2021ean Bernardo Caalen alde bildutako postalak @James Rodriguez/AI

2021ean Bernardo Caalen alde bildutako postalak @James Rodriguez/AI

Blog

2022ko gutun-maratoia: lagun iezaguzu biziak salbatzen zure ikasleekin!

Aurten ere, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira (abenduak 10), elkartasun-gutun eta -mezuen nazioarteko bilketa handienean parte hartzea proposatu nahi dizuegu. 150 herrialdetan gauzatuko den ekimena da, eta mundu osoko giza eskubideen defendatzaileen alde egiteko balio du. Oraingoan, defendatzaile hauen alde esku hartzea proposatzen dizuegu:

  • Chow Hang-tung (Hong Kong). Giza eskubideen arloko abokatua, Txinak espetxeratua Tiananmengo sarraskia oroitzeko bijilia baketsuetan parte hartzeagatik.

  • Dorgelessa Nguessan (Kamerun). Ile-apaintzailea eta ama ezkongabea, 5 urteko espetxe-zigorra jaso duena herrialdeko protestetan parte hartzeagatik.

  • Luis Manuel Otero Alcántara (Kuba). Kubako gizarte zibilaren protestetan atxilotutako artista. 5 urteko espetxe-zigorra jaso dezake.

  • Nasser Zefzafi (Maroko). Giza eskubideen aldeko aktibista, 20 urteko espetxe-zigorra jaso duena Marokoko gobernuaren aurkako manifestazio kritikoetan parte hartzeagatik.

  • Aleksandra Skochilenko (Errusia). Errusiar musikaria, gaur egun prebentziozko espetxealdian dagoena supermerkatu bateko etiketetan Ukrainiako inbasioaren aurkako mezuak jartzeagatik.

Ekimen honetan, laguntza behar duten pertsona zehatzentzako milioika sinadura eta elkartasun-mezu biltzen dira urtero, eta pertsona horietako batzuen bizitza hobetzea lortzeko balio izaten du. Hori izan da, adibidez, Bernardo Caal Xolen kasua. Caalek Guatemalaren iparraldeko Cahabon ibaiko proiektu hidroelektrikoek kaltetutako komunitateak defendatzen zituen, eta 2018an zazpi urtetik gorako espetxe-zigorra ezarri zioten; kargu faltsuak egotzi zizkioten, giza eskubideen alde lan egin zezala eragotzi nahian. Iazko maratoian, Bernardoren aldeko milioi erdi ekintza baino gehiago jarri ziren martxan, eta 2022ko martxoan aske utzi zuten.

Zuen ikastetxean maratoia abian jarri nahi baduzue, urrats hauek egin behar dituzue:

1. Eskuratu kasuak eta bakoitzerako proposatzen diren ekintzak azaltzen dituen aurkezpen interaktiboa. Aurkezpena zuek erabil dezakezue, edo partaideen artean banatu.

2. Eman ezagutzera kasuak ikastetxean. Gure posterrak erabil ditzakezue, edo kasuei buruzko horma-irudiak eta marrazkiak egiteko proposa diezaiekezue ikasleei, eta gero ongi ikusteko moduko lekuren batean jarri (korridoreak, jolastokia, sarrera, etab.).

3. Aukera izanez gero, egin kasuak aurrez lantzeko tailerren bat, pertsona horiei gertatzen zaienaren gainean eta jasaten dituzte eskubide-urraketen gainean hausnartzeko.

4. Esku hartu bost kasuetakoren baten alde (edo guztien alde!). Ikusiko duzuenez, elkartasun-ekintzak edo erronkak egiteko aukera duzue, edo gutunak idaztekoa (zenbait eredu erantsi ditugu, orientabide gisa erabili nahi izanez gero). Aukeratu hobekien datozkizuenak!

5. Bidali gutunak eta ekintzen argazkiak zein bideoak helbide honetara: redescuelas@es.amnesty.org. Gure sareetan zabaltzen saiatuko gara!

Esteka honetan jaitsi dezakezue beharrezko material guztia.