Emakumeek bereizkeria eta indarkeria jasaten dituzte etengabe, dela legeak instituzionalizatuta dela praktikan, baita berdintasuna bermatzeko legeak dituzten herrialdeetan ere. Eta aurrerapen esanguratsuak lortu diren arren, munduko herrialde bakar batean ere ez da erabateko genero-berdintasunik lortu.
Emakumeen aurkako indarkeria da genero-bereizkeriaren ondorio zabalduena eta ikusgarriena, eta forma ugari ditu. Bikotekideen arteko harremanetako indarkeria, gerra-testuinguruetako emakume eta nesken bortxaketa edo emakumeen genitalen mutilazioa eta antzeko praktikak dira emakume izateagatik emakumeen aurka egiten den indarkeriaren aurpegi batzuk.
NBE Emakumeak erakundearen arabera, munduan ia hiru emakumetik batek (% 30) indarkeria fisikoa eta/edo sexuala bizi izan du bere bikotekidearen eskutik, edo sexu-indarkeria beste pertsona baten aldetik, bizitzako uneren batean. Informazio eta datu gehiago izateko, kontsultatu Amnesty Internationalen webgunea.
Material honetan, adin desberdinetarako hiru jarduera aurkezten ditugu; jardueron helburuak eta edukiak hezkuntza-ziklo bakoitzera egokitu dira:
1. “Errespetatu egiten ditugu edo baztertu egiten ditugu” (8 urtetik aurrera), balio positiboak lantzeko eta aniztasunean modu normalizatuan hezteko.
2. “Isiltasuna apurtuz” (12 urtetik aurrera), aurreiritziak eta jokabide sexistak identifikatzeko, gatazkak modu baketsuan konpontzean oinarritutako kultura sustatuz.
3. “Sexu-indarkeriari buruzko tailerra” (18 urtetik aurrera), ikasleei Espainiako sexu-indarkeriaren errealitatea ezagutarazteko eta jakinarazteko.

