Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
Pamela Palenciano bere antzezpenetako batean. ©Privada

Pamela Palenciano bere antzezpenetako batean. ©Privada

Blog

“Antzerkia genero-indarkeriaren aurkako tresna pedagogiko bikaina da”

Vega del Val, Amnesty Internationalen kolaboratzailea,

Pamela Palenciano aktore eta aktibistak 15 urte baino gehiago daramatza antzoki, eskola eta institutuetan antzezten  No solo duelen los golpes bakarrizketa, jarrera matxisten eta genero-indarkeriaren aurkako alegatu paregabea. Umorearen eta ironiaren bidez kontatutako kontakizun autobiografiko bat da, eta pedagogia-ariketa ona gazte zein irakasleentzat.

-Nerabezaroko genero-indarkeriari buruzko txostenek salatzen dute lau neskatik batek indarkeria psikologikoa eta kontrola jasaten dituela eta bost mutiletik batek uste duela indarkeria matxista ez dela existitzen. Datu horiek harrigarriak dira? 

Atzera egin dugu. Bitxia da, berriak edo ikerlan bat irakurrita baino gehiago ikasten baitut ikasgela batean ikusten dudanarekin. Gizartea nola dagoen eta atzerakada hau zergatik gertatzen ari den ikasten dut.

-Zergatik egin dugu atzera?

Arrazoi asko daude, baina zifra horiek dauzkagu helduen artean ere horiexek direlako. Etxean genero-indarkeria ukatzen badute, nola ez du ukatuko 14 urteko mutil batek? Indarkeria matxistaren gaineko sentsibilizazio-lan ikaragarria egin zen 2003tik 2018ra bitarte, baina, 2017az geroztik, ultraeskuinaren mezu antifeminista indar handia hartzen hasi zen nazioartean, eta gazteengana iristen hasi zen youtuberren bidez, feminismoaren aurkako bozgorailu nabarmena baitira. Feminismoarekin ados egon zaitezke ala ez, baina kasu horietan feminista den oro zapuzten dute, feminista izate hutsagatik.

-Zer eragin dute mezu horiek gazteengan, sare sozialekin duten erlazioa kontuan hartuta?

Eragina handia da, YouTuben edo TikToken ordu luzez ikusten badituzte mezu antifeministak. Kontuan hartu behar da, halaber, neskak izugarri ahaldundu direla, baina mutilen kasuan gaia errena geratu dela. Maskulinitate-lantegiak, eredu maskulino berriak… lan gutxi egin da. Zer gertatzen da neskak ahalduntzen badira baina mutilak ez badira zentzu horretan desahalduntzen? Bada, indarkeria matxista ukatzen dutela.

-Zer tresna erabil ditzakegu institutuetan genero-indarkeria geldiarazteko?

Nazkatuta daude hainbeste lantegi eta hitzaldirekin. Niri izugarri gustatzen zait antzerkia, tresna artistiko eta pedagogiko bikaina baita. Irakasleek galdetzen didate ea nola lortzen dudan 90 minutuan lantzea beraiek urtebetez landu behar izaten dituzten gaiak. Antzerkiaren magia dela erantzuten diet. Emozioak ukitzen ditu, eta zerbaitek gorputza astintzen badigu, ezin dugu indarkeria matxista erlatibizatu.

-Zure ustez, berdintasun-planak curriculum akademikoaren parte izan behar luke?

Zeharkako gaia izan behar luke. Egunero lan egin behar da gehiago irakasle guztiekin, eta ez soilik egun seinalatuetan. Gurasoekin ere lan egin behar da, eta zeren kexu diren ezagutu; izan ere, batzuetan automatikoki kexatzen dira proiektu edo hitzaldi feministez edo LGTBI kolektiboaz, baina ez, ordea, ikasleak La casa de Bernarda Alba antzezlana ikustera eramateaz, antzezlan gogorra eta biolentoa dena. Irakasleek azaldu behar diete jarduera horiek curriculumaren parte direla, ez soilik matematika eta hizkuntza. Ez da inor konbentzitu behar; hitz egitea eta zer gertatzen den ulertzea, horixe da kontua.

Pamela Palencianoren lehen planoko argazki bat. ©Privada

-Gazteek emakume helduen arazotzat ikusten dute genero-indarkeria, ikerlan batzuek dioten moduan?

Bai. Haien arteko harremanetan toxiko hitza erabiltzen dute. Hori ere berria da. Toxiko hitzak indarkeria zuritzen du. Helduen kasuan errazagoa zaie tratu txarrez hitz egitea, gizon batek emaztea hiltzen duelako edo elkarrekin bizi direlako eta tratu txarrak gertatzen direlako. Horregatik, antzerkiko zenbait egoeratan islatuta ikus dezakete beren burua, eta jasotzen edo egiten dutena ere indarkeria matxista dela ikus dezakete. Hasieran defentsarako jarrera duen mutil bat beste jarrera batekin irteten da. Esan izan didate: “Kontatzen ari zarena kontuan hartuta, neska-lagunari tratu txarrak ematen dizkiodala sentitzen dut”. Eta ona da horretaz konturatzea, horrelako jarrerak alde batera uzteko adin aproposa baitute. 

-Zer ikasten duzu ikasgelan?

Helduetan zentratutako ikuspegia dudala ikusten dut, askotan ahaztu egiten baitzaigu. Helduok pentsatzen dugu beti dugula arrazoi, eta boterean edo agintean oinarrituta hitz egiteak ez du funtzionatzen. Gertatzen zaiena eta bizi dituzten egoerak ulertzen ikasten dut, eta haiekin hitz egiten. Garrantzitsua da mutilei ulertaraztea patriarkatutik libratuta gizon hobeak izango direla, horrek beraiei ere badakarkiela onura, eta ez soilik neskei.

-Neska nerabe batek biktimatzat identifikatzen badu bere burua, zer esaten diozu?

Laguntza bilatu behar dutela, bai beraiek, genero-indarkeriaren biktima gisa, baita mutilek ere, indarkeria-erabiltzaile gisa. Esaten diet laguntza behar badute babesa emango dien heldu bat izango dutela beti inguruan.

-Esaten duzunez, bakarrizketaren helburuetako bat zuri nerabe zinenean kontatu ez zizutena kontatzea da. Gutxi hitz egiten da gazteekin genero-indarkeriaz?

Denetik dago, programa bikainak daudelako, baina uste dut ikasgeletan oraindik ez dutela kontatzen nerabe nintzenean entzun nahi izango nuena. Adibidez, ez errudun sentitzea; izan ere, batzuetan irakasleek biktimizazioaren ikuspegitik hitz egiten diete indarkeria matxistaren biktimei, eta hori ez da bidea. Mota askotako biktimak eta tratu txarren emaileak daudela entzun nahiko nukeen nik. Nire garaian, pasiozko krimenez hitz egiten zen, eta estereotipoa ezartzen zen: emakume zaharra, etxekoandrea, ikasketarik gabea, senar mozkorra zuena, etab. Ni ez nintzen horrekin identifikatuta sentitzen. Gainera, jarrerazko arazo hutsera mugatuta, banakoarengan jartzen da erantzukizuna, baina ez zaio arazo kolektiboari erreparatzen. Tratu txarren emailea ez da horrela jaiotzen; gizarteak elikatu egiten du, matxista izan dadin. Eta eraikitako zerbait bada, deseraiki ere egin daiteke.

-Bi urtetik hona jazarpena jasaten duzu egunero, aktibista gisa egiten duzun lanagatik. Nola daramazu egoera?

Lau urte daramatzat Interneten jazarpena jasaten eta nire jarduerei betoa jartzen dietela ikusten. Zaila da bizitza pertsonala aktibismotik eta lanetik bereiztea. Indarkeria oso sotila da. Mila bider kontatzen dute niri buruzko gezur bat, egia bihur dadin. Jasaten dudan jazarpen-maila deskribaezina da. Maiatzaren 25etik abuztuaren 26ra, egunero jasotzen nituen heriotza-mehatxuak. Azkenean, pasioak mugitzen nau. Bakarrizketak irauten duen 90 minutuan gazteengan ikusten dudan aldaketarekin geratzen naiz. Horrek indar handia ematen dit.