Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
Neska-talde bat Sierra Leonako eskola batean ©Astrid Chitou/AI

Neska-talde bat Sierra Leonako eskola batean ©Astrid Chitou/AI

Blog

Hilekoa eta beste oztopo batzuk nesken hezkuntzarako

  • Badakizu zenbait neskatxa ezin direla eskolara joan hilekoa dutenean? Edo ezin dutela ikasi edo azterketak egin, haurdun egoteagatik? Edo ezkontzera behartzen dituzten neska nerabeen artean handiagoa dela eskola uzteko probabilitatea? Horiek munduko milaka neskek neska izate hutsagatik hezkuntzarako dituzten oztopoen adibide batzuk baino ez dira.
Vega del Val, Amnesty Internationaleko kolaboratzailea,

Hilekoa tabua da oraindik herrialde askotan. Horrek eta pobreziak, hilekorako higiene-produktuak eskuratzeko zailtasunek, eskoletan higienea zainduz aldatzeko lekurik ez egoteak edo urik eta saneamendurik ez izateak emaitzatzat dute neska askok eta askok hilekoa duten bitartean etxean geratzeko hautua egitea; horren ondorioz, haien errendimendu akademikoak okerrera egiten du epe luzera, ondoez emozionala sentitzen dute, eta handitu egiten dira neskek eskola uzteko aukerak.

UNICEFek eta beste erakunde batzuek egindako zenbait azterlanek salatzen dutenez, Afrikako herrialde batzuetan neskatxek hilabetean 4 eskola-egun ere gal ditzakete, hilekoarekin dauden bitartean, eta Asiako hegoaldean, 3-4 egun.

Eskasia menstruala

Datu horien atzean ‘hilekoko pobrezia’ edo ‘pobrezia menstruala’ izendatu izan dena dago, bost neskatik bati eragiten dion egoera. Baliabide ekonomiko urriak dituztenez, familiek ezin dituzte hilekorako produktu egokiak erosi alabentzat. Egoera hori ez da gertatzen ekonomikoki txiroenak diren herrialdeetan bakarrik; mundu osoan zabalduta dagoen errealitate bat da. Baliabide faltaren ondorioz, trapuak, hosto lehorrak edo egunkariak erabili behar izaten dituzte, konpresak, tanpoiak edo hilekorako kuleroak eta kopak erabili beharrean. 

Pobrezia menstrualak arriskuan jartzen du haien osasuna. Gainera, neskek eskolara joan gabe etxean geratu behar izaten dute hilekoa duten egunetan. Pobrezia menstruala arintzeko, zenbait herrialdek higiene-produktuen gaineko zergak txikitu, murriztu edo ezabatu dituzte, tanpoien edo konpresen prezioak, adibidez, egoera zaurgarri hori areagotzen baitute. Mahai gainean dago higiene menstrualeko produktuak eskuratzea oinarrizko eskubidetzat hartzeko aukera aztertzea.

Kenyan, Australian, Kanadan, Indian, Malaysian, Ugandan, Tanzanian, Nikaraguan, Trinidad y Tobagon eta Estatu Batuetako zenbait estatutan, produktu horiek ez daukate zergarik. Eskozia hilekoarekin lotutako osasun-produktuak doan eskaini dituen munduko lehen herrialdea da. Gainera, doan eskuratzeko aukera eskaintzen du eskola, ikastetxe eta unibertsitate guztietan. 2016an, New York hiriak ikastetxe publiko guztiek komunetan konpresak eta tanpoiak doan eskaintzea onartu zuen. Ekimen horri esker, murriztu egin da eskola uzten duten nesken tasa.

Kontrako aldean, produktu horiek luxu hutsa dira beste herrialde batzuetan. Izan ere, bitxiei dagokien zerga berbera ezartzen zaie. Hungarian, adibidez, % 27ko zerga aplikatzen zaie; Kroazian, Suedian eta Danimarkan, % 25ekoa, eta Argentinan, % 21ekoa. 

Europar Batasuneko estatuek arau komunitario bat dute, eta, horren arabera, tanpoien eta konpresen zerga % 5era bakarrik murriztu daiteke. 2020an, Alemaniak % 19tik % 7ra jaitsi zuen zerga; Erresuma Batuan % 5ekoa da, eta Espainian produktu horiek % 10eko BEZa dute, kirol-ekitaldiek edo ostalaritzako zerbitzuek duten berbera. Hau da, zerga bera ezartzen zaie aisialdiaren parte diren edo nahi dugulako egiten ditugun ekintzei eta higiene menstrualaren moduko osasun behar bati.

Estigma soziala eta tabua

Pobrezia menstrualetik harago, hilekoak estigma sozial bat izaten jarraitzen du. Mundu osoko neska askok lotsa sentitzen dute hilekoa dutenean, gaiaren inguruko tabuen ondorioz. Kultura batzuek “odol-gaitzaz” hitz egiten dute; beste batzuek lizunkeriarekin lotzen dute hilekoa; eskualde batzuetan, neskatxak ezkontzeko edo harreman sexualak izateko prest daudela adierazten duen “seinale” bat da, eta horrek haurren ezkontzen eta sexu-indarkeriaren biktima izateko arriskuan jartzen ditu. Beste eskualde batzuetan ezin da hilekoari buruzko aipamenik egin gizonen aurrean, eta kultura gehienetan diskrezioz igaro beharreko bizitzako etapa bat da. Horren guztiaren ondorioz, neska askok hilekoa duten egunetan eskolara ez joatea erabakitzen dute. Beste kasu batzuetan, gurasoek behartzen dituzte etxean geratzera.

Nola egin diezaieke aurre estigma eta presio sozial horiei ere aldaketa-prozesu betean dagoen eta bere gorputza ulertu nahian dabilen neska batek? Zergatik jarraitzen dugu hilekoaz ahopeka hitz egiten XXI. mendean? Edo lagunei ezkutuan esaten hilekoa dugula? Zoritxarrez, hilekoak sozialki deserosoa den emakumeen etapa biologiko bat izaten jarraitzen du, sekretismoarekin eta zikintasunarekin lotutako etapa bat, kasu askotan ezkutatu egin nahi izaten dena.

Horri erantsi behar zaio neska-mutilei eta familiei ez zaiela ematen behar beste informazio sexu- eta ugalketa-heziketari buruz. Desinformazio horrek mitoak eta estereotipoak elikatzen ditu, eta horrek guztiak neska gazteen eskubideak murrizten ditu, beren buruarenganako konfiantza kaltetzen baita eta ukatu egiten baitzaie estigmarik gabe hazi eta garatzeko eskubidea. Garrantzitsua da hilekoa duten egunak modu osasungarri eta seguruan igaro ahal izatea beren ingurunean nahiz eskolan.

Ikastetxeetan naturaltasunez hitz egin behar da hilekoaz; gaiaren gaineko estigma sozialak apurtu behar dira; ugalketari eta sexuari buruzko heziketa indartu behar da, eta higiene-produktuen eskuragarritasuna erraztu behar da. Izan ere, Chimamandak zioen moduan: “Hilekoak ez gaitu lotsatu behar. Hilekoa normala eta naturala da, eta giza espeziea ez litzateke existituko hilekoa existituko ez balitz”.

Beste oztopo batzuk

Hilekoarekin batera, badira neskek eskola uzteko beste arrazoi batzuk ere: mutilek baino lan-karga handiagoa izatea etxean, haurren esplotazioa, pobrezia ekonomikoa, ezkontza goiztiarrak edo haurdunaldiak.

Sierra Leonak, Tanzaniak eta Ekuatore Gineak debekatu egiten diete eskolara joatea eta azterketak egitea neska haurdunei. Orain, Sierra Leonako gobernuak baliogabetu egin du debeku hori, eta sexu- eta ugalketa-osasunari lotutako eskubideak eskola-curriculumean txertatzeko lan egin nahi du, eta familiek familia-plangintzari eta antisorgailuei buruzko ezagutza handiagoa izatea. Urrats txiki horiek erakusten dute badela beste ikuspuntu bat eta, batik bat, neskatxen eskubideen babesa hezkuntza-proposamen ororen erdigunean jarri behar dela.