“Hezkuntzari buruz hitz egiteko gaude hemen, eta bikaina da balioak lantzeko ikasgaiak izatea, baina praktikaren eta esperientziaren bidez lortzen da balio horiek barneratzea. Amnesty Internationaleko Eskola Talde bat izatea esperientzia handia da, eta ikasitakoa praktikan jartzeko balio du: sen kritikoa, konpromisoa, justizia, tolerantzia, elkartasuna, errespetua eta erantzukizuna dira Talde honi esker barneratzen ditugun balioetako batzuk. Beti izango dira nire parte eta naizenaren parte, eta espero dut haientzat esanahi bera izatea”.
– Julieta, Juan de Herrera BHIko Eskola Taldeko ikasle ohia.
Dakizuenez, Amnesty International mugimenduaren eginkizunaren zati handi bat giza eskubideen urraketak salatzea, biktimak ikusaraztea, ikertzea, aldaketak eragitea eta jendea mobilizatzea da.
Funtzio horiek guztiak oso-oso beharrezkoak. Giza eskubideak bakea lortzeko ezinbesteko baldintza eta horren ondorio dira aldi berean. Nolanahi ere, gatazka armaturik ez egoteak ez du ziurtatzen bakean bizi ahal izatea.
Eta hor sartzen gara gu: giza eskubideen gaineko hezkuntza funtsezkoa da epe ertain eta luzera mundua aldatzeko. Biktimak ahalduntzeko, bakearen kultura sustatzeko eta gizarte justu eta berdintasunezkoa lortzeko.
Konpromiso hori daukagu urriaren 5eko online topaketan parte hartu genuenok, eta horixe da, halaber, Madrilgo Komunitatean San Lorenzo de El Escorialen dagoen Juan de Herrera BHIko Eskola Taldearen motibazio nagusia.
Izan ere, gurekin izan genituen Eskola Taldeko ikasle asko (eta ikasle ohiak), giza eskubideen sustapenari eta defentsari dagokienez kezkatuta dauden eta sentsibilitate handia duten gazteak. Gehien motibatzen dituzten esperientzien edo gaien berri eman, eta hainbat gairi buruz hitz egin ziguten: protesta-eskubideaz, manifestazioetako mobilizazioaz, Palestinaz, giza eskubideen defendatzaileez, heriotza-zigorraz, gorroto-delituez, arrazakeriaz eta xenofobiaz, unibertsitateko irakasleak giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren garrantziaren gainean kontzientziatzeko beharraz… Amnesty International DNA, argi eta garbi.
Ikasleen lekukotzak
Arturok dio “azkenean aldaketak hezkuntzatik etorri behar duela”. Haren iritziz, gelaz gelakoa aukera interesgarrienetako bat da, aukera ematen duelako “mezua gainerako ikaskideei helarazteko” eta “munduaren egoeraren berri emateko”. Haren ustez, “‘informazioa jaso informazioa zabaltzeko’ esaldiak nahiko ongi azaltzen du Taldearen helburua”.
Sararentzat, Zure hitzak opari da Amnesty Internationaleko kanpaina gogokoenetako bat. Gehien hunkitu zuen kasuetako bat Bernardo Caalena (Guatemala) izan zen, eta harrituta geratu zen espetxean zegoela bidali zizkioten postalek izandako eragin positiboarekin: “Postalak izugarri gustatu zitzaizkiola esan zigun; kartzelan aurrera egitera animatzen zutela, eta handik irten eta laguntzen jarraitzeko itxaropena ematen ziotela”. Espetxetik atera ostean, Bernardok Juan de Herrera BHI bisitatu zuen. Sarak berak eta beste kide batek aurkeztu eta dinamizatu zuten ekitaldia, zeina publiko ororentzako irekia izan baitzen.
Ana S-k Taldeak udalerriko CEAR zentrora egindako bisita nabarmendu zuen. Bertan, jarduerak egin zituzten egoiliarrekin. Afganiarren, errusiarren eta ukrainarren lekukotzak entzun zituzten, eta beste “hainbat testigantza gogor samar; guk ezin dugu imajinatu ere egin zer den egoera horietan bizitzea”. Ana S-k honako hau ondorioztatzen du: “Hedabideek errefuxiatuen irudi hotz eta deshumanizatua eskaintzen digute, eta oso ondo dago gu eta institutuko jendea haiekin elkartzea (…), gure espazioetan sar ditzagun”. Era berean, “gorrotoak ezjakintasunetik asko duela” dio.
Mati ere oso kezkatuta dago institutu inguruan margotuta dauden gorroto-mezuekin. “Gorroto-mezuetatik gehien kezkatzen gaituena ez da soilik pertsonari egin diezaioketen kaltea, baizik eta mezuen atzean dagoen desinformazioa. Tristea da, jende horrek ez baitaki zer idazten ari den ere, eta ez daki zer kalte egin dezakeen eta zenbat eragin diezaiokeen pertsona bati”. Pintada matxistak, homofoboak edo arrazistak izateaz gain, mezu horien jomuga diren pertsonak argi identifikatzera ere iristen dira. Hala, zera dio: “Arima urratzen dit mundu honetan hain jende gaiztoa dagoela jakiteak, eta oraingoz egin dezakedan gauza bakarra hauxe da” (Eskola Taldean duen aktibismoari erreferentzia eginez).
Migueli kezkagarria iruditzen zaio institutuetan ez behar beste lantzea Palestinako Lurralde Okupatuetako egoera, “antisemitismotzat hartuko duten beldurragatik”. “Ezin da izan Giza Eskubideen Adierazpen [Unibertsal] bat sortu izana milioika pertsonaren bizitzak babesteko” eta orain Israelek, juduek Holokaustoaren izugarrikeriak jasan ondoren, “palestinar herria zapaltzea”. Miguelek Chema Caballerori buruz ere hitz egin zigun. Chema Caballerok gatazka armatuko testuinguruetan sexu-indarkeria jasaten duten haur soldaduen eta neskatoen errehabilitazioaren alde lan egiten du.
Pedroren aburuz, funtsezkoa da “etorkizunean irakasle izango direnei informazioa ematea, beren gaitegian giza eskubideak sartu ahal izan ditzaten, derrigorrezko hezkuntza baita”. Era berean, atsekabea sentitzen du manifestazioetan eta beste mobilizazio batzuetan parte hartzeko motibazio faltagatik: “Jende asko kexu da, baina ez du ezer egiten”. Haren ustez, oso garrantzitsua da jendea kalera ateratzea manifestatzera, pentsatzen duena esatera, eta hori ere sustatu behar da ikasgelan. Horregatik da garrantzitsua irakasleei hitzaldiak ematea, “kontzientziatzeko”.
Ana B-ren iritziz, oso garrantzitsua da unibertsitateetan Amnesty Internationaleko taldeak egotea, eta unibertsitate-mobilizazioak giza eskubideetan oinarrituta egotearen garrantzia azpimarratu du.
Irenek honako hau nabarmendu du: “[Eskola] Taldeko kide gisa, taldean lan egiteko gaitasuna, ezagutza didaktikoak eta jendaurrean hitz egiteko esperientzia barneratzen ditugu, eta dakiguna zorroztasunez eta seriotasunez konta diezaiekegu beste pertsona batzuei, ondo jakinda zertaz ari garen”. Hala, azpimarratu du aukera izan zutela Lehen Hezkuntzako ikastetxe batera joateko immigrazioari eta errefuxiatuei buruz hitz egitera, edo gatazka armatuei buruzko tailerrak prestatu ahal izan zituztela beste institutu batzuetarako; unibertsitateetara ere joan ziren, Taldearen lana ezagutzera ematera: “Oso baliagarria eta azpimarragarria da [Taldean] parte hartuz eta bileretara joanez halako trebakuntza lortzea. Taldeko kide eta aktibistak izateaz haratago, inork ez digu formakuntzarik eman”.
Azkenik, JulietakShujaa Grahamen kasuari buruz eta heriotza-zigorrari buruz hitz egin zuen, eta nabarmendu zuen Shujaa azkenean aske utzi zutela, haren kasuarekiko interesa agertu zuten bi ikasleren aktibismoari esker. Berak eta Taldeak Shujaarekin elkartzeko aukera izan zuten: “Oso argigarria izan zen askorentzat. Bertan izan ginen guztiek gutxienez gauza bat ikasi genuen, hots, gobernuaren ardura dela gu babestea eta indarkeria zigortzeko ez indarkeria erabiltzea, baita bizitzeko eskubidea ororen gainetik errespetatzea ere”.
Hala, hasiera batean giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren arloan jardunbide egokien gune gisa sortu zena, topaketa inspiratzaile ere bihurtu zen.
Eskerrik asko Taldeari bere eredu, konpromiso eta sentikortasunagatik!
Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzan egiten dugun lana hobetzeko hausnartzen
Hezkuntza Sarearen lanari buruz hausnartzeko tartea ere izan genuen, gure lana hobetzeko aukera emango diguten alderdiak identifikatzeko. Interes, parte-hartze eta dinamismo handia izan ziren, eta ideia interesgarri dezente atera ziren.
Post honi erantsi diogu identifikatutako hobekuntza-puntu nagusien laburpena. Hodeiko karpeta honetan ere jasota dago, topaketaren grabaketarekin (bideoa eta audioa) eta azken hiruhileko honetako hezkuntza-egutegiaren aurkezpenarekin batera; horiek ere erantsi ditugu post honetan.
Mila esker guztiei topaketa hain aberasgarri egiteagatik! Hurrengoetan ikusiko dugu elkar.
Aurrera goaz.