Heriotza-zigorrak indarrean jarraitzen du dozenaka herrialdetan, eta, gainera, gehiagotan aplikatu da azken urteetan. Saudi Arabiak eta Iranek egin zituzten exekuzio gehien 2024an, eta Estatu Batuak zenbait estatutan erabiltzen hasi zen berriro. Delinkuentzia geldiarazteko balio du benetan? Zein delitu zigortzen dira heriotza-zigorrarekin? Amnesty International Españak ezinbesteko 10 erantzun eskaintzen dizkizu praktika horrek giza eskubideak zergatik urratzen dituen eta mundu osoan zergatik indargabetu behar den ulertzeko.
1. Zergatik dago Amnesty International heriotza-zigorraren aurka?
Erraza da: heriotza-zigorrak giza eskubide oinarrizkoenaren aurka egiten du, bizitzeko eskubidearen aurka; eskubide hori Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 3. artikuluan dago jasota. Estatu batek gauza dezakeen tratu krudel eta gizagabearen forma muturrekoena da. Gainera, beti dago aukera pertsona errugabe bat exekutatzeko, eta hori bidegabekeria dramatikoa eta konponezina da.
Mundu osoan, heriotza-zigorra modu diskriminatzailean aplikatzen da: maizago zigortzen dira pobretutako pertsonak, gutxiengo etniko edo erlijiosoetakoak, edo desgaitasun mental edo intelektualen bat dutenak. Gobernu batzuek, gainera, errepresio-tresnatzat erabiltzen dute oposizioa isilarazteko eta herritarren artean beldurra zabaltzeko, Iranen “Emakumeak, Bizitza, Askatasuna” altxamenduaren ondoren ikusi zen moduan. Irango agintariek 1.000 pertsona baino gehiago exekutatu dituzte 2025ean, Amnesty Internationalek gutxienez azken 15 urteetan erregistratu duen urteko exekuzio-kopuru handiena.

Amnesty Internationaleko aktibistek heriotza-zigorraren eta exekuzioen aurkako ekintza sinboliko batean parte hartzen dute Iranen. © Pierre Crom / Amnesty International
2. Heriotza-zigorrak justizia eskaintzen die biktimei?
Senideak edo maite dituzten pertsonak galdu dituztenek eskubidea dute akusatuek justiziaren aurrean kontuak eman ditzaten eta, erruduntzat jotzen badira, kondena bat jaso dezaten. Horrek ez du esan nahi, ordea, heriotza-zigorrik ezarri behar denik. Kontua ez da delituak zigorrik gabe geratzea edo biktimek erreparazioa jasotzeari uztea, baina, hildako pertsonen familia askok adierazi dutenaren arabera, heriotza-zigorrak ez du haien sufrimendua arintzen: besterik gabe, beste familia batera zabaltzen du.
Gainera, ezin da justiziarik egin krimen baten aurrean beste bidegabekeria bat eginez. Pertsona guztiek, egin duten delitua oso larria izan bada ere, giza eskubide berberak dituzte. Inori ezin zaio bizitzarako eskubidea kendu, min handia eragin duen arren. Norbait exekutatzea edo hori egiteko mehatxu hutsa tratu bidegabea da, bai kondenatuarentzat, bai haren pertsona maiteentzat. Heriotza-zigorra aplikatzen duten herrialdeek aurre egiten diotela dioten indarkeria bera errepikatzen dute.
Azkenik, heriotza-zigorrak zerikusi gutxi du justiziarekin. Gehien aplikatzen duten estatuen artetik hiruk —Txina, Iran eta Saudi Arabia— sistema judizial oso bidegabeak eta ebazpen opakuak dituzte, bermerik gabeak.
3. Heriotza-zigorrak balio du delinkuentzia edo terrorismoa prebenitzeko?
Hori da heriotza-zigorraren alde gehien errepikatzen den argudioetako bat, baina gezurra da. Ez dago frogarik heriotza-zigorraren aplikazioa espetxe-zigorrak baino eraginkorragoa denik esateko delitu larrienak saihesteko. Aurkakoa: heriotza-zigorra indargabetu duten herrialdeetan, delinkuentziak gora ez egiteaz gain, kasu askotan behera egin du. Azterlanen arabera, delinkuentzia, batez ere indarkeriazko krimenak, prebenitzeko modu eraginkorrena gizarte-desberdinkeriak eta diskriminazioa murrizteko egiturazko neurriak hartzea da.
Terrorismoari dagokionez, estatu askok heriotza-zigorra baliatzen dute segurtasun nazionala mehatxatzen duten erasoen aurrean “zorrotz” agertzeko. Nolanahi ere, oso zaila da exekuzio baten mehatxuak beren sinesmenengatik hiltzeko prest dauden pertsonak geldiaraztea; horixe gertatzen da terrorista suizidekin.
Gainera, terrorismoagatik kondenatutako pertsonak exekutatzeak beren erakundeen kontakizuna indartu ohi du, “martiri” gisa aurkezten baitituzte eta haien heriotza indarkeriazko ekintza berriak justifikatzeko erabiltzen baitute. Bestalde, zigor horietako asko torturapean lortutako aitorpenen ondoren ezartzen dira, eta horrek sinesgarritasun osoa kentzen dio prozesuari. Beste kasu batzuetan, zibilak auzitegi militarretan epaitzen dira, eta hori nazioarteko zuzenbidearen aurka dago.

Amnesty Internationalen ekintza Hagan (Herbehereak), Iranek manifestarien exekuzioak amaitu ditzala eskatzeko. © Pierre Crom/Amnesty International
4. Hobeto da pertsona bat exekutatzea bizi osoan espetxean izatea baino?
Ez. Exekuzioaz beraz gain, “heriotza-korridorea” deiturikoan itxoitea gizon-emakumeek, errudunek eta errugabeek, aurre egin beharreko eguneroko krudeltasun-ariketa bat da, eta adingabeak eta desgaitasun mentala edo intelektuala duten pertsonak ere tartean egoten dira. Heriotza-zigorrak birgaitzeko edo absolbitzeko edozein aukera deusezten du, azkenean pertsona errugabea dela frogatzen bada.
Pertsona bat aska daiteke egin ez zuen delitu batengatik, baina inoiz ezin da atzera egin heriotza-zigorraren kasuan. Death Penalty Information Center (DPIC) zentroaren arabera, 1973az geroztik, Estatu Batuetan heriotza-zigorrera kondenatutako gutxienez 200 pertsonalibratu dituzte, errugabeak zirela frogatu ondoren. Tamalez, kasu batzuetan zuzenketa pertsona horiek exekutatu ondoren iritsi zen.
Zentzu horretan, gogoan izan behar da Iwao Hakamada japoniarraren kasua: 45 urte igaro zituen heriotza-korridorean, munduan erregistratutako aldi luzeena. Irregulartasunez betetako epaiketa baten ostean kondenatu zuten, eta torturapean aitortu zuela salatu zuen. Zenbait hamarkadatan muturreko isolamenduan bizi izan zen, egun bakoitza azkena izango ote zen jakin gabe. Bere kasua heriotza-zigorraren aurkako nazioarteko ikur bilakatu zen, Amnesty Internationalek parte hartu zuen mundu-mailako babes-kanpaina luze baten ondoren, kargu guztietatik absolbitu zuten, eta aske geratu zen, bidegabekeriazko ia mende erdi igaro ondoren.
5. Badago gizatiar eta minik gabekotzat hartzen den exekuzio-metodorik?
Berez duen funtsagatik, exekuzio-forma oro gizagabea da, kasu guztietan sekulako sufrimendu mentala eragiten dielako aurretiaz kondenatuari eta haren ahaideei. Askotan,injekzio hilgarria aurkezten da metodo “gizatiarrentzat”, iradokitzen baita beste prozedura tradizional batzuek baino sufrimendu fisiko gutxiago eragiten duela.
Pertsona bat exekutatzeko ekintza modu “gizatiartzat” aurkezteko ahalegin hori zuritze hutsa da: legez, norbaiti bizitza kentzea normalizatzea eta gizartearentzat onargarria izatea du xede.

Amnesty Internationalen protesta Irango enbaxadaren aurrean, exekuzioak eta heriotza-zigorra amaitu daitezela eskatzeko. © Amnesty International / Stephane Lelarge
6. Baliozkoa da heriotza-zigorra herrialde bateko gehiengoak babesten badu?
Askotan, heriotza-zigorraren babes soziala ideia faltsuetan oinarritzen da, adibidez delinkuentzia murriztu dezakeela, bereziki hilketak, bortxaketak edo terrorismoa. Gobernu askok argudio hori indartzen dute, nahiz eta ez dagoen hori erakusten duen ez frogarik ez azterlanik.
Gainera, neurri hori defendatzen dutenak gutxitan dute informazioa errugabeak exekutatzeko arriskuari buruz, prozesu askotan bermerik ez izateari buruz eta era guztietako gutxiengoen aurka modu diskriminatzailean aplikatzeko aukerari buruz. Estatuek informazio zehatza eskaintzen dutenean soilik egon ahal izango da praktika horri buruzko eztabaida publiko erreala.
Nolanahi ere, giza eskubideak, eskubide oinarrizkoena barne –bizitzeko eskubidea–, unibertsalak dira. Ezin dira tokatzen den gobernuaren mende egon, ezta une jakin batean gizartearen gehiengoak duen iritziaren mende ere.

Heriotza-zigorraren eta Estatuaren indarkeriaren aurkako manifestazioa Singapurren. © Roslan Rahman/AFP vía Getty Images
7. Zein delitu zigortzen dira heriotza-zigorrarekin?
Legerian heriotza-zigorra jasota duten herrialde gehienetan, heriotza-zigorra hilketak, terrorismo-ekintzak edo antzeko delituak zigortzera mugatzen da.. Baina beste estatu batzuetan, heriotza-zigorra hain astunak ez diren delituei aplikatzen zaie, baita inolako zorroztasun juridikorik ez duten karguei ere.
Esate baterako, Iranen eta Asiako hego-ekialdeko zenbait herrialdetan droga-trafikoagatiko heriotza-zigorra aplikatzen jarraitzen da. Iranen kasuan, gainera, errepresio-tresnatzat erabiltzen da bereziki emakumeentzat askatasun eta eskubide gehiago eskatzen dituzten herri-altxamenduen aurka. Manifestariei bizia kentzeko arrazoi diren delituak abstraktuak izan daitezke, hala nola “Lurrean ustelkeria zabaltzea” edo “Jainkoarekiko etsaitasuna izatea”.
ILGA plataformaren datuen arabera, dozena bat herrialdetan homosexualitatea heriotza-zigorrarekin zigortzen da oraindik. Kasu berri eta kezkagarriena Ugandarena da; han, 2023ko maiatzean, Yoweri Museveni presidenteak Homosexualitatearen aurkako Legea onartu zuen. Legeak heriotza-zigorra ezartzen du “homosexualitate larriagatik”, eta, gainera, sexu bereko pertsonen arteko sexu-ekintza adostuak eta homosexualitarearen “sustapena” deiturikoa kriminalizatzen ditu.
2023ko abenduan, zenbait erakundek lege horren aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztu zuten, baina 2024an Ugandako Konstituzio Auzitegiak arauaren zati batzuk bakarrik baliogabetu zituen eta ez zituen xedapen larrienak kendu. Horren ondorioz, LGBTI pertsonen eta horiek babesten dituztenen aurkako erasoak areagotu dira. Ugandako HRAPF gobernuz kanpoko erakundeak bildutako datuen arabera, lege hori onartu zenetik 55 atxiloketa, Fiskaltzari igorritako 3 heriotza-zigor, behartutako 8 uzki-azterketa, 254 etxegabetze eta 200 indarkeria-kasu edo indarkeriaren mehatxu-kasu dokumentatu dira.
Amnesty Internationalek salatu du lege horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituela, hala nola berdintasuna, askatasun pertsonala, tratu krudel edo umiliagarrien aurkako babesa eta intimitatea, eta osorik indargabetzeko eskatu du.
8. Zein herrialdetan gertatzen dira exekuzio gehiago?
2024. urtean, exekuzioak asko areagotu ziren mundu-mailan, batez ere Iran eta Saudi Arabiak bultzatuta. Iranek gutxienez 972 pertsona exekutatu zituen –ezagutzen den mundu-mailako guztizkoaren % 64–, heriotza-zigorra errepresio-tresnatzat erabili baitzuen, “Emakumea, Bizitza eta Askatasuna” mugimenduaren protesten atzetik. Biktimen artean, bermerik gabeko epaiketetan kondenatutako pertsonak zeuden, desgaitasun mentala zuen gazte bat barne.
Saudi Arabiak exekuzioak bikoiztu zituen, eta gutxienez 345 egin zituen. Horietako asko disidentzia politikoak isilarazteko eta iraganeko protestetan parte hartu zuten gutxiengo xiitak zigortzeko erabili zituzten.
Estatu Batuetan, halaber, gorakada erregistratu zen, 25 exekuzio egin baitzituzten, 2015az geroztik bigarren kopuru handiena. Lau estatu hasi ziren berriro heriotza-zigorra baliatzen, eta Alabamak exekuzio-kopurua hirukoiztu zuen.
Exekuzioen gorakada nabarmenak izan dituzten beste herrialde batzuk Irak (63 exekuzio) eta Yemen (38 exekuzio) izan ziren. Aldiz, Saharaz hegoaldeko Afrikan kopurua jaitsi egin zen. Somalia izan zen exekuzioak egiten jarraitu zuen eremu horretako herrialde bakarra.
Egoera samingarria izan arren, albiste onik ere izan zen: Bangladeshen ez zen exekuziorik erregistratu lehenengoz 2018az geroztik.
Mundu-mailako kopuruetan ez dira sartzen Txina, Ipar Korea eta Vietnameko datuak; izan ere, herrialde horietako sekretismoaren ondorioz, ezin da jakin zein den benetako kopurua. Nolanahi ere, uste da kopuru hori oso handia dela.

Amnesty Internationalen protesta Kuala Lumpurreko Singapurreko enbaxadaren aurrean, Pannir Selvamen exekuzioa gelditzea eskatzeko, drogengatik heriotzara zigortu baitzuten Malaysian. © NurPhoto via Getty Images
9. Heriotza-zigorra indargabetzearen aurkako borroka irabazten ari gara?
Erantzuna konplexua da. Azken urteetan exekuzioen kopurua handitu egin bada ere, gero eta herrialde gutxiagok aplikatzen dute heriotza-zigorra. Amnesty Internationalen datuen arabera, 15 herrialdek soilik egin zituzten exekuzioak 2024an(2022an 20 herrialdek eta 2023an 16 herrialdek) ; erakundeak erregistratu duen kopuru txikiena da.
2024. urtea amaitzean, 113 herrialdek indargabetu zuten erabat heriotza-zigorra, eta 145 herrialdek kendu zuten praktikan edo legez. Urte horretako abenduan, NBEren estatu kideen bi herenek baino gehiagok heriotza-zigorraren erabilerari buruzko moratoria bat ezartzeko ebazpen bat babestu zuten. Aurrerapen hori 1977ko egoeraren oso bestelakoa da; orduan, soilik 16 herrialdek indargabetu baitzuten praktika hori. Gaur egun, munduko bi herenek baino gehiagok behin betiko ezabatzeko konpromisoa hartu dute.
10. Nola eragiten die heriotza-zigorrak emakumeei?
2024an, munduan erregistratutako 1.518 exekuzioen artean, 44 emakumeenak izan ziren, herrialde hauetan: Saudi Arabia, Txina, Egipto, Irak, Iran eta Yemen.
Amnesty Internationalen dokumentatu dugu emakume horietako askok indarkeria eta sexu-abusuak jasan zituztela kondenatu zituzten delituen aurretik. Kasu askotan, abusu horiek krimena egiteko faktore erabakigarriak izan ziren.
Heriotza-zigorrera kondenatzeak zigor gizagabe eta krudel bat betikotzen du, eta, gainera, genero-diskriminazioaren aurrean babes-falta eta neurri eskasak daudela erakusten du agintarien aldetik.
Heriotza-zigorrari buruzko ohiko beste galdera batzuk
Artikuluan, heriotza-zigorrari buruzko zalantza nagusiak zein diren ikusi dugu. Hala ere, erantzutea merezi duten ohiko beste galdera batzuk sortzen dira oraindik. Hona hemen horietako batzuk, informazio labur eta eguneratuarekin osatuta:

Heriotza-korridorea mundu osoko espetxeetako heriotza-zigorrari gehitutako sufrimendu gizagabearen ikurra da. © Freepik
2025ean, gutxi gora behera 55 herrialdek eusten diote heriotza-zigorrari beren legeetan, baina gehienek ez dute aplikatzen erregulartasunez. 15 herrialde inguruk egin zituzten exekuzio judizialak 2024an, Amnesty Internationalek dokumentatutako erregistroen arabera.
2. Zein herrialdek exekutatzen dituzte pertsona gehien urtero?
2024an, exekuzio gehien egin zituzten herrialdeak Txina (zifrak sekretuak dira, ziur asko milaka), Iran (gutxienez 972), Saudi Arabia (345), Irak (gutxienez 63) eta Yemen (38) izan ziren. Iranek, Saudi Arabiak eta Irakek egin zituzten mundu-mailan ezagututako exekuzioen % 91, Amnesty Internationalen arabera.
3. Zein herrialdek aplikatzen dute heriotza-zigorra drogekin zerikusia duten delituengatik?
Hainbat herrialdek jarraitzen dute droga-delituengatik heriotza-zigorra ezartzen, bereziki Iranek, Saudi Arabiak, Txinak eta Singapurrek, eta ziur asko Vietnamek (estatuko gardentasun-faltagatik). Erabilera horrek nazioarteko zuzenbidea urratzen du, heriotza-zigorra “delitu larrienetara” mugatzen baitu. Amnesty Internationalek dokumentatu duenaren arabera, exekuzio horiek neurriz kanpo eragiten diete ingurune behartsuetako pertsonei, eta epaiketa irregularrek, tortura-salaketek eta diskriminazioak markatuta daude. Ez dago ebidentziarik zigor horiek narkotrafikoa murrizten dutela baieztatzeko eta, askotan, pobrezia kriminalizatu eta kolektibo bereziki kalteberak kolpatzen dituzte.
4. Zein exekuzio-metodo erabiltzen dira gaur egun?
Ohikoenak injekzio hilgarria, urka, burua moztea, elektrokutatzea eta, herrialde batzuetan, fusilamendu-pelotoia dira.
5. Noiz eskatu zuen lehenengo aldiz NBEk heriotza-zigorra indargabetzea?
NBEren Batzar Nagusiak 1977an onartu zuen lehenengo ebazpena, eta estatuei eskatu zien moratoria bat ezartzeko exekuzioetan.
6. Gaur egun aplikatzen da heriotza-zigorra Espainian?
Ez. Espainiak heriotza-zigorra indargabetu zuen eta debekatuta dago legeria osoan. Konstituzioaren 15. artikuluak gerra-garaiko balizko salbuespen baten aipamen historikoa jasotzen badu ere, aukera hori legez bertan behera geratu zen 1995ean. Amnesty Internationalek Konstituzioko erreferentzia hori kentzea eta erabat debekatzea defendatzen du.

![[Translate to Euskera:] Protesta de Amnistía Internacional en Kuala Lumpur con una gran pancarta amarilla “Stop the executions” contra la pena de...](/fileadmin/user_upload/Death_penalty_308569.jpg)