Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons

[Translate to Euskera:] © Thu Dung Nguyen by Pexels

Blog

10 erronka, mundu osoko neskatxak eskolara joan ahal izateko

Por Lola Liceras Ruiz, activista por los derechos de las mujeres y niñas en Amnistía Internacional,

Hezkuntza estatuek ziurtatu eta babestu beharreko oinarrizko eskubidea den arren, kalkuluen arabera, 78 milioi adingabe ez dira eskolara joaten, eta horietatik 42 milioi baino gehiago neskak dira, genero-diskriminazio anitzek hezkuntzarako sarbidea baldintzatzen dietelako (NBEren datuak).

Nesken Nazioarteko Eguna dela eta, Amnesty International, Entreculturas, Mundo Cooperante eta Save the Children erakundeok neskek ikasi ahal izateko egunero gainditu behar dituzten hamar oztopo salatu nahi ditugu, haien etorkizuna apurtu ez dadin gainditu beharreko hamar erronka.

1. Neska izateagatik jasaten duten hezkuntza-diskriminazioa desagerraraztea

Afganistango neska bat bere etxean apunteak hartzen online eskola batean. Kabul, Afganistan, 2023ko martxoaren 18a. © REUTERS/Sayed Hassib

Gure kulturan, emakume bat ezkontzen denean ez bada iaioa etxeko lanetan, senarraren familia kexatu egiten da, eta horrek lotsa dakar neskatoaren familiara. Horregatik, gure izebak pentsatzen du eskolara joatea baino garrantzitsuagoa dela soroan lan egiten, garbitzen eta kozinatzen ikastea, ezkontzen naizenean familia ez desohoratzeko... Nik eskolara joan nahi dut, eta zorte handia dut amaren babesa dudalako”.

Hego Sudanen bizi den 12 urteko neska baten lekukotza da.

Nakisa Kabulen bizi den neska bat da, eta, 16 urte zituenean, talibanek bere eskola itxi zuten, eta etxera bidali zituzten neska guztiak, haiek aurka egin bazieten ere. 2022ko martxoaren 23a zen, eta hitzemana zieten justu egun horretan helduko zietela berriro aurreko urtetik etenda zeuden eskolei. Hilabete batzuk geroago talibanek goi-mailako hezkuntza ere debekatu zuten. Orain, Afganistango neskek eta emakume gazteek beren etxeetan giltzapetuta bizitzeko aukera baino ez dute. 12 urtetik gorako neskek hezkuntza debekatuta duten munduko herrialde bakarra da Afganistan.

Iranen, 7 urtetik gorako neskatxak ilea beloz estaltzera behartuta daude. 2022ko irailean, Masha Amini hil egin zen, “moralaren poliziak” beloa gaizki jarrita eramateagatik atxilotu zuenean, eta orduz geroztik manifestazio ugari egin dituzte erregimen autokratikoaren aurka, “Emakumea, Bizitza, Askatasuna” lelopean. Era berean, neskatxak eskoletan ere mobilizatu dira, eta ez da kasualitatea protesta hori egin zutenean ehun bat eskolatako 13.000 neska baino gehiago arnasa hartzeko zailtasunengatik eta beste pozoitze-zantzu batzuengatik ospitaleratu behar izan zituztela, protesta-eskubidea eta hezkuntza-eskubidea baliatzeagatik.

Baina herrialde garatuetan ere badaude hezkuntza-desberdintasunak, hezkuntzak genero-alborapena baitu. Testuliburuetan ia ez da agertzen emakumeen erreferentziarik, eta are gutxiago zientzia-arloan. Neskek medikutzarako bokazioa izatea, eta ez aeronautikarakoa, ez da berezko joera, eta hezkuntzako segregazio horrek segregazio profesionala ekartzen du gero.

2. Eskolan aniztasuna onartzea

Gure herrialdean ez gaituztela maite ematen du”.

Farida, 15 urteko gazte kuwaitarra.

Neska izate hutsagatiko hezkuntza-diskriminazioari generoarekin gurutzatzen diren beste diskriminazio batzuk gehitzen zaizkio. Kuwaiteko gobernuak ez du onartzen bidun neska-mutilak, zeinak aberrigabetzat jotzen dituzten herrialdean jaioak izan arren, eskola publiko eta doakora joatea, eta seme-alabak kalitate eskaseko eskola pribatuetara eramatera behartzen dituzte familiak.

Zenbait herrialdetan, hala nola Malawin, albinismoa duten haurrei hezkuntza ukatzen zaie, baita beste hainbat eskubide ere. Guatemalan, neska eta gazte indigenek eskolatze-maila baxuagoa dute, haurtzaroa etxeko lanak egiten edo lanean pasatzen dutelako, eskolara joan beharrean. Eslovakian eta Txekiar Errepublikan, haur erromaniak besteengandik bereizten dituzte eskolan.

3. Eskola-eskubidea desgaitasunen bat duten neska-mutilentzat

Desgaitasunen bat duten neska-mutilak gainerakoak baino egoera okerragoan daude, izan eskolarako sarbideari dagokionez, familiek etxean irakurtzen dizkieten liburuei dagokienez edo beste hainbat alderdiri dagokienez; haien iritzia ez da kontuan hartzen, eta atzean gelditzen dira, batez ere pobrezia-testuinguruetan.

Munduan, ia 240 milioi haurrek dute desgaitasunen bat, eta horien artean gainerakoen artean baino % 47 handiagoa da lehen hezkuntzako eskoletara ez joateko probabilitatea (UNICEFen datuak). Gainera, indarkeria fisikoa eta sexuala jasateko hiru eta lau aldiz probabilitate handiagoa dute. Haien egoera zaurgarria areagotu egiten da krisi humanitarioetan eta gatazka armatuetan.

4. Haurren ezkontzak eta haurdunaldi goiztiarrak desagerraraztea

Ama nerabeak beren haurtxoei bularra ematen Serene Haven bigarren hezkuntzako eskolako gela batean. Kenya, 2021eko urtarrilaren 20a. © REUTERS/Monicah Mwangi

"Haurdun geratu nintzen, eta ez zidaten utzi eskolara joaten. Bidegabea izan zen. Etorkizuna izateko aukera ukatu zidaten".

Sierra Leonako neska baten lekukotza.

Sierra Leonan, 2020. urtera arte, Gobernuak eskolara joatea eta azterketetara aurkeztea debekatzen zien haurdun zeuden adingabeei. Tanzanian eta Ekuatore Ginean debeku hori indarrean dago oraindik.

Batere hezkuntzarik ez duten neskatxak edo hezkuntza urria dutenak ezkontzeko probabilitatea bigarren hezkuntza amaitzen duten nesken kasuan baino sei aldiz handiagoa da.

Amnesty Internationalen txostenen arabera, COVID-19aren pandemian ugaritu egin ziren sexu-abusuak eta nahigabeko haurdunaldiak jasan zituzten neskatxen kasuak. Hegoafrikan, 9 eta 10 urte bitarteko 600 neska baino gehiago erditu ziren. Mozambiken, 15 urtetik beherako nesken % 14 geratu ziren haurdun. Zimbabwen, 17 urte arteko ia 5.000 neska geratu ziren haurdun 2021eko urtarriletik otsailera bitarte, eta 18 urtetik beherako 1.774 neska gazte ezkondu ziren.

Afganistanen, ezkontza goiztiarrak eta behartuak ugaritzen ari dira talibanen erregimenpean, familiak krisi ekonomikoan daudelako, neskatxak hezkuntza-sistematik kanporatu dituztelako eta botere talibanak haiekin ezkontzera behartzen dituelako.

Paraguain, egunero, 14 urtetik beherako bi neska ama bihurtzen dira. Herrialde horrek du 10 eta 19 urte bitarteko neska eta nerabeen ugalkortasun-tasarik altuena Hego Amerikan. Haurdunaldi horietako asko sexu-abusuen ondorio dira, eta % 80 baino gehiago familia-ingurunean gertatzen dira.

5. Hezkuntza afektibo-sexuala eta hilekoari lotutako osasuna eta higienea eskolan

Hilekoa eta emakumeen anatomia azaltzeko erabiltzen den egurrezko taula bat osasun komunitarioko zentro bateko aholkularitza-bulegoan. Bahadurganj, Bihar, India, 2023ko martxoaren 21a. © REUTERS/Anushree Fadnavis

"Nik ikasi egiten nuen, egia da. Baina hilekoa oztopo bat zen. Irakasleek arbelera ateratzen ninduten, eta zikin egongo nintzen beldur izaten nintzen. Horrek arazoak sortzen zizkidan irakasleekin… 15 urterekin amore eman nuen”.

Chakupewa Kambaza, 21 urte, Kongoko Errepublika Demokratikoa.

Sexu-heziketa integrala funtsezkoa da sexu-abusuen kasuak prebenitu eta goiz hautemateko, baita nahi ez den amatasuna murrizteko ere. Neskatxei gaitasunak eta ezagutzak eman behar zaizkie, sexu-indarkeriako egoerak identifika ditzaten eta erabaki informatuak har ditzaten onespenari nahiz antisorgailuei buruz edo sexu-transmisiozko infekzioak prebenitzeari begira.

Hala ere, sexu-heziketa integrala jaso eta eskolan gaia lantzeko eskubidea urratu egiten da zenbait herrialdetan, hala nola Perun, Paraguain, Polonian eta Ameriketako Estatu Batuetako zenbait estatutan, ikastetxeetan debekatuta baitago sexu-heziketa.

Hilekoari lotutako osasuna eta higienea ere osasun publikoko kontua dira. Hilekoak garapen biologiko egokiaren adierazle baino ez luke izan behar nerabeentzat, baina haien hezkuntzan eragin negatiboa duen arazo bihurtzen da. The Lancet Regional Health aldizkariaren datuen arabera, Bangladeshen, Indian, Indonesian, Japonian, Nepalen eta beste herrialde batzuetan neskatxen % 11tik % 41era bitartek eskolak galtzen dituzte sistematikoki hilekoa dutenean. Pakistanen, bigarren hezkuntza hasten duten nesken % 59k eskola uzten dute, hilekoak “ezkontzeko prest” daudela adierazten duelako.

6. Gatazketan gerra-arma gisa ez erabiltzea

Neska bat kamerari begira. © REUTERS/Luis Echeverria

Indarkeriaz hitz egiten da etengabe, eta beldurra ematen dit. Alabak ditut, eta benetan beldurgarria da. Zaharrenak eremu seguru batean ikastera bidali nituen, baina oraindik kezkatzen naute”.

Tamara, Ukrainako inbasioaren ostean sexu- eta genero-indarkeriarekin kezkatuta dagoen ama.

Errusiak Ukraina inbaditu izana ondorio kaltegarriak izaten ari da emakumeen eta nesken osasun mental, fisiko, sexual eta erreproduktiboan. Gainera, zibilak derrigorrez lekualdatu eta deportatu dituztenez Errusiak okupatutako guneetatik, hainbat neska-mutil familiengandik bananduta daude.

Gatazka-eremuetan, neskek mutilek baino % 90 probabilitate txikiagoa dute hezkuntza jasotzeko. Nigerian, Boko Haramek eskolen aurkako erasoak gauzatu ditu, eta ezkontzera behartu ditu neskak eta emakume gazteak. 2014ko apirilean, bigarren hezkuntzako 276 ikasle bahitu zituzten. Neska  haietako batzuek ihes egin zuten, eta beste batzuk askatu egin zituzten, baina eskoletan neskatxak bahitzen jarraitzen dute.Neska horiek beren komunitateetan estigmatizatuta geratzen dira betirako: “Boko Haramen emazteak esaten digute, eta gure umeei herriko beste umeekin nahastea debekatzen diete”, azaldu zuen askatutako nesketako batek.

Iraken, 2014tik 2017ra, Estatu Islamikoak neskatxa jezidiak bahitu eta esklabo bihurtu zituen, bortxatu eta torturatu egin zituen eta borrokatzera behartu zituen. Asko bizirik atera dira, baina etxera itzulita ere ez da amaitu haien sufrimendua; osasun fisiko eta mentaleko arazo larriak dituzte, eta ez dute laguntzarik jasotzen. Entreculturas erakundearen txosten baten arabera, Hego Sudanen neskek diote bahitu, bortxatu edo erailko dituzten beldurrez bizi direla, eta eskolan sentitzen dira babestuen.

Gatazka askotan ohikoa da haur soldaduak errekrutatzea. 18 urte baino gutxiago dituzte; kalean daudenean edo jolasean ari direnean bahitzen dituzte, edo eskoletatik edo etxeetatik ateratzen dituzte pistolaz, gurasoak aurrean direla. Kalkuluen arabera, % 40 inguru neskak dira,eta “objektu sexual” gisa ere erabiltzen dituzte. Bortxazko amatasunaren osteko estigma soziala betirako da.

7. Neska errefuxiatuek eskolara joan nahi dute

Darfurreko gatazkatik ihes egindako sudandar neska zauritu bat, Mugarik Gabeko Medikuen ospitalean. Adre, Txad, 2023ko uztailaren 23a. © REUTERS/Zohra Bensemra

Neska-mutil errefuxiatuek hezkuntza jasotzea bermatu behar da, haien etorkizunak gal ez daitezen”.

Malala Yousafzai, Bakearen Nobel saria jaso zuen gazte pakistandarra; atentatu bat jasan zuen eskolarako bidean, eta babesa hartu behar izan zuen Erresuma Batuan.

Derrigor desplazatuta bizi diren 100 milioi pertsona baino gehiagoren ia erdiak haurrak eta nerabeak dira, eta beren herrialdeetatik alde egin behar dute gerretatik, pobreziatik, indarkeriatik eta jazarpenetik ihes egiteko. Egoera horretan, haur errefuxiatuen erdiak bakarrik joaten dira eskolara, eta laurdenak bakarrik iristen dira bigarren hezkuntzara.

Myanmarren garbiketa etnikoa egiten ari dira rohingya etniako herritar musulmanen aurka, eta horien erdiek baino gehiagok Bangladeshera ihes egiten dute, baina bertan eskolara joateko eskubidea ukatzen zaie rohingya ume errefuxiatuei.

Egoera ez da hobea Europan ere; izan ere, haur errefuxiatu batzuek (asiloa eskatzen duten lau pertsonatik bat dira) hiru urte baino gehiago daramatzate eskolara joan gabe harrera-herrialdeetan, hala nola Grezian edo Serbian.

8. Pobreziaren zirkulutik ateratzea

Eskolara joan nahi nuke, baina ez dago dirurik. Niretzat, laguntza onena eskolara joatea izango litzateke”.

Boko Haramek Nigerian lau urtez bahituta izan zuen 17 urteko neska.

Diru-sarrera txikiak eta ertainak dituzten herrialdeetan, 10 urteko haurren % 70ek ez dakite ipuin bat irakurtzen edo ulertzen. Munduko etxe pobreenetako hiru neska nerabetik bat ez da inoiz eskolara joan; etxe aberatsenen % 20ko haurrek hezkuntzarako jasotzen dituzten funtsak etxe pobreenen % 20koek jasotzen dituztenen ia bikoitza dira.

Herrialde pobretuetako milaka neskatxak eskolaren eta etxeko lanen zama bikoitza jasaten dute, eta, ondorioz, eskolakutzi behar izaten dituzte aldi baterako edo behin betiko. Neska horiek beren adinari ez dagozkion arren beren etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartu behar izaten dituzte. Baliteke eskolara joan nahi izatea, baina, aldi berean, haien ingurune sozial eta ekonomikoak pentsarazten die irakurtzen eta idazten ikastea lortu ezineko helburua dela edo hezkuntza ez dela beraien kontua, inguruan emakumeen autonomia eta enplegurako aukera gutxi ikusten dituztelako.

9. Klima-aldaketa geldiaraztea

Haurroi entzun egin behar zaigu, eta ingurumena zaintzen eta babesten irakatsi behar zaigu, eta, horretarako, helduak ikusi behar ditugu guk ikasi beharreko hori egiten, ikusiz ikasten baita… Baina gure ingurumena suntsitzen ari garenez, uste dut ez dugula etorkizunik izango…”.

12 urteko neska. Burundi.

Klima-aldaketak munduko herrialde guztietako ekonomian du eragina, eta, bereziki, herrialde txiroenetakoan. Haurrek bizitza osoa dute aurretik, baina klimak eta ingurumenaren degradazioak eragindako gabeziek ondorio negatiboak dituzte haien osasunean eta bizi-baldintzetan. 2020an, 800 milioitik gora haurrek ezin zituzten eskuak garbitu eskolan, oinarrizko instalaziorik ez zegoelako.

Klimarekin lotutako muturreko fenomenoek milioika neska-mutilentzat eskolak ixtea edo suntsitzea eragiten dute urtero. Haurrek eta haien familiek klimaren ondorioz bizilekuz aldatu behar dutenean, izugarri handitzen da eskola uzteko arriskua. Are gehiago, tenperaturaren gorakadak hezkuntzako emaitzak okertzen dituela frogatu da. Save the Children erakundearen arabera, egungo joerak mantentzen badira, 2025erako 12,5 milioi neskatxa geratuko dira urtero beren hezkuntza osatu gabe, klima-larrialdiaren ondorioz.

10. Indarkeriarik gabeko eskola seguruak

Zenbait neska elkarrekin hizketan, beharra dutenentzako trebakuntza-akademian (SANA) eskola batera joan ostean. Peshawar, Pakistan, 2023ko abuztuaren 9a© REUTERS/Fayaz Aziz

Nik ez dakit zergatik gertatu zitzaidan niri, baina badakit niri gertatu zitzaidana institutu horretako jende gehiagori ere gertatu zaiola. Eta beste inori ez gertatzeko, horretarako kontatzen dut”.

Eme, Espainiako ikastetxe berrian lau urtez eskola-jazarpena jasan zuen neska.

Eskoletan ikasi eta hazi egin behar dute haurrek, baina mundu osoko neska asko beldurrez joaten dira eskolara. Bidean erasotzen diete; ikaskideen isekak eta irainak jasaten dituzte; umiliatu egiten dituzte, mugikorretan edo Interneten zurrumurru difamatzaileak zabalduz. Batzuek sexu-erasoen mehatxuak jasotzen dituzte beste ikasle batzuengandik, edo irakasleek kalifikazio altuagoak eskaintzen dizkiete sexu truke. Jazarpen zibernetikoa areagotzen ari da, eta erasotzaileek anonimotasunean eta identifikatuak eta zigortuak izateko beldurrik gabe jardun dezakete.

Sarriegi, eskolako agintariek ez dute ezer egiten eskoletan indarkeria-kasuak daudenean. Neska batek indarkeria salatzen badu, bereziki sexu-indarkeria, askotan haren portaera epaitzen da, erasotzailearena baino gehiago. Ondorioz, ezin konta ahala neska ez dira eskolara joaten, ikasketak uzten dituzte edo ez dute bete-betean parte hartzen eskolako jardueretan.

Amnesty International, Save the Children, Entreculturas eta Mundo Cooperante elkarteok konpromisoetatik ekintzetara pasatzea eskatzen diegu nazioarteko gobernu eta erakundeei.

2023an Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko ezarritako epearen erdian gaude. Plan horretan bilduta daude 17 helburu (laugarrena hezkuntza da), Nazio Batuetako 193 estatu kideek 2015ean adostuak, 2030ean mundua hobea izateko. Baina argi dago martxa honetan ez direla erdietsiko.

Hemen aipatu ditugun neskek eta mundu osoko milioika neskatok hemen azaldutako erronkak gaindituko balituzte 2030erako: eskolara joango balira eta eskola inklusiboa eta segurua dela sentituko balute; ama behartuak izan beharrean neskatxa izateko aukera izango balute; ez balute ezkondu behar familiak negozioa egiteko; ez balute sexu-indarkeriarik jasango; pobreziatik irtetea lortuko balute; emakume autonomoak izatea eta erabakiak erabateko independentziaz hartzea lortuko balute. Baldintza horiek beteko balira, 2030eko Agendako helburuak bete direla esan ahal izango genuke.