Gaur, irailak 23, Bisexualitatearen Nazioarteko Eguna da.
Zer zerikusi du ospakizun honek Freddie Mercuryrekin eta urtebetetze batekin?
Hemen azalduko dizugu.Zer da bisexualitatea?
Bisexuala bere genero berekotzat zein aurkako generokotzat jotzen dituen pertsonekiko erakargarritasun emozionala, afektiboa edo/eta sexuala sentitzen duen pertsona da. Era berean, bisexualitatea da edozein generotako norbanakoekiko erakargarritasuna sentitzea. Erakarpen horrek ez du zertan modu proportzionalean banatuta egon genero desberdinen artean (hau da, ez da zertan erakargarritasun-maila bera izan behar genero guztiekiko).
Zergatik ospatzen da egun hau?
90eko hamarkadaren hasieran, aktibista bisexualen erakundeak jaiotzen hasi ziren, bereziki AEBn. Hala ere, nazioarteko eguna ez zen 1999ra arte ezarri. Urte hartan, Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexen Nazioarteko Elkartearen (ILGA) urteko konferentzian, bisexualitatearen nazioarteko eguna ezartzea erabaki zuten, hiru aktibista bisexual estatubatuarren ekimenez: Wendy Curry, Michael Page eta Gigi Raven Wilbur.
Wilburrek elkarrizketaren batean adierazi izan duenez, “Stonewalleko erreboltaz geroztik, gay eta lesbianen komunitateak indarra eta ikusgaitasuna lortu ditu. Bisexualen komunitateak ere indarra hartu du, baina alderdi askotan ikusezinak izaten jarraitzen dugu. Ni ere baldintzatu nau gizarteak, eta eskutik helduta doan bikote bat pertsona bakoitzarengan antzematen dudan generoaren arabera automatikoki heterosexual edo gay gisa etiketatzera eraman nau".
Bi arrazoirengatik aukeratu zuten irailaren 23a: irailean jaio zen Freddie Mercury; Wendyk, Michaelek eta Gigik maite zuten, eta bisexualitatea indar handiz irudikatzen zuela iruditzen zitzaien. Eta hiruetatik batek, Gigik, irailaren 23an betetzen ditu urteak. Horrela aukeratu zuten eguna.
Irailaren 23a Bisexualitatearen Nazioarteko Eguna da. Irudian, 2010ean Leicester hirian egindako manifestazioa. © Partikularra
Zer da biofobia?
Biofobia pertsona bisexualei begirako beldurra, gorrotoa edo higuin irrazionala da. Bisexualei buruzko estereotipoek barne hartzen dituzte pertsona horiekiko diskriminaziozko planteamenduak, eta planteamendu horien arabera, haien sexu-orientazioa aldi baterakoa da, lizunkerian erortzen dira eta promiskuitatea dela-eta gaitzak errazago transmititzen dituzte, besteak beste.
Biofobia da mundu osoko bisexualek jasaten dituzten indarkeriaren, diskriminazioaren, pobreziaren eta osasun fisiko nahiz mental kaskarragoaren arrazoietako bat. Biofobiaren ondorioz, mugatu egiten da pertsona horien gaitasuna egunez egun munduko herrialde askotan pairatzen dituzten gehiegikeriak salatzeko.
Zer aldarrikatzen da?
Nazioarteko eguna zenbait pertsona heterosexualek bisexualekiko dituzten aurreiritziei eta bazterkeriari aurre egiteko erantzun gisa sortu zen, baita LGBTI kolektiboaren barruan bertan bisex problematikari ikusgaitasuna emateko ere.
Pertsona bisexualek giza eskubideen urraketak jasaten dituzte beren sexu-orientazioagatik. Besteak beste, indarkeria, tortura eta tratu txarrak pairatzen dituzte atxilotze-zentroetan, eta osasun-eskubidearen aurkako diskriminazioa jasaten dute.
70 herrialdetan, delitua da harreman homosexualak izatea (eta zigor fisikoak zein kartzela ekar dezake, baita heriotza-zigorra ere, herrialde horietako hamabitan). Bisexualek gogor pairatzen dituzte beste lege diskriminatzaile batzuk; diskriminazioa eta estigmatizazioa jasaten dituzte osasun-arloan, hezkuntzan, enpleguan eta gizarte-zerbitzuetan, eta batzuetan mugatuta izaten dituzte adierazpen-askatasuna eta bilera baketsuak egiteko eskubidea. >