Munduko pertsona asko aldaketa sakonak nabaritzen ari dira beren gizarteetan. Zenbait komunitate zatiketa edo ezegonkortasun gero eta handiagoetan murgilduta daude.
Honelako garaietan, errazagoa da buruzagi politikoentzat eta beste pertsona ahaltsu batzuentzat beldurra zabaltzea eta desberdintasunak baliatzea beren interesak babesteko eta komunitateen arteko zatiketak sortzeko. Beldurraren diskurtsoak tresna oso boteretsua dira. Boterea izan nahi dutenei muturreko neurriak justifikatzeko aukera ematen diete, askatasunak murrizteko, kontuak ematea saihesteko eta boterea talde pribilegiatuetan kontzentratzeko. Horrela hasten da giza eskubideen gainbehera, batzuetan, ezkutuan, eta, beste batzuetan, argi eta garbi.
Giza eskubideak eta horiek bermatzen dituzten askatasunak ez dira pribilegioak, ezta eztabaidagai politikoak ere, gizarte baketsu eta bidezkoen oinarriak dira. Hezkuntzarako eta berdintasunerako eskubidetik hasi eta asiloa eskatzeko eta tratu duina jasotzeko eskubideraino, eskubide horiek alde guzietako pertsona guztientzat dira. Giza eskubideak ez dira aukerakoak.
Gida hau botere autoritarioen taktikek nola isilarazi, zatitu edo kontrolatu dezaketen ulertu nahi duen pertsona ororentzat da, ez da filiazio politiko edo gobernu-sistema onenari buruzkoa. Ulertu nahi du nola erabiltzen diren politikoki beldurra eta zatiketa, nola manipulatzen diren diskurtsoak praktika autoritarioak justifikatzeko eta nola has gaitezkeen bidegabekeria areagotzea errazten duten sistemak eta kontakizunak zalantzan jartzen.
Ikaskuntza-emaitzak:
- Praktika autoritarioak gaur egun giza eskubideen gainbeherarekin nola lotzen diren eta bereziki kolektibo jakin batzuei nola eragiten dien ezagutzea eta ulertzea.
- Giza eskubideen garrantziaren kontzientzia hartzea eta unibertsalak direla ulertzea, pertsona guztientzat eta munduko herrialde guztietan.
- Gogoeta egitea zein paper aktibo dugun gorroto-diskurtsoen aurka borrokatzeko, bereziki gizarte zibilaren espazioak murriztean.

