Gaur ospatzen den Hezkuntzaren Nazioarteko egunean, bost neska-mutilen lana nabarmenduko dugu, oso gaztetatik ikasteko, prestatzeko eta hazteko zuten eskubidea inork ez kentzeko borrokatu behar izan baitzuten.
Zer da hezkuntzarako eskubidea?
Hezkuntzarako eskubidea oinarrizko giza eskubide bat da, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak jasotzen duena, eta pertsona guztiei ikasteko, garatzeko eta etorkizun hobea eraikitzeko aukera bermatzen die, diskriminaziorik gabe. Doako, kalitatezko eta berdintasun-baldintzetan emandako hezkuntza jasotzea barne hartzen du, bai eta pentsamendu- eta adierazpen-askatasuna sustatu ere.
1.- Malala Yousafzai: hezkuntzarako eskubideagatik talibanei aurre egin zien neskato pakistandarra

Malala Yousafzai, “Polite Society” lanaren emanaldi berezian, Londreseko Curzon Mayfair aretoan, 2023. © Cat Morley / Avalon
"Hezkuntza nahi duten adingabe ahaztu horientzat, bakea nahi duten neska-mutil izutu horientzat”. Horixe izan zen Malala Yousafzaikegin zuen eskaintza, 2014ko Bakearen Nobel saria jaso zuenean. Orduan 17 urte zituen, eta sari hori edozein kategoriatan jaso zuen pertsona gazteena izan zen.
Bere borroka sei urte lehenago hasi zen. Malala haur pakistandar bat zen, eta Mingora hirian ari zen hazten, herrialdearen iparraldean. Bere aita ikastetxeko zuzendaria zen talibanek eskualdearen kontrola hartu zutenean, eta eskola itxi egin behar izan zen. Orduan, Malalak hezkuntzaren aldeko borroka hasi zuen, edozein oztoporen gainetik. Lehenengo, blog bat idazten hasi zen BBC katerako, eta, bertan, zapalketa fundamentalistaren pean zuen egunerokoa kontatzen zuen. Gero, eskolara itzuli zen, berriro ireki ahal izan zutenean, talibanen debekuaren ediktua gorabehera.
2012an, Malala eta bere bi ikaskide zauritu zituzten, eskola-autobus bati egindako erasoan. Bizirik atera ahal izan zen zenbait ebakuntza egin ondoren; lehenengo, Pakistanen, eta ondoren, Erresuma Batuan. Atentatuak gaitzespen-oldea eragin zuen, eta intolerantziaren aurrean hezkuntzarako eskubidearen ikur bihurtuta iratzarri zen.
Dozenaka sari eta aitortza jaso ondoren, hala nola aipatutako Nobel saria, 2020an Oxforden graduatu zen Filosofian, Politikan eta Ekonomian. Gaur-gaurkoz, nesken hezkuntzaren eskubidearen alde lan egiten du mundu osoan, bere fundazioaren bitartez, eta ikus-entzunezko ekoizlea da.
2.- Thandiwe Chama: hezkuntzaren eta GIBaren prebentzioaren aldeko Zambiako ahotsa
Thandiwek zortzi urte zituenean, Zambiako aire libreko bere eskola itxi egin behar izan zen, irakasleen komunitatean GIBak gogor jo zuelako. Baina neskatoak ez zuen amore eman, martxa bat antolatu zuen 60 neska-mutilekin batera. Gobernuak ikastetxea berriro irekitzea ez ezik, lokal egoki bat eraikitzea lortu zuten.
Hori, ordea, bere borrokaren hasiera besterik ez zen izan. Eskoletara joan ahal izatea ez zen nahikoa, Thandiwek imajinatzen zuen etorkizunean, GIBak ez zion bere komunitateari erasaten, eta horregatik, txikienek gaixotasuna ezagutu eta nola prebenitu jakin zezaten tematu zen. Horretarako, topaketak eta hitzaldiak egin zituen herrialde osoan, eta liburu bat idatzi du, “Oilaskoa HIESarekin”. Liburu hori ehunka ikastetxetan erabiltzen da gaixotasun hori nola kutsatzen den azaltzeko.
16 urterekin, Haurrentzako Bakearen Saria jaso zuen, Kids Rights fundazioaren eskutik. Orain, hezkuntzarako eskubidearen alde borrokatzen jarraitzen du, bai bere herrialdean, bai nazioarteko konferentzietan, eta helduak eta gazteak mobilizatzera animatzen ditu. “Zu ez bazara, nor orduan? Ni ez banaiz, nor? Orain ez bada, noiz?” da bere leloetako bat.
3.- William Kamkwamba, haizearen indarra goseari ihes egiteko
William Kamkwambak ere oso garaiz utzi behar izan zuen eskola. Oraingoan, ordea, ez diskriminazioaren edo birusen ondorioz, pobreziaren eta gosearen ondorioz baizik. 14 urte besterik ez zituela, gurasoek eskolatik atera behar izan zuten, ezin zutelako haren matrikula ordaindu. Bere herrialdean, Malawin, gosete izugarri bati aurre egiten ari ziren, lehortearen ondorioz.
Williamek, baina, ez zuen etsi, herriko liburutegian ikasten jarraitu zuen, eta zientzietako liburu bati esker, haize-errota bat eraiki zuen argia eramateko lehenengo bere etxera eta gero bere herrixka osora. Ondoren, lagun batzuen laguntzarekin, ur-ponpa bat jarri zuen, hura ere haizeak bultzatzen zuena, bere familiaren plantazioa ureztatzeko.
Egunkari estatubatuar batek erreportaje bat egin zuen hari buruz, eta, horri esker, ikasten jarraitzeko beka bat lortu zuen Lilongwen, bere herrialdeko hiriburuan. Eta zenbait urte geroago, Ingurumen Ingeniaritzan lizentziatu zen Estatu Batuetan. Berak kontatu zuen bere historia “The Boy Who Harnessed the Wind” (Haizea hezi zuen mutila) iburuan, eta aktore-lanak ere egin zituen izen bereko filmean.
William heldua da jada, baina ez du baztertu nerabetan zuen pasioa. Irabazi-asmorik gabeko erakunde batean lan egiten du, “pertsona bakoitzak aurre egin behar dien arazoak konpontzeko bere ideiak garatu eta proiektuak diseinatu ahal izan ditzan”.
4.- Marley Dias: #1000BlackGirlBooks baliatuta haur-literatura eraldatu zuen neskatoa

#1000BlackGirlBooks egitasmoagatik omendua, Marley Dias, Ms. Foundation for Women erakundearen Gloria sarien 30. edizioan. © picture alliance / Photoshot
Marleyri inoiz ez zioten debekatu eskolara joatea. Baina 2005ean Estatu Batuetan jaio zen neskato honek liburu bat irekitzen zuenean (eta berak asko irekitzen zituen) ia-ia batean ere ez zegoen bera bezalako protagonistarik. “Haur guztiak zuriak dira, beren txakurrekin” esan zion amari, eta amak horren inguruan zer egingo zuen galdetu zion.
Amore ematetik urrun, Lehen Hezkuntzako seigarren mailan besterik ez zegoela, Marleyk #1000BlackGirlBooks kanpainari ekin zion, hainbat herrialdetako neskei liburu kantitate hori dohaintzan emateko asmoz. Hilabete batzuen buruan, 9.000tik gora lortu zituen, baina, batez ere, emakumezko eta askotariko erreferenteak zituzten liburuak aurkitzeko zerrenda bat sortu zuen, eta argitaletxeen arreta erakarri zuen, emakumezko beltzak protagonista zituen literatura susta zezaten.
Bere ekimenak izan zuen arrakasta ikusita, 13 urterekin bere liburua idatzi zuen, “Marley Dias Gets It Done: And So Can You!” (Marley Diasek egin du: hortaz, zuk ere ahal duzu!), eta mundu osoko haurrak beren ametsen alde borrokatzera animatzen ditu. Gaur egun, Harvarden ikasten ari da, hitzaldiak ematen ditu eta bere aktibismoa sare sozialetara eraman du.
5.- Muzoon Almellehan: Malala siriarra, liburuak desberdinkeriaren aurkako armatzat erabiltzen dituena

Muzoon Almellehan Berlineko Europako Zinema Sarien 34. edizioko sariak banatzeko ekitaldian. © picture alliance/dpa/Reuters/Pool | Christian Mang
Siriako gerra zibila bere hirira (Daraa) iritsi zenean, bonbardaketekin, Muzoonen familiak zeukan gutxiarekin alde egin behar izan zuen Jordaniara. Neskatoak 14 urte besterik ez zituen, baina argi zituen bere lehentasunak: gustukoen zituen bederatzi liburuak hartu zituen.
Jordanian hiru urtez bizi izan ziren kanpaleku desberdinetan. Bere ikaskide asko ezkontza goiztiarren ondorioz eskola uzten hasi zirenean ekin zion hezkuntzarako eskubidearen aldeko aktibismoari. Ezkontza mota horiek ez ziren ohikoak Siriako gizartean, baina gatazka zela-eta areagotu egin ziren. Muzoon dendaz denda joan zen neska-mutilengana eta haien familiengana, ikasketak ez uzteko konbentzitu nahian, eta, horri esker, ‘Malala siriarra’ ezizena jarri zioten.
Muzoon eta bere familia Erresuma Batuak babestu zituen 2015ean. Harrezkero, hezkuntzarako eskubidea defendatzen jarraitu du, bereziki haur errefuxiatuena. 2017an, UNICEFen borondate onaren enbaxadore izendatu zuten, eta historiako gazteena izan zen.

