Migratzaileen Nazioarteko Egunean, abenduaren 18an, Amnesty Internationalek ezagutzera eman nahi ditu 2020an giza eskubideei lotuta identifikatu dituen bost kontu, itzal asko eta argi-izpiren bat dutenak.
Pandemia-garaian mugak itxi dituzte. Melillako Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroan (CETI) pilaketak izan dira. Kanarietara iritsitako kaiukoen kopuruak gora egin du, eta ez zegoen gorakada horri aurre egiteko larrialdiko mekanismorik. Ceutan eta Melillan hesia igarotzen duten pertsonak hegoaldeko mugatik kanporatzeko epaiak eman dira. 2020. urte tragiko honetan, egoera askoren “protagonista” izan dira migratzaileak eta errefuxiatuak, haiek ere nahi ez zuten protagonismo bat izan bada ere.
Hainbat errefuxiatu eta migratzaile, tartean zenbait adingabe, su ondoan berotzen. Turkiatik Greziara sartu nahi zuten. 2020ko martxoaren 1a, Edirne, Turkia (© Burak Kara / Getty Images)
Mugak itxi eta migratzeko eskubidea kentzea
Azken urteetako historian estreinakoz, Europako Estatuek mugak itxi zituzten 2020ko martxoan, COVID-19ari aurre egiteko alarma-egoera ezarri zutenean. Gaur egun, abenduaren 18an, EBtik kanpoko oso Estatu gutxitako nazionalei bakarrik uzten diete sartzen, eta ez dago aurreikusita babesa behar duten pertsona atzerritarrak beste bide batetik iritsi ahal izateko inolako neurririk.
COVID-19aren aurkako borrokak justifikazio gisa balio izan du, gobernuek bazter batera uzteko giza eskubideen arloko nazioarteko itunak, eta badirudi horien ezarpena bertan behera geratu dela 2020 osoan. Hirugarren Estatu batean babesa bilatzeko eskubidea etenda geratu da praktikan, eta gobernuek ez dituzte alternatiba humanitarioak proposatu.
Pertsona askok bide luze eta arriskutsuagoak hartu dituzte Europara iristeko, hala nola Kanarietarako ibilbidea, eta hauek izan daitezke hori egitera behartu dituzten arrazoi nagusiak: legezko bide segururik eza, Europako kanpo-mugen kontrol zorrotza eta jatorrizko komunitateetako egoera ekonomiko kaskarra, pandemiak larritua.
Afrikako migratzaileak, Kanaria Handiko kostaldera iritsi ostean. 2020ko azaroaren 1a, igandea. © Foto AP / Javier Bauluz
Melillako CETItik Kanarietako Arguineguineko kaira
Espainiari dagokionez, oso kezkagarria da gaur egun Kanarietan dagoen krisia; izan ere, ibilbidea oso arriskutsua den arren, azken hilabeteetan nabarmenki egin du gora uharteetara iritsitako migratzaileen kopuruak, eta asko hil dira 2020an, gaurdaino 500dik gora, bereziki urrian eta azaroan.
Nahiz eta urte hasieratik gero eta jende gehiago iristen ari zen bide horretatik, agintariek inprobisazioz kudeatu dute egoera, eta premia oinarrizkoenak ere ez dizkiete ase migratzaileei, zeintzuen artean baitzeuden errefuxiatu posibleak.
Beste behin, erakundeen erantzuna penintsularako lekualdatzeak zailtzeko politikak ezartzea izan da, disuasio-neurri gisa. Eta, ondorioz, berriro onartu dute migratzaile eta errefuxiatuak hartzeko kanpamentuak sortzea, ez dituztenak errespetatzen bertan bizitzera behartuta daudenen duintasun- eta segurtasun-baldintzak. Arguineguineko kaiko irudiak migrazio-politikarik ezaren adibide bat baino ez dira.
Melillan ere pandemia hasi aurretik migratzaileen eta nazioarteko babesa eskatzen dutenen harrera-baldintzei buruzko nazioarteko estandarrak ez zirela betetzen ari salatu du Amnesty Internationalek.
Melillako Etorkinen Aldi Baterako Egoitza Zentroan (CETI) jendea etengabe pilatuta dago, eta pandemian zehar sortutako instalazio egokitu gabeak erabiltzen ari dira pertsonak baldintza negargarrietan hartzeko, hala nola hiriko zezen-plaza; gune horietan oso modu kaskarrean aplikatu dituzte osasun-protokoloak.
Amnesty Internationalek abian jarri zuen kanpaina bat, pertsona zaurgarrienak berehala lekualda zitzaten herrialdeko beste eremu batzuetako zentro egokietara eta harrera nahiz osasun-baldintza duinak eskain ziezazkieten guztiei.
Proactiva Open Arms espainiar GKEko kideak hainbat errefuxiatu eta migratzaile erreskatatzen. Libiatik irten ziren, Europara iristeko asmoz, gainezka zegoen txalupa batean. 2020ko azaroaren 11. © Foto AP / Sergi Camara
Migratzaileei laguntzen dietenen elkartasuna kriminalizatzea
Bizia babesteari lehentasuna emango dion migrazio-politika bat ezarri ordez, Europako gobernuek nahiz erakundeek migratzaileei lagundu nahian ari diren erakundeak edo pertsonak kriminalizatzen jarraitu dute.
Horixe salatu zuen Amnesty Internationalek 2020ko martxoan argitaratutako txosten batean, non aipatzen zuen neurri murriztaileak eta zigortzaileak ezarri dituztela mugimenduan dauden biztanleen eskubideak babesten dituzten pertsonen eta taldeen aurka. Neurri horietako batzuk dira, adibidez, immigrazioari eta terrorismoaren aurkako borrokari lotutako arauak erabiltzea bidegabeki mugatzeko giza eskubideak babesteko eskubidea.
Europa osoan, jendea prozesatzen eta jazartzen ari dira, errefuxiatu, asilo-eskatzaile eta migratzaileekiko elkartasun-ekintzak gauzatzeagatik, hala nola jantzi beroak emateagatik, babesleku bat eskaintzeagatik eta Estatuek egiten ez zutenean itsasoan biziak salbatzeagatik. Dauden gabeziak arintzeko laguntza eskaintzen dutenak zigortuta, mugitzen ari diren pertsonek are arrisku handiagoa izatea eragiten dute Europako gobernuek.
Espainiako agintarien kasuan, jardunbide horren adibide garbia da Open Arms itsasontzi humanitarioari 901.000 eurora arteko isunak jartzeko mehatxua egin izana 2019ko ekainean Napolesetik berriro Mediterraneoaren erdialdera abiatu zenean.
Greziako Lesbos uharteko Moriako kanpamentua suntsitu zuen sutearen ondorioz etxerik gabe geratu ziren errefuxiatuak birkoka zitzaten eskatzeko protesta. 2020ko irailaren 17a. © AP / Francisco Seco
Epai-urte garrantzitsua migratzaile eta errefuxiatuen eskubideentzat
Lehen epai batean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko Areto Nagusiak erabaki zuen Espainiako Estatuak ez zuela urratu Giza Eskubideen Europako Hitzarmena berehala itzultzeagatik Marokora N.D. eta N.T., hesia zeharkatuz Melillan sartzen saiatu ziren Saharaz hegoaldeko bi pertsona; argudioen arabera, itzulera-prozedura administratiborik eza eta prozedurazko bestelako bermerik eza ezin dira arau-urratze gisa aldarrikatu sarrera irregular baten kasuan, eskatzaileek legezko bide seguruetatik sartzeko aukera dutelako. Argudioen oinarrizko premisa erabat faltsua da. Epaia emateko erabilitako argudioak eta ezarritako aurrekaria kontuan hartuta, epai hori kolpe itzela da errefuxiatu eta migratzaileen eskubideentzat.
Berrikiago, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaia eman du Herritarren Segurtasunerako Legearen konstituzionaltasunari buruz. Lege horrek Atzerritar Legea aldatzen zuen, “mugako ukapenak” erregulatzeko figura berri bat txertatuz, Ceutan eta Melillan bakarrik aplikagarria.
Itxurazko “babes” judizial horrek ezin digu ahantzarazi itzulketa sumarioek giza eskubideak urratzen dituztela; izan ere, nazioarteko zuzenbideko bermeen aplikazio praktikoa (asiloa eskatzeko prozedurak eskura izatea eta erabaki oro errekurritu ahal izatea, besteak beste) bateraezina da jendea Europako lurraldetik berehala kanporatzearekin.
Aurten, azken epai judizial bereziki garrantzitsua Auzitegi Gorenak eman du. Uztaileko epai batean, Ceutan eta Melillan dauden asilo-eskatzaileek Estatu osoan barrena askatasunez zirkulatzeko eskubidea dutela onartu zuen.
Epai horrek atzera botatzen du ohiko jardunbide administratibo bat: asilo-eskatzaileei beren hiri autonomoan bakarrik ibiltzeko aukera ematea, penintsulara joateko baimenik eman gabe.
Migratzaile bat alanbre-hesi erdi-suntsitu batetik begira. © Foto AP / Michael Svarnias
Atzerritarrak Barneratzeko Zentroen behin-behineko itxiera
2020ko ospatzeko moduko gertaera bakarrenetako bat zera izan da, apirilean Atzerritarrak Barneratzeko Zentro (CIE) guztiak hustu zituztela, Administrazioak ikusi zuenean ezin zuela kanporatzerik gauzatu pandemiaren testuinguruan.
Nolanahi ere, zentro horiek berriro ireki dituzte irailean, nahiz eta osasun-baldintzak ez diren askorik hobetu udaberriaz geroztik, ez Espainian, ezta zentroetan sartuta dauden pertsonen jatorrizko herrialdeetan ere.
Bestalde, urteko azken hiruhilekoan, alarma-egoera ezarri zutenetik lehen aberriratze-hegaldiak egin dira, eta Kanarietatik itzulketa-aginduak izapidetu dira, pertsona horiei abokatuen laguntza egokirik eman gabe, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak ezartzen duenaren aurka.
Irailean, Europako Batzordeak migrazioen arloko itun berria aurkeztu zuen. Itun horrek sendotu egiten du Europako politika, ardatz ia bakartzat duena modu irregularrean iristen den pertsona oro bueltan bidaltzea. Europara modu legezkoan iristeko aukera ematen duten mekanismo urriak desagertu egin dira ia.
Migratzaileen Nazioarteko Egunean, agintariei eskatu nahi diegu hel diezaietela migrazioen inguruko praktikei, abiapuntutzat hartuta migratzea giza eskubide bat dela eta pertsona ororen duintasuna erdigunean jarriz. Susta ditzatela gardentasuna erraztuko duten mekanismoak eta eskubideak urratzen direnean kontuak ematea ahalbidetuko dutenak.
Gure itsaso eta ozeanoek urteak daramatzate hilobi izaten, eta bada garaia egoera horrekin amaitzeko. Horretarako, biziarekiko eta pertsonen mugimendu-askatasunarekiko errespetua lehenetsi behar ditugu, luzatu gabe.