Zaila da 2016ko San Ferminetan gertatutakoa ahaztea. Taldeko sexu-eraso hark ondoegi islatu zuen oraindik bide luzea genuela (eta dugula) aurretik. Ez zen La Manada-ko kideek sexu-indarkeriazko ekintza bat gauzatzen zuten lehen aldia. Beti izan zuten erabateko zigorgabetasunaren pribilegioa. Egiten zuen (eta egiten ez zuen) guztiagatik kuestionatu zuten Iruñeko erasoaren biktima, eta jazarri ere egin zuten, hainbesteraino, non sexu-indarkeriazko ekintzaren erantzule egin baitzuten eta bolada batez herrialdetik alde egin behar izan baitzuen.Biktima gezurtitzat jo zuten, eta erasotzaileak, aldiz, gertatutakoari gehiegizko garrantzia eman zion jazarpen bidegabearen biktimatzat.
Aurretik eta ondoren
Defentsako abokatuetako batek hilabeteak eman zituen hainbat telebistatan agerraldi amaigabeak egiten, bere bertsioa inposatzea lortu nahian: biktima zalantzan jartzen zuen bertsioa, erasotzaileen erantzukizunari garrantzia kentzen ziona. Epaileen ustez ez zen izan ez indarkeriarik, ez intimidaziorik, eta biktimaren jokabidean jarri zuten arreta, ez erasotzaileen indarkerian. Gizartearen zati handi batek uste zuen La Manada-ko kideek ez zutela ezer txarrik egin, edo ez, behintzat, jasaten ari ziren ustezko jazarpena jasan behar izateko moduko ezer.
Baina gizartearen zati are handiago batek nahikoa zela esan zuen. Sexu-indarkeria normalizatzeari utzi behar zitzaiola. Biktimei sinetsi behar zitzaiela. Gertatutakoa ez zela gehiegikeria izan, bortxaketa baizik. Isiltasuna urratu behar zela, eta hitz egiten hasi behar zela, eta kontatzen, eta partekatzen. Beharrezkoa zela errotik aldatzea gizarteak, hedabideek eta justiziak sexu-indarkeria tratatzeko zuten modua. Eta garrantzitsuena da lortu egin zela. Nahiz eta oraindik lan asko dagoen egiteko, La Manada taldeko sexu-erasotzaileen biktimek justizia jaso zuten, eta 2016ko San Ferminetako kasua mugarri izan zen sexu-indarkeriei eman beharreko erantzunari dagokionez.
Giza eskubideen beste urraketa askorekin gertatzen den moduan, sexu-indarkerien aurkako borrokak hezkuntzan ere presentzia izan behar du, ezinbestean. Sexu-heziketa integrala behar dugu, sexu-indarkeriak zehazki zer diren ulertaraziko duena, onespena erdigunean jarriko duena, bortxaketaren kultura desmuntatuko duena eta pornografia nahiz hari atxikitako fikzioa garaia baino lehen eta kontrolik gabe ikustearen arriskuak identifikatuko dituena. Eta sexu-heziketa horrek argi erakutsiko du sexu-indarkeriak adin guztietako pertsona guztiei eragiten digula eta guztiok garela ezinbestekoak hura prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko.
Hor sartzen dira Almudena Carracedo eta Robert Bahar, No estás sola: la lucha contra La Manada film dokumentalaren zuzendariak. Grabatu eta ekoitzi ondoren dokumentalak beraiena izateari utziko ziola eta gizartearena izango zela sinetsita, beti izan zuten argi filmak ikasgeletara iritsi behar zuela, lehenago edo beranduago. Eta beharrezkoa zela bertan jorratzen denaren gainean hitz egitea eta kontzientziatzea.
Eskola topaketak Almudena Carracedo, Robert Bahar eta Carlota Álvarezekin
Eta hala izan zen. Azaroaren 26an eta 28an, lurraldeko hainbat eremutako ikastetxe askotako ikasleak online konektatzen hasi ziren. Asturiastik eta Cadizetik. Nafarroatik eta Alacantetik. Mallorcatik, Caceresetik eta Badajozetik. Almudena eta Robertekin batera zegoen Carlota Álvarez, Madrilgo Mugimendu Feministako aktibista; Carlota dokumentalean agertzen da, eta Auzitegi Gorenak La Manada-ko kideak bortxaketagatik zigortzea lortu zuen mobilizazio soziala sustatu zuen. Hiruren artean erantzun zieten ikasleen galderei, eta ikasleak beren iritziak eta sentsazioak adieraztera animatu zituzten. Mila ikasle baino gehiago, berrogei ikastetxe baino gehiagokoak, bi egunen artean konektatu ziren.
Nola lagun diezaiekegu sexu-indarkeria jasan duten eta salaketarik jarri ez duten neskei? Poliziaren aurrean salaketa jartzea da erasoa kontatzeko bide bakarra? Nola jokatu behar du biktima batek? Zer alderdi dira funtsezkoak belaunaldiak berdintasunean eta errespetuan hezteko?
Zuzena da prebentzioaren fokua emakumeengan jartzea, haiek izan daitezen sexu-indarkeriak saihesteko autozainketa-neurriak hartu behar dituztenak? Hori al da emakumeen aurkako sexu-indarkeria prebenitzeko eta horri aurre egiteko modu egokia? Zer eginkizun izan dezakete gizonek eta mutilek sexu-indarkeriari aurre egiteko eta hura prebenitzeko orduan?
Eta, batez ere, zer da onespena eta zer har daiteke sexu-indarkeriatzat?
Horiek mahai gainean jarri ziren galderetako batzuk baino ez dira. Eta helburuak asko ziren, baina bazen funtsezko bat: ulertzea onespena harreman-mota ororen erdigunean jarri behar dela eta onespenik ez duen oro sexu-indarkeriazko ekintza bat dela, izan kalean esandako piropo bat edo eraso larri bat. Helburu hori lortu genuela uste dugu.
Egunkari-artikulu honetan duzue topaketei buruzko informazio gehiago. Gogoratu inoiz ez dela une txarra horrelako gaiak ikasgeletan lantzeko. Horretarako, sexu-indarkeriari eta onespenari buruzko gida didaktiko bat duzue esteka honetan.
Eskerrak eman nahi dizkiegu topaketa horiek posible egin zituzten pertsona guztiei. Dena ongi ateratzea eta esperientzia oso aberasgarria izatea lortu zuten. Mila esker, besteak beste, Almudenari, Roberti, Carlotari eta Amnesty Internationaleko aktibista eta langileei.
Eta, batez ere, eskerrik asko hasieratik ekimen honekiko interes handia erakutsi zuten ikastetxe eta ikasle guztiei, bertaratu ahal izateko ahalegin handia egin zutelako (datak ikusita ez zen erraza) eta lotsa alde batera utzita parte hartzera, galdetzera eta hitz egitera animatu zirelako.
Beste topaketa batzuetan elkar ikustea espero dugu.
Aurrera goaz!