Gaur, urriak 5, Habitataren Mundu Eguna da, etxebizitza nazioarteko araudiak aitortutako giza eskubide bat dela gogoratzeko eguna.
Horrela dago jasota Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean (25.1. artikulua). Eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean (11.1. artikulua). Eta gure Konstituzioak ere hori dio 47. artikuluan: “Espainiar guztiek etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea dute”, segurtasunez, bakean eta duintasunez bizi ahal izateko.
Miriam dos Anjos, Central Unica das Favelas (CUFA) izeneko Brasilgo gobernuz kanpoko erakundeak emandako elikagaiak poltsatik ateratzen. Koronabirusaren (COVID-19) agerraldi betean zeuden Sao Pauloko Heliopolis auzo marjinalean, Brasilen. 2020ko ekainaren 18a. © REUTERS / Amanda Perobelli
Baina zer da etxebizitza-eskubidea?
NBEren Giza Eskubideetako Goi Mandatariaren Bulegoaren arabera, eskubide hori ez datza soilik babesa hartzeko bizitoki bat izatean. Etxebizitzak duina eta egokia izan behar du. Bertan bizi direnek pertsonalki, familian eta auzoan garatzeko behar dituzten hornidura eta bitartekoak eta zerbitzu urbanistiko guztiak dituen ingurune batean kokatuta egon behar du, gizarte aurreratu bateko estandarrekin bat etorrita.
Horrez gainera, familien diru-sarreren arabera onargarriak diren kostuen truke egon behar du eskuragarri. Eta, behin bertan ezarrita, denboran nolabaiteko jarraitutasuna izango delako segurtasunarekin bizitzeko aukera izan behar da: kaleratze-mehatxurik, jazarpenik edo bestelako larderiarik jasan gabe.
Zoritxarrez, etxebizitza inbertsiorako ondasun gisa hartu eta erabiltzen da, behar-beharrezko ondasuntzat hartu ordez; hori argi ikusi zen 2008an lehertutako krisi ekonomikoarekin. Eta orain, COVID-19aren pandemian zehar, etxebizitzarena izan da gehien urratu den eskubideetako bat.
Etxebizitzarik ez izateak pertsonen garapena oztopatzen du, eta gizarte-bazterkeriako egoerak sor ditzake; hortaz, administrazio publikoek irtenbideak bilatu behar dituzte, etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko.
Etxegabe bat bahi-denda baten aurrean Berlinen, Alemanian. 2020ko uztailaren 30a. © REUTERS / Fabrizio Bensch
Etxebizitza eta pandemia
Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 1.800 milioi pertsona inguruk (munduko biztanleen % 20 baino gehiago) ez dute etxebizitza egoki bat. Eta, kalkuluen arabera, 1.000 milioi pertsona inguru egonleku informaletan bizi dira. Beste 100 milioik ez dute etxerik.
Etxerik ez duten pertsonentzat, baldintza osasungaitzetan edo/eta pilatuta bizi direnentzat, COVID-19a mehatxu larri eta berehalakoa da osasunerako eta bizirako. Badakigu, adibidez, 2.100 milioi pertsonak ez dutela ur edangarririk beren etxeetan; eta horren bikoitzak baino gehiagok ez dute saneamendu segururik. Gizateriaren % 40k ez badituzte eskuak garbitzeko oinarrizko instalazioak, nola geldituko dugu birusaren hedapena?
NBEren Etxebizitza Egokiari buruzko aurreko errelatore bereziak aipatu zuen moduan, etxebizitza egokia izatea hil ala biziko kontua da gaur egun, inoiz baino gehiago. Bizitzeko toki egonkor eta seguru bat izan gabe, ezinezkoa da norbere burua eta gainerakoena babestea.
Paraisopolisen airetiko ikuspegia. Sao Pauloko auzo marjinal handiena, Brasilen. 2020ko apirilaren 2a. © REUTERS / Amanda Perobelli
#GeratuEtxean
Pandemia mundu osora zabaltzen zen heinean, etxetik ez irteteko eskatu zieten mila milioika pertsonari. #GeratuEtxean hasgtag-a idatzi, errepikatu, txiokatu eta biral bilakatu zen gure herrialdearen barruan eta kanpoan hainbat hilabetez, eta orain berriro agertu da gure bizitzetan.
Osasun publikoko neurri prebentibo hori, erraz betetzeko modukoa dirudiena, ezin dute bete kalean edo etxebizitza arriskutsu edo gainpopulatuetan bizi diren pertsonek.
Pandemian zehar, tokiko zein nazioko gobernu batzuek martxan jarri zituzten zenbait mekanismo pertsona zaurgarrienak babesteko, eta hipoteken ordainketak atzeratzea edo alokairu publikoen ordainketetatik salbuestea ahalbidetu zuten, besteak beste. Baina, horrelakoak beharrezkoak diren arren, helburua ez da une jakin bateko egoera konpontzea (nahiz eta egoera hori oso larria izan), baizik eta gizarte babestuago bat eraikitzeko oinarriak ezartzea.>
Hori dela eta, Habitataren Mundu Egunean, Amnesty Internationalek eskubide ekonomiko, sozial eta kultural guztiak diskriminaziorik gabe bermatu daitezen eskatzen du.
Epe luzera, gobernuek behar beste baliabide erabili behar dituzte etxebizitza sozialen eskaintza handitzeko eta horiek pertsona ororentzat eskuragarri jartzeko, diskriminaziorik egin gabe. COVID-19aren osteko suspertze-planek barne hartu behar dituzte pertsona ororen partaidetza esanguratsuarekin sortutako estrategiak, sektore zaurgarrienak eta baztertuenak barne.
Pandemia honetatik ateratzean komunitate indartsuagoak eta justuagoak izan nahi badugu, etor daitezkeen beste krisi batzuei aurre egiteko erresistenteagoak, gobernuek giza eskubideen ikuspegitik aztertu behar dituzte COVID-19ari erantzuteko hartu dituzten neurriak, eta suspertze-neurriekin pobrezia- eta diskriminazio-ereduak are gehiago finkatuko ez dituztela bermatuko duten irtenbideak hartu behar dituzte.