Martxoaren 8an emakumeen eskubideak babesteko eta diskriminazioa nahiz indarkeria matxistak salatzeko kalera irten ziren zenbait kolektibotako hiru emakume aktibista gazterekin hitz egin dugu. Haien inplikazioak, indarrak, segurtasunak eta ekintzak argi erakusten digute badela berdintasunarekin oso kontzientziatuta dagoen belaunaldi gazte bat, aurrekoen lanarekin jarraituko duena eta etorkizunean itxaropen-izpi bat ekarriko duena.
Laura Espadas. Ikasleen Elkarteen Estatuko Konfederazioa (CANAE)
Madrilgo Las Musas BHIko Batxilergoko lehenengo mailako ikaslea da Laura Espadas, eta, kontatu digunez, martxoaren 8an deituta zegoen ikasle-greban parte hartu zuen, baita Ikasle Sindikatuak ‘Gu hiltzen eta bortxatzen jarraitzen dute!’ lelopean antolatu zuen manifestazioan ere. “Garrantzitsua da egun horretan kalera irtetea, gu guztiontzat behar ditugun eskubideak aldarrikatzeko eta feminismo inklusiboaren aldeko apustua egiteko”, adierazi digu. Laurak argi du “funtsezkoa dela borroka feministaren parte izatea. Ez dago berdintasuna ez den beste aukerarik”. Borroka horretan giltzarria da gazteen zeregina; izan ere, “biztanleen ehuneko handia gara, eta gure ahotsak borroka guztiak eta partaidetza-espazio guztiak aberasten ditu. Kontzienteki parte hartu behar dugu gure gizarteetan”.
CANAE – Ikasleen Elkarteen Estatuko Konfederazioko kidea da 2022az geroztik. Elkartetik “ikasgeletan aukera-berdintasuna izatea eskatzen dugu, formakuntza horretarako egokia izatea eta klaustroan adostasuna egotea ikasgeletan diskriminazioa eta matxismoa geldiarazteko eduki eta plan eraginkorrei dagokienez”, azaldu digu Laurak.
Laura Montoya. Amnesty International
“Egunero izan behar du martxoaren 8a, baina egun horrek aukera ematen digu egun batez gelditu eta aldarrikapenak egiteko, eta emakumeek jasan behar ditugun indarkeria matxisten gaineko kontzientzia hartzeko, mikromatxismoetatik eta soldata-arrakalatik hasi, eta hilketetaraino”, azaldu digu Laura Montoyak. Amnesty Internationaleko aktibista da 2012az geroztik; orduan hasi zuen ibilbidea bere ikastetxean, Eskola Sarean, eta aktibismoarekin jarraitu zuen unibertsitatean; gaur egun AIko gazte-taldean dihardu. 2023an Bartzelonan deitutako manifestazioan parte hartu zuen Amnesty Internationalen eskutik; bertan, Afganistango emakume eta neskengan jarri zuten arreta, eskubideak mugatuta baitituzte talibanak boterera iritsi zirenetik. “Ezin dute espazio publikoetan parte hartu; ezin dute bidaiatu, gizonezko senide batek lagunduta ez bada; enplegu publikoetatik kanporatu dituzte, eta erakundeetan parte hartzea debekatu diete”, gogorarazi du Laurak, eta erantsi du: “Espazio publikoetatik baztertzen bagaituzte, mezu argia helarazten digute: ez garela gizartearen parte. Haien alde borroka egin behar dugu, haiei ez baitiete uzten”.
Aurten, era berean, dibulgazio- eta kontzientziazio-jarduera batean parte hartu du katalana ikasten duen zentroan. Norberaren bizitzan bereziki garrantzitsuak izandako emakumeei buruzko jarduera bat zen. “Ikasle emakumezko gehienek gure amak aipatu genituen erreferente eta zaintzaile nagusi gisa; deigarria izan zen. Zaintza-lanak ikusarazi nahi izan genituen, askotan ez baitira kontuan hartzen”, azaldu du.
Yasmina López. Ikasleen Elkarteen Estatuko Konfederazioa (CANAE)
Nahiz eta urteak daramatzan berdintasunarekin kontzientziatuta eta zenbait jardueratan parte hartzen, aurtengo martxoaren 8koa lehen manifestazioa izan da Yasmina Lópezentzat, Tarragonan DBHko laugarren mailan dabilen 16 urteko gaztearentzat. Lagun guztiak elkarrekin joatea erabaki zuten, astebete lehenago haietako batek sexu-abusuak jasan ostean. Institutuko zenbait irakasle ere beraiekin joan ziren. “Oraindik handia da desberdintasuna, eta gertaera matxista ugari jazotzen dira, baita institutu barruan ere; hortaz, berdintasunaren alde lanean jarraitu behar dugu”, aldarrikatu du.
Yasminak hunkituta oroitzen du manifestazioa, “belaunaldi desberdinetako hainbeste jende gauza beragatik borrokan” ikusita. Gainera, kontatu digunez Filosofiako eskoletan emakume filosofoen izenak eta lanak biltzen zituzten pankartak egin zituzten, eta ikastetxean barrena zintzilikatu, “emakume horiek ezagutzera emateko eta horiei buruz hitz egitea lortzeko”. Blogerako elkarrizketa amaitzeko, Yasminak itxaropen-mezu bat utzi digu, eta datorren martxoaren 8an berriro kaleak hartzeko gogoz dagoela adierazi digu.