Trumpen administrazioaren kaos- eta krudeltasun-politika ez da gelditzen. Migratzaileen komunitateen aurkako eraso handien barruan, ICEk familiak atxilotzeko praktika krudelari ekin dio berriro.
Zer esan nahi du familiak atxilotzeak?
Politika horren babesean, ICE haurrak eta nerabeak (haurtxoak barne) eta haien familiak atxilotze-zentroetan sartzen ari da, AEBtik kanporatuko dituzten edo herrialdean egoten utziko dieten jakiteko zain.
Texasen familiak atxilotzeko zentro bat berriro ireki ondoren (“Dilley” deitu ohi zaie), Trumpen administrazioa beste hiru zentro irekitzeko, lehendik zeuden beste batzuk handitzeko eta, are gehiago, biltegiak egokitzeko asmoa du, milaka pertsona gehiago atxilotu ahal izateko.
Dilleyko baldintzei buruzko txostenek erakusten dute familiek zer-nolako izugarrikeria izango duten zain barruan. Berriro familiak atxilotzen hasteak eta atxiloketak zabaltzeak arriskuan jarriko ditu herrialde osoko ezin konta ahala familia, haur eta neraberen segurtasuna eta ongizatea.
Zergatik da hain larria?
Atxiloketa kaltegarria da denentzat, baina bereziki traumatikoa da haurrentzat. Haurren osasuna kaltetzen du, haien garapena arriskuan jartzen du, eta esperientzia traumatiko bat da, askatu ondoren ere jarraitzen duten kalte iraunkorrak eragiten dituena: garapenaren atzerapenak, antsietatea, depresioa, trauma osteko estresaren nahasmendua eta ideia suizidak. Halaber, loaren alterazioak, apetituaren galera, autolesioak edo uzkurtasuna ere eragiten ditu.
Atxilotutako familiek ez dute edateko ur garbirik, ezta elikadura nutritiborik ere. Horren ondorioz, haur eta nerabe batzuek pisu-galera arriskutsua izaten dute. Era berean, ez dute mediku-arreta egokirik, eta horrek arrisku larriak eragiten ditu osasunerako, oharkabean pasatzen baitira, edo zuzenean ez-ikusiarena egiten baitzaie adingabeen gaixotasun kronikoei, gaitzei edo lesioei. Eta zer esanik ez hezkuntzan, eten egiten baita. Hezkuntza-aukera mugatuak daudenean ere, estresak eta atxiloketaren gabetze fisikoek izugarri zailtzen dute haurren eta nerabeen ikaskuntza.
Ezin dugu horrelakorik onartu, jardun!
Mundu guztiak merezi du aske eta beldurrik gabe bizitzea familiarekin batera, etxe dei diezaiokeen leku batean, eta ez segurtasunik gabeko instalazioetan, besteak beste biltegi eraberrituetan. Haurrek babesa merezi dute haiek zainduko dituzten helduen eta komunitateen aldetik, aurrera egiteko behar dituzten baliabideetarako sarbidea, eta ikasteko, jolasteko, hazteko eta haurtzaroko poza sentitzeko aukera.
Hori dela eta, hauxe proposatzen dizuegu:
Bildu ikasleekin gelan eta espazio ez-formaletan, paperezko panpinak moztu eta margotzeko, orrialde honetan erantsi dugun txantiloia erabiliz.
Idatzi itxaropen-mezuak panpinetan, adierazi modu sortzailean migrazio-arloko atxiloketek eragindako haur eta familientzat dituzuen nahiak. Protesta-mezuak ere adieraz ditzakezue.
Igaro denbora elkarrekin familiak atxilotzeari buruz ikasten eta hitz egiten.
Jarri zuen lanak sare sozialetan, #FreeFamilies traola erabiliz eta Amnesty International aipatuz (@amnistiaespana).
Beharbada, zuen familiako, erlijio-komunitateko edo auzoko kideekin elkartzeko gune bat ere antolatu nahi duzue, familiak atxilotzeari buruz hitz egiteko, eta paperezko panpinak elkarrekin apaintzeko.
- Praktika autoritarioei buruzko hezkuntza-gidekin osatu dezakezue jarduera.
Bidali iezazkiguzue zuen lanak gure bulegora: calle Fernando VI, 8, Centro, 28004 Madrid. Hemendik AEBko kongresistei bidaliko dizkiegu, praktika horien aurka ozen hitz egiten ari garela jakin dezaten.
Familiak atxilotzea gizagabea da, eta ez da beharrezkoa. Familiak ez lirateke atxilotu behar inoiz. Ezin dugu onartu hori gertatzen jarraitzea!

