Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
Ikasgela bateko idazmahai baten lehen planoa eta liburuak ©Wokandapix

Ikasgela bateko idazmahai baten lehen planoa eta liburuak ©Wokandapix

Blog

Hezkuntzaren arloan indarkeria identifikatu, prebenitu eta desaktibatzea

Juan Ignacio Cortés, Amnesty Internationaleko kolaboratzailea,

Duela zenbait hilabete, Hezkuntza eta Kultura Herrikoiaren Espainiako Ligak Particip-arte: Desmontando la normalización de la violenciaikerlana aurkeztu zuen, helburutzat duena ikastetxeetan indarkeria zer modutan ager daitekeen identifikatzea, hura hautematen irakastea eta irakasleei zein ikasleei laguntza ematea, indarkeriari aurre hartu eta egin diezaioten. Elkarrizketa honetan, txostenaren arduradun den Alejandro Sanz soziologoak eta erakundeko idazkari nagusi Juan Ramón Lagunillak azterlanean ateratako ondorio nagusiak azalduko dizkigute.

-Ikastetxeetan indarkeria normalizatuta dagoela diozue. Oso baieztapen larria da.

-Alejandro: Gizarte osoan gertatzen da. Ikastetxeak gizartean murgilduta daude, eta jendartean gertatzen denak eragina du eskolan, eta alderantziz. Indarkeriaren kulturan sozializatuta gaude. Ez da kontu berria, gizadiaren historia osoan bidelagun izan dugun zerbait baizik.

-Esaten duzuenez, indarkeria horrek zerikusi handia du indibidualismo hiper-lehiakor batean oinarritutako balioak dauzkan gizarte batekin.

-A: Hiper-lehiakortasuna gure garaiaren ezaugarri bat da, eta indarkeria hobeto onartzea dakar, garrantzitsuena kosta ahala kosta arrakasta lortzea dela dioen iruditeria kolektiboak elikatuta. Balio horiek dira aldatu beharrekoak.

Ikasgela bateko idazmahai baten lehen planoa eta liburuak ©Wokandapix

-Zein dira ikastetxeetako indarkeria-modu nagusiak?

-A: Galtung-en indarkeriaren triangeluaren teoriak indarkeria zuzena, kulturala eta egiturazkoa aipatzen ditu. Azken biek bide ematen diote lehenengoari, nahiz eta identifikatzen zailagoak diren. Isiltasunaren legeez, eskola emateko estilo autoritarioez edo emakumea baztertzen duten testuliburuetako edukiez ari gara. Indarkeria norabide anitzekoa da. Beti datorkigu burura ikasleen arteko indarkeria, baina bada ikasleen eta irakasleen arteko indarkeria ere, eta irakasleen artekoa.

-Desberdindu daiteke indarkeria eta parekoen arteko gatazka? Edo ekintza biolento bat eta txantxa bat?

-A: Harreman-motan bilatu behar da desberdintasuna. Harreman bertikala bada, menderakuntzazkoa, indarkeria da. Parekoen artean hitz egiteko aukera ematen duen harremana bada, gatazka bat da, eta hori, berez, ez da txarra. Nola desberdindu? Ikasleek zer harreman duten ezagutu behar da.

-Nork sustatzen du gehien indarkeria: ikasleek, irakasleek, familiek…?

-A: Gehien nork sustatzen duen pentsatu ordez, alde bakoitzak duen erantzukizuna eta eraldaketa-gaitasuna aztertu behar ditugu. Logikoa denez, ikasleak dira eraldaketa-gaitasun txikiena dutenak. Indarkerian duen erantzukizunaz galdetzen diozunean jendeari, inork ez du berea guztiz onartzen, baina arazo partekatua da, eta alde guztiek egin behar dute gogoeta. Erakundeek ere bai. Ez dugu asko hitz egin egiturazko indarkeriari buruz, hala nola baliabide gutxi edo lan-baldintza ezegonkorreko irakasleak dituzten ikastetxeek pairatzen dutenari buruz.

-Ez dakigu indarkeria ikusten, edo ez dugu ikusi nahi?

-A: Irakasleei beren ikastetxeetan gertatzen den indarkeria ikusarazten diegunean, hiru erreakzio-mota daude. Ehuneko oso txiki batek esaten digu indarkeria horren jakitun zela. Gehienek esaten digute ez zirela konturatu, baina begiak ireki dizkiegula. Zati oso txiki batek beste alde batera begiratzen jarraitzen du, datu ugari aurkezten badizkiogu ere.

-Indarkeriari aurre egiteko elkarbizitzan heztea proposatzen duzue. Nola?

-Juan Ramón: Modu bakarra dago hori egiteko: elkarrekin bizitzea. Mundu guztia inplikatuta dagoen bizikidetza-eremu bat sortu behar da, eta denek izan behar dute gai indarkeria hautemateko eta hura desagerrarazten lan egiteko. Hori erraza da esaten, baina ez egiten. Gaur egun, ikasleen hezkuntzan eragina duen guztiaren % 70 ikastetxearen kanpotik dator, hedabideetatik eta sare sozialetatik, eta horietan ikusten diren ereduek ez diote mesede egiten elkarbizitzari.

-A: Hezteko, jokabide eredugarria izan behar da. Konfiantzan eta elkarrizketan oinarritutako giroa sortu eta besteek entzutea lortu nahi baduzu, prest egon behar duzu entzuteko eta gatazketan esku hartzeko. Elkarbizitza-eredu positiboak proposatu behar dituzu, eta hori ez da erraza gizarte hiper-lehiakor batean.

-Zuen ikerlanak Celáa Legearen elkarbizitza demokratikoko printzipioak babesten ditu. Hezkuntza-arloko errealitatea zehazteko bezain garrantzitsua da hezkuntza-lege bat?

-JR: Hezkuntza-legeak oso garrantzitsuak dira, hezkuntzak etorkizuneko gizartea egituratzen baitu eta gizarte indibidualista baten alde edo inor baztertzen ez duen gizarte inklusibo baten alde egin baitezake. Horregatik dira hain garrantzitsuak lege horiek, eta horregatik da hain zaila horien gaineko akordioak lortzea, jarrera politikoak erradikalizatu egiten badira, batik bat. Garrantzitsua izango litzateke oinarrizko adostasun bat lortzea, nahiz eta gero legeak aldatu, errealitate berrietara egokitzeko. Bestalde, hezkuntza-legeak beharrezko baldintzak dira, baina ez dira nahikoa. Hezkuntza-lege batzuk zoragarriak izan daitezke, baina inplikatuta dauden estamentu guztiek ez badute hartzen horiek onartzeko konpromisoa, ezerezean geratzen dira.

-Aipatu ditugun arazoak gorabehera, zuena proposamenak biltzen dituen ikerlan bat da. Zein dira egiten dituzuen proposamen nagusiak?

-A: Bi eratako proposamenak daude: batzuek eskolarako dira, eta besteak eskolaren ingurunerako. Eskolarako proposamenen helburua da ikasleek gatazkak ebazten eta elkarbizitzarako espazio bat sortzen laguntzea. Kanpora begira, familiek eta auzoak eskolan parte hartzea sustatu behar da, eta hiru eragile horien arteko komunikazioa indartu.