Esklabotasunean pentsatzean, kotoi-plantazioei buruzko AEBko hegoaldeko filmak datozkigu gogora. Duela 150 urte inguru abolitu zuten legez esklabotasuna herrialde horretan, 1866ko ekainaren 19an. Hala ere, azken hilabeteetan etengabeak izan dira arrazakeriaren eta zurien gailentasunaren aurkako protesta masiboak, diskurtso ustez zaharkitua zenaren aurkakoak.
Amerikako Estatu Batuetako azken gertaeren berri ematen digute gure mugikorrek, zeinak baitira esklabotasun-modu moderno baten azken emaitza, haurren lanarena. Ez gara ari iraganeko kontu bati buruz hizketan, gaur-gaurko errealitate bati buruz baizik.
NBEren definizioaren arabera, esklabotasun modernoa da esplotazio-egoera oro, non “pertsona batek ezin dion egoerari uko egin edo ezin duen utzi, tartean direlako mehatxuak, indarkeria, jazarpena, iruzurra edo botere-gehiegikeria”. Eta hortik iristen gara bortxazko lanetara (etxeko lanak, eraikuntzakoak, nekazaritzakoak), ezkontza derrigortuetara eta haurren lanera.
Emakume honek sexu-esplotazioaren biktima izan dela dio, eta Claudia Osadolor izena hartu du, bere nortasuna babesteko. Pathfinders Justice Initiative ongintzazko elkarte nigeriarraren laguntzaz prestakuntza jaso ostean, orain jostun gisa lan egiten du Beninen, Nigerian. 2019ko uztailaren 20a. © REUTERS / Nneka Chile
Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 2016an 40 milioi pertsona baino gehiago izan ziren esklabotasun modernoren baten biktima, hala nola esplotaziorako salerosketena. Sexu-esplotazioaren kasuan, biktimen % 99 emakumeak eta neskatxak dira. Baina ezer gutxi egiten da gaiari heltzeko: Espainian, 2013tik 2019ra bitarte, gobernuaren datuen arabera sexu-esplotazioaren biktima izateko arriskuan zeuden 75.000 pertsonetatik 1.000 bakarrik identifikatu zituzten salerosketaren biktima gisa.
Esklabotasun modernoan barrenako bidaia
XIX. mendeko eta lehenagoko esklabo-ontzi transatlantikoetatik Kongoko Errepublika Demokratikoko XXI. mendeko kobalto-meategietara bidaiatuko dugu. Kalkuluen arabera, bertan daude gailu elektroniko ia guztietan erabiltzen den mineral horren mundu osoko erreserben erdiak baino gehiago.
Herrialde horretan, asko eta asko dira meategi horiek ustiatzen diharduten hamabost urtetik beherako haurrak, baita hamar urtetik beherakoak ere; 40.000 ere izan daitezkeela esaten da. Amnesty Internationalek salatu duenez, gure gailu elektronikoen atzean haurren lana dago, eta, hortaz, esklabotasuna. Izan ere, meategietan lan egiten duten haurrek lanaldi luzeak egiten dituzte; zama ikaragarriak altxatzen dituzte, eta kobalto-merkatarien iruzurrak jasaten dituzte, baita mineral horren hautsa arnastetik eratorritako gaitzak ere: biriketako fibrosia, dermatitisa eta negel kronikoak.
Adingabe bat lanean Tilwizemben, kobre- eta kobalto-meategi industrial zahar bat, Kolweziren aldirietan kokatua, Kongoko Errepublika Demokratikoko hegoaldean. 2016ko ekainaren 11. © REUTERS / Kenny Katombe
Qatarren, kafala izeneko esplotazio-sistemak, emakume langile migratzaileak monitorizatzeko erabiliak, etxeko langileen gaineko gehiegizko kontrola ezarri du, eta lana aldatzea edo herrialdetik irtetea eragotzi ere egiten diete. Ihes egiteko saio orori delitu-mota desberdinak leporatuta erantzuten diote, eta, ondorioz, etxeko langile asko Qatarren harrapatuta daude, diru-sarrerarik gabe eta prozesu judizial luzeetan murgilduta. Qatarren bizi diren 173.000 emakume langile migratzaileen erdiek baino gehiagok etxe partikularretan lan egiten dute.
Amnesty Internationalek 105 etxeko langilerekin hitz egin zuen, eta bakoitzak bere gehiegikeriazko esperientziak jasan baditu ere, kasu askotan antzeko patroiak errepikatzen dira. Egunean gehienez 10 ordu lan egiteko kontratuak sinatzen dituzte, aparteko orduak eta astean atseden-egun bat barne, baina batez beste egunean 16 orduz lan egiten dute, eta ez dute izaten egun librerik. Askok aipatu zuten enplegatzaileek pasaportea kendu eta etxean itxita uzten zituztela, eta tratu gizagabeen lekukotzak ere badira: oihuak eta irainak, elikadura egokirik ez ematea edo janari-hondarrak jatera behartzea, arreta medikurik ez eskaintzea eta lotarako altzaririk ez jartzea. Era berean, gure erakundeak eraso fisikoen (listuka egitea, zaplaztekoak, indarkeria), sexu-indarkerien eta bortxaketa kasu batzuen lekukotzak ere jaso zituen.
Bidaia honetan, geldialdia egingo dugu, halaber, Txinako “hezkuntza bidezko eraldaketa-zentroetan” edo “formakuntza profesionaleko zentroetan”. Horietan, Amnesty Internationalek uigurren, kazakhstandarren eta nagusiki musulmanak diren beste etnia batzuen aurkako atxilotze masiboak, zaintza inbaditzaileak, doktrinamendu politikoa eta inoiz ez bezalako kultura-asimilazio behartua dokumentatu ditu Sinkiang eskualdean. Kalkuluen arabera, milioi bat pertsona baino gehiago sartu dituzte zentro horietan. 2019aren amaieran, Txinako agintariek nabarmendu zuten zentro horietatik igarotako pertsona guztiak “graduatu” zirela, eta “enplegu egonkorra” eta “bizitza zoriontsua” lortu zituztela “gobernuaren laguntzaz”. Baieztapen horiek frogatzeko frogarik ezak eta Txinako gobernuaren gardentasunik ezak areagotu egin dute bortxazko lanaren gaineko nazioarteko kezka.
Eta Iraken ere egingo dugu geldialdia, bertan 2.000 adingabe yezidi inguru bahitu baitzituen bere buruari Estatu Islamiko deritzon talde armatuak; torturatu, borrokatzera behartu eta bortxatu egin zituzten, eta beren jatorriarekin lotura oro ezabatzen saiatu ziren, kontrolpean eduki eta esklabo bihurtu ahal izateko. Emakumeak bahitu eta sexu-esklabo bilakatu zituzten, eta behin eta berriz saldu edo oparitu zituzten, salgaiak izango balira bezala. Asko haurdun geratu ziren bortxaketen ondorioz, eta orain, beren komunitatera itzuli direla, beren seme-alabengandik bereiztera behartzen dituzte. Guztiek dute osasun fisiko eta mentaleko krisia, eta komunitateak ez daki nola aurre egin egoerari; Irakeko eta nazioarteko agintarien laguntza behar dute, etorkizuna berreraiki ahal izateko.
Haur bat mitin batean. Manifestariak Central Park West-n, Texasen esklabotasuna abolitu zuten eguna oroitzeko manifestazioan. 1863ko Emantzipazio Aldarrikapenak Estatu Batuetako beste leku batzuetako esklaboak askatu zituen, eta bi urte geroago abolitu zuten esklabotasuna Texasen, ekainaren 19an. Argazkia atera zen unean etengabeak ziren arrazagatiko desberdinkeriaren aurkako protesta nazionalak. 2020ko ekainaren 19a. © REUTERS / Andrew Kelly
Berri onak
Badira egoera horiekin amaitzeko aurrekariak. Duela mende eta erdi pasatxo, gizarte-mobilizazioak eta esku-hartze politikoak beltzen esklabotasuna desagerraraztea lortu zuten AEBn zein Europan. Gizarte zibilak eta gobernariek garai hartako pentsamoldean oso errotuta zegoen drama bat legez kanpo uztea lortu zuten.
Amnesty Internationalek This is what we die for txostena argitaratu eta kanpaina martxan jarri eta urtebetera, Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernuak lehen aldiz onartu zuen haurrek lan egiten zutela bertako meategietan, eta nazioarteko presioari esker, Samsung, Apple, Huawei, Sony eta beste enpresa batzuk neurriak hartzen hasi ziren.
Qatarreko etxeko langileen ahotsa entzuna izan da, munduak haien egoera ezagut dezan, eta orain badakigu Txinan “formakuntza profesionaleko zentro” guztiz opakuak daudela, eta horietan zer gertatzen ari den argitzeko eskatu dugu. Eta inoiz ez da berandu esklabotasuna pairatu dutenentzako justizia eskatzeko. Hego Koreak Japoniako gobernuari ezarri dion demanda “emakume gozagarrien” azken itxaropena da; 200.000 neskatxa eta emakume baino gehiago, gehientsuenak korearrak, Bigarren Mundu Gerran Japoniako indar armatuek kudeatutako putetxeetan lan egitera behartu zituztenak.
Guztien artean duela 150 urteko balentria errepika dezakegu, baina elkarrekin egin beharko dugu. Esklabotasun modernoa pairatzen duten pertsonek gizaki gisa trata ditzatela nahi dute, besterik ez. Haien nahia egia bihurtzera gonbidatzen zaitugu: www.actuaconamnistía.es