Bazenekien ijitoen herriak Indiatik Mendebalderantz emigratu zuela duela 1.000 urte? Badakizu noiz iritsi ziren Penintsulara, edo zer ezaugarri nagusi dituen ijitoen kulturak? Badakizu zer diskriminazio-mota jasaten dituzten gaur egun, edo zer bidegabekeria jasan behar izan dituzten iraganean?
2025eko urtarrilaren 12an 600 urte egin zituen ijitoak Iberiar penintsulara iritsi zirela. Horregatik, aurtengoa Ijito Herriaren Urtea da.
Gaur egun, ijito-familia asko daude pobrezia- eta bazterkeria-egoeretan, eta irudi sozial txarrak, gaitzespenak eta diskriminazio-egoerak komunitate osoari eragiten diete. Gainera, aipatu beharra dago haur eta gazte ijitoek erronka handia dutela hezkuntza-arloan, 3 ijitotik 2k ez baitute lortzen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua.
Ikasle ijitoak dituzten ikastetxe gehienak publikoak dira, eta ikasle ijitoen kontzentrazio-tasa altuak izaten dituzte. Hauek dira segregazio horren zenbait ondorio:
- Ikasle ijitoen estigmatizazioa areagotzen da.
- Gizarte-inklusioa zailtzen da.
- Gatazkak ugaritzen dira.
- Irakaskuntzaren kalitatea mugatzen da.
2023. urteko datuen arabera, ikasle ijitoen % 40k ikasketak uzten dituzte 16 urte betetzean, DBHko titulua eskuratu gabe. Bestalde, 2012tik eskola-porrotaren tasa (DBHko titulua lortu ez duten 16 eta 24 urte bitarteko gazteak) zertxobait hobetu den arren, gainerakoen tasa baino askoz handiagoa da oraindik (% 62,8 vs. % 4). Azken datua, besteak bezain kezkagarria: ijitoen 5 etxetatik 1etan diote seme-alabek diskriminazioa jasan dutela eskola-esparruan.
Hortaz, gida didaktiko bat aurkezten dizuegu Fundación Secretariado Gitano erakundearekin batera. Hiru helburu hauek ditu:
- Ijitoei buruzko aurreiritzien gainean hausnartzea.
- Ijito-herriarekiko enpatia lantzea eta haien kulturaren balioa azpimarratzea.
- Ijito-kulturarekiko jakin-mina piztea eta horri buruz ikastea.
Probetxua ateratzea espero dugu! Bidali jarduerari buruzko ebaluazioa (gidan dago) helbide honetara: equipo.educacion@es.amnesty.org. Ziur gaude zuen ekarpenak lagungarriak izango zaizkigula hobetu beharrekoak hobetzeko eta ongi funtzionatzen duenari eusteko.
Aurrera goaz!

