Mundu osoan, emakumeek eta neskatxek gizonek baino arrisku handiagoa dute pobrezia ekonomikoa pairatzeko. Ez dago herrialde bakar bat ere non berdintasun ekonomikoa dagoen gizonen eta emakumeen artean. Pobreziak genero-arrakala areagotzen du, eta aldi berean, genero-arrakalak pobrezia eragiten du. Genero-arrakala eta pobrezia emakumeen eskubideak urratzen dituzten elkarri lotutako bi desberdinkeria dira.
Faiqqa Homsi, minbizia diagnostikatuta duen Maya alaba besoetan duela, Libano iparraldeko Tripoli hiriko Mulawiya auzo txiroan duen apartamentuko balkoian. Aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko batek eta COVID-19aren ondoriozko murrizketek muturreraino eraman dituzte pertsona zaurgarrienak. © Foto AP/Hassan Ammar
Zer da pobreziaren feminizazioa?
Kontzeptu hori 70eko hamarkadan sortu zuten, errealitatea erakusteko: pobrezia ekonomikoak gizonengan baino eragin handiagoa duela emakumeengan. Nazio Batuen arabera, munduko pertsona txiroen % 70 emakumeak dira. Gainera, munduko bost neskatxatik bat muturreko pobreziako baldintzetan bizi da. Hau da, egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin bizirauten duen etxe batean.
“Munduko lanen % 66 emakumeek egiten badituzte ere eta elikagaien % 50 ekoizten badituzte ere, diru-sarreren % 10 baino ez dute jasotzen, eta jabetzen % 1 bakarrik da haiena”.
Emakumeak eta neskatxak zaurgarriagoak dira indarkeria-modu ororen aurrean, eta pobrezia ekonomikoa kolektibo horren aurkako beste indarkeria-mota bat da. Pobreziaren feminizazioak haien eskubideak urratzen ditu, eta, horrez gainera, munduko gizarte-garapena eta hazkunde ekonomikoa geldiarazten ditu.
Emakumeek eta neskatxek jasaten dituzten zapalkuntza guztiak elkarri lotuta daudela agerian uzten duen genero-arrakala bati buruz hitz egiten ari gara. Pobreziak independentzia ekonomikoa izatea, baliabideak eskuratzea eta hezkuntza, osasuna zein beste eskubide batzuk jasotzea eragozten die, eta gainera, babes gutxiago eskaintzen die indarkeriari begira, eta zaildu egiten die erabakiak hartzea edo bizitza politikoan modu aktiboan parte hartu ahal izatea.
>
Zenbait neskatxa kinoa-zukua edaten eta ogia jaten ari dira mototaxi baten atzeko aldean, Villa María del Triunfo barrutian, Liman (Peru). 2020ko ekainaren 17a, asteazkena. Janaria familia aberats batek eman zuen, eta hiriburuko eremu pobre batean banatu zuten koronabirusaren pandemia betean. © Foto AP/Rodrigo Abd
Zergatik du pobreziak eragin handiagoa emakumeengan?
Emakumeen eta neskatxen aurkako diskriminazioa pobrezia ekonomikoak sortzen duen desberdinkeriaren kausa eta ondorioa da aldi berean. Hau da, pobreziak genero-arrakala areagotzen du, eta genero-desparekotasunak pobrezia dakar. Zirkulu hori apurtu beharra dago.
Mundu osoan, sistema patriarkalak eta genero-rolen betikotzeak pobrezia sortzen duten desberdinkeria sozial, kultural eta ekonomikoak sustatzen dituzte. Lan-arloko desparekotasuna da pobreziaren feminizazioa indartzen duen faktore nagusietako bat: soldata txikiagoak dituzte, ordaindu gabeko lanak egiten dituzte eta denbora gehiago ematen dute zaintzan. Lan hori gutxitan aitortu eta baloratzen da.
“Munduan, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala % 24koa da”.
Natividad Benítez, Lionel Domínguez semea ohetik altxatzen bere etxean, gobernuak koronabirusaren hedapena geldiarazteko agindutako itxialdi batean. Villa 1-11-14 txabola-auzoa, Buenos Aires, Argentina, 2020ko ekainaren 2a. © Foto AP/Natacha Pisarenko
“Emakumeek gizonek baino ordaindu gabeko lan gehiago egiten dute, bitik hamarrera aldiz gehiago”
Gainera, planetako eremu askotan emakumeek zailtasun handiak dituzte jabetzak, etxebizitza edo finantzak eskuratzeko. Zenbait herrialdetan, emakumeek baimena eskatu behar diote aitari, anaiari edo senarrari kontu korronte bat irekitzeko. Beste batzuetan, legediek lurrak herentzian jasotzeko edo maileguak eskatzeko eskumenak muga ditzateke.
Finantzen eskuragarritasun berdina ez izatea emakume askok pairatzen duten pobrezia-egoeratik ateratzeko oztopo bat da, eta beren bizitzei buruz erabakiak hartzeko erabateko autonomia izatea eragozten die.
Bestalde, hezkuntza jaso ahal ez izateak pobrezia eragiten du, eta pobreziak, aldi berean, areagotu egiten du hezkuntzarik ez jasotzeko arriskua. Pobreziaren eta genero-arrakalaren zirkulua, berriro ere.
“15 milio neska ez dira Lehen Hezkuntzako eskoletara joaten; mutilen kopurua 10 milioikoa da. Nerabezaroan, neska askok ikasketak utzi behar izaten dituzten Bigarren Hezkuntzan, haurdun geratzen direlako eta etxean lan egin behar dutelako”.
Krisi ekonomikoek agerian uzten dituzte emakumeek jasaten dituzten desberdinkeriak, eta are gehiago gogortzen dituzte kolektibo horren pobrezia-egoerak. COVID-19aren ondoriozko egungo krisian jada gertatzen ari da hori.
Pandemiak ondorio hauek ekarri ditu emakumeentzat: prekarietate handiagoa; zaintza-lanen gainkarga eta, ondorioz, zailtasun handiagoak telelana egiteko edo enplegu-aukerei eusteko; zama mental handiagoa kontziliazioari dagokionez; ezkutuko ekonomian diharduten emakumeen ikusezintasun handiagoa –hala nola etxe-langileena-; guraso bakarreko familientzako zailtasunak, eta indarkeria gehiago. Europan bakarrik, itxialdian zehar larrialdi-zerbitzuek % 60ko gorakada erregistratu zuten etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeen deietan.
Munduan, orokorrean, pandemiak handitu egingo du emakumeen eta gizonen arteko pobrezia-arrakala. NBEren kalkuluen arabera, beste 47 milioi emakume eta neskatxa pobrezia-atalasetik behera geratuko dira, eta, hortaz, atzera egingo da hainbat hamarkadatan muturreko pobrezia desagerrazteko egindako aurrerapenetan.
“2019tik 2021era bitarte emakumeen pobrezia-tasa % 2,7 txikitzea zegoen aurreikusita. Baina oraingo aurreikuspenen arabera, % 9,1 handituko da, pandemiaren eta horren ondorioen eraginez”
Eta beste alderdi garrantzitsu bat: krisian, emakumeek lana galtzeko arrisku handiagoa dute. Espainian, Emakumearen Institutuak dio sektore feminizatuenak –turismoa, merkataritza eta ostalaritza, besteak beste- pandemiak gogorren jo dituenak direla, eta suspertze motelena izango dutenak.
Siriar emakume errefuxiatu bat kartel bati eusten, Nazio Batuaren errefuxiatuentzako agentziaren aurrean protestan ari dela. Libanotik kanpora eraman dezatela eskatzen du, herrialdea inoizko krisi ekonomiko latzenean murgilduta baitago eta horrek langabezia eta pobrezia areagotzea ekarri baitu. 2020ko irailaren 24a. © Foto AP/Hussein Malla
Desagerraraz dezakegu pobreziaren feminizazioa?
Bai, egin daiteke eta egin behar da. Helburu hori lortzeko gobernuen, enpresen, herritarren eta erakundeen inplikazioa behar da. Lehen aipatu dugu pobreziaren feminizazioa beste genero-arrakala bat dela eta desberdinkeria guztiak elkarri lotuta daudela. Hori dela eta, genero-desparekotasuna desagerraraziz gero, emakumeek pairatzen duten pobreziaren zirkulua apurtu ahal izango dugu, eta alderantziz.
Berdintasunaren aldeko benetako apustu batek eta aldaketa sozial zein egiturazkoek bidea ireki dezakete. Genero-berdintasun hori lortzeko, emakumeek eta gizonek enplegu bat lortzeko aukera berdina izan behar dute; ordainsari bera jaso behar dute lan berdinagatik; etxeko lanak banatu behar dituzte, eta aitortu eta baloratu egin behar dituzte ordaindu gabeko zaintzak eta etxeko lanak. Berdintasun hori lortzeko, mundu osoan bermatuta izan behar dute jabetza edo mailegu bat lortzeko eskubidea eta hezkuntza nahiz osasun kalitatezkoa jasotzekoa.
Emakumeak eta neskak ahalduntzea ere funtsezkoa da autonomia ekonomikoa izateko. Garrantzitsua da beren eskubideak ezagutzeko eta beren iritzia adierazteko beharrezko tresnak edukitzea.
Gogoan izan behar dugu munduko biztanleen erdiak emakumeak direla. Pairatzen duten pobrezia ekonomikoa desagerraraztea oinarrizkoa da, berdintasunik gabe nekez lor baitaiteke garapena.