buruzko podcasta grabatzea oso esperientzia hezitzailea, bizia eta emozionala izan zen. Hasieratik nekien gai mingarri bat izateaz gain, errespetuz eta zorroztasunez jorratzea merezi zuen gai bat ere bazela. Ikerketa funtsezkoa izan zen; xehetasun bakoitza, adierazpen bakoitza eta kasuaren alderdi bakoitza arretaz aztertu behar zen, informazioa zehatza eta osoa izango zela ziurtatzeko, sentsazionalismoetan erori gabe".
“Esperientzia bizia eta gogoetatsua izan zen. Istorio horretan murgilduta argi ikusi nuen zelako garrantzia duen biktimei ahotsa emateak eta gizarte gisa erantzun bat behar duten tabuei heltzeak. Erantzukizun handia sentitu nuen gertakarien larritasuna errespetuz transmititzean, kasu hura genero-indarkeriaren aurkako borrokan mugarri izan zela hausnartzean. Enpatia- eta konpromiso-ariketa bat izan zen, eta zapaltzen gaituen horren aurka borrokatzeko sentimendua eta beharra piztu zuen nigan”
Bi astez, programaren eskaleta, formatu eta tonu egokiak, testuak eta eman beharreko informazioa landu zituzten, eta, era berean, autoritatezko ahotsen esku-hartzeak erabaki eta lortu zituzten, edukiari zorroztasun eta objektibotasun handiagoa emateko, helburutzat harturik La Manada auziak gizartean izandako eragina hobeto ulertzea, kasutik eta ondoren onartutako “Bai bakarrik da bai” Legetik eratorritako lege-auzietan eta auzi juridikoetan gehiago sakontzea eta onespenaren kontzeptuaren esanahia hobeto ulertzea. Hala, Lara Muriel Lan Zuzenbideko irakaslea eta Maria Bastos ESHTMeko Berdintasun Batzordeko koordinatzailea elkarrizketatu zituzten; eta Jose Angel Romera historialariaren eta gizarte-hezitzaileak eta berdintasun- eta genero-gaietan adituak diren Jara Cosculluelaren eta Claudia Brasaren mintzaldiak bildu zituzten.
"Grabazioan zehar, erantzukizun handia sentitu nuen hain gai delikatu eta konplexuari buruz hitz egitean; gainera, kanpoko beste pertsona batzuek entzungo zutela kontziente izaten saiatu nintzen, eta, beraz, gaiari merezi zuen enpatiaz eta modu objektiboan heltzen saiatu nintzen; izan ere, helburua informatzea zen, eta jendeak ikuspegi neutrala eta erreala izatea. Produkzioan zehar, emozio nahasiak izan nituen:kasuaren basakeriak eragindako haserrea, justiziaren eta narratibek gizartean duten boterearen gaineko hausnarketa, eta halako istorio garrantzitsuari ikusgarritasuna eman ahal izateagatik eskerrona. Podcasta sortzeko prozesua aberasgarria izan zen, zalantzarik gabe; izan ere, irratsaio baten grabaketari eta nahasketa-mahiaren funtzionamenduari buruzko alderdi teknikoak ikasi ahal izan nituen; horrez gain, kasuari buruz gehiago ikasi nuen, eta etengabe informazioa bilatzen aritu nintzen, gaia ahalik eta hobekien ezagutzeko eta, hala, gertatutako guztia entzuleei ondo transmititzeko. Grabazioan zehar entzuleekin zuzeneko interakziorik egon ez bazen ere, podcastak hausnarketa eta ikuspegi-aldaketak eragin zitzakeela jakite hutsak hitz bakoitzak merezi zuela sentiarazi zidan", aitortu du Naiara Pugak.

Voces de la Escuela. El podcast de ESHTM podcasteko A destajo. La Manada y "No Estás Sola saioaren kartela. Spotify entzun daiteke.
Emaitza indarrez, amorruz eta pasioz betetako 19 minutuko podcast atal bat da. Horren bidez, Madrilgo Ostalaritza eta Turismoko Goi Eskolatik borrokaren, bizitzaren eta itxaropenaren aldeko oihua egin nahi dugu, pribilegioan, diskriminazioan, dominazioan eta erasoan oinarritutako egitura patriarkalen eta kultura matxisten aurka irmo borrokatzen jarraitzeko eta berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako mundua eraikitzeko.
"Garaiotan ezin dugu ahaztu nondik gatozen eta norantz bideratu nahi dugun gure borroka; horrelako gaiak jorratzea eta horiei buruz informatu eta hitz egitea, merezi duten garrantzia emanez, beti izango da nahikoa arrazoi gizarte gisa aurrera egiten jarraitzeko. Esperientzia zoragarria izan da, eta kausarekin konprometituta dagoen jende are zoragarriagoz inguratuta egon gara; eta nahasketa hori guztia podcastean islatzen da". "Saioa grabatzea esperientzia bizia eta emozionala izan da. Dokumentala aurretik ere ikusita izan arren, eta kasua eta eragin zuen guztia ezagutu arren, ezin dugu ekidin gizarte gisa enpatia izugarria eta aldaketa-nahi irmoa sentitzea. Azkenean, erronka emozionala izan bazen ere, oso eskertuta nago kontzientzia sortzea eta aldaketa sustatzea helburutzat duen podcast honetan parte hartzeko aukera izan dudalako, eta espero du beste batzuentzat inspirazio-iturri izatea borrokan jarraitzeko”. Horra hor Paula Montecinoren eta Alejandra Ruizen adierazpenak.
Eskerrik beroena eman nahi diogu Amnesty Internationaleko Hezkuntza Sareko taldeari, giza eskubideen defentsan egiten duten funtsezko lanagatik, eta, zehazki, No estás sola dokumentalaren proiekzioei lotutako laguntza didaktikoagatik; eskerrik asko, halaber, Almudena Carracedori eta Robert Baharri, biktimei ahotsa ematean erakutsitako sentsibilitateagatik eta gure lanerako inspirazio izateagatik. Mila esker.

