Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
Eskuko irrati baten lehen planoa @Pexels

Eskuko irrati baten lehen planoa @Pexels

Blog

Irrati komunitarioak, giza eskubideen bozgorailu

  • Komunitatetik komunitatearentzat sortutako irrati bat. Partaidetzan oinarritutako komunikazio-eredu bat. Komunikatzeko beste modu bat; irratia egiteko beste modu bat. Irrati komunitarioek informatu, hezi eta entretenitu baino askoz gehiago egiten dute: giza eskubideak defendatzen dituzte; mesede egiten diote garapen sozialari; identitate kulturala indartzen dute, eta gai dira errealitate soziala eraldatzeko, gizarte justuago eta berdinzaleagoak sortzeko.
Vega Alonso, Amnesty Internationaleko kolaboratzailea,

Hitza demokratizatzen dute, ahotsa ematen baitiete masa-hedabide deritzenetan tarterik ez duten sektore baztertuenei. Horrelakoetan, Eduardo Galeanoren Los Nadies laneko protagonistek beren tokia aurkitzen dute, esan beharreko guztia esateko munduari.

Horretarako lagungarriak dira halako irratien programazioak, gai bakoitzerako bozeramaileak, audientziarekiko harremanak edo komunitatean egiten diren irrati-jarduerak. Gainera, modu horretara sustatzen da halako hedabideek ezaugarritzat duten hezkuntza informala. Ezagutza teknikoak eta legeari buruzkoak erdiesten dira; sormena sustatzen da; taldean lan egiten ikasten da, baita jendaurrean hitz egiten eta norbere eskubideak defendatzen ere.

Plataforma hauek babesten dituzten komunikazio partizipatiboak eta komunikazio-eskubideak ez darabiltzate igorlea-mezua-hartzailea eredu linealak. Horrelakoetan, entzuleak programen ekoizle, bozeramaile edo irratiko zuzendari dira aldi berean.

Beste ahots batzuk mundu osoan

Lehenengo esperientziak Latinoamerikan jarri zituzten martxan, 1950eko hamarkadan. Salaketarako eta borroka sozialerako sortu ziren, gogoetarako espazio gisa, eta desberdintasun ekonomiko, politiko eta sozialen aurkako erantzun gisa, giza eskubideak erdigunean jarrita beti.

1947an, Radio Sutatenza irratia Kolonbiako landa-ingurunean emititzen hasi zen, eta 1949an, Boliviako meatzari-talde batek Radio de los Mineros bultzatu zuen, lan-baldintza justuagoen alde borroka egiteko. Era berean, alfabetatze-eginkizuna betetzen hasi ziren, hala nola Dominikar Errepublikako Radio Santa María irratiaren kasuan.

Mikrofono baten lehen planoa irrati bateko grabazio-estudio batean @Pexels

Beste irrati batzuk genero-indarkeriaren gaineko kontzientziazioa garatzen lagundu nahi izan dute, eta berdintasuna sustatzen, Txileko Radio Voz de la Mujer irratiak edo Radio Libre de Écija irratiko ‘Las somos todas’ programak, besteak beste. Beste batzuek ustelkeriaren aurka borroka egin dute, ingurumena babestu dute eta hondamendi naturalen prebentzioaren alde lan egin dute, El Salvadorreko Radio Bálsamo irratiak, adibidez; beste batzuek gaixotasunen prebentzioa eta kontzientziazioa sustatu dute. Ebolaren krisian zehar, Sierra Leonako irrati komunitarioek funtsezko eginkizuna bete zuten, informazioa eman eta prebentzioa bultzatu zutelako. 1998an, Mitch urakana gertatu zenean, biziak salbatu zituzten. Nazioarteko laguntzak koordinatzeaz eta kaltetutako biztanleria animatzeaz arduratu ziren. Beste adibide bat Mexikoko Cholollan Radio irratia da: biztanleria osoari eman nahi dio Covid-19ari buruzko informazioa, nahuatl hizkuntzara egokituta.

Beste irrati batzuek gainerakoetan lekurik ez duten kolektiboei ematen diete hitza. Haurrak eta gazteak izan ziren Ekuadorreko Radio Revista Los Chicos Pilas irratiaren oinarria. Argentinako LT22 Radio La Colifata irratiak mugak zeharkatu ditu, eta buruko osasunaren garrantzia mahaigaineratu du. Madrilgo Pintor Rosales Zentro Okupazionaleko gazteek ‘Echale Papas’ saioa egiten dute Radio Almenara irratian.

Mexikon, La Voz de los Campesinos irratiak herri indigenen eskubideen alde egitea eta horien identitate kulturala babestea du helburutzat. El Salvadorreko Radio Victoria irratiak Giza Eskubideen Sustapen eta Defentsaren Sari Nazionala jaso zuen 2019an, meatzaritza metalikoa debekatzeko egindako lanagatik. Eragiten duten eraldaketa soziala beren komunitate, herrialde edo kontinentetik haratago iristen da, irrati komunitarioen saioetako asko Interneten entzun baitaitezke.
    
Irrati komunitarioek babesten duten komunikaziorako eskubidea gainerako giza eskubideak betearazi eta babesteko oinarria da; izan ere, herritarrek beren eskubideak ezagutzen badituzte, babestu eta defendatu egin ahal izango dituzte.