Gustuko ditugu ipuinak, eta giza eskubideak transmititzeko bide zoragarria izan daitezkeela iruditzen zaigu. Hori dela-eta, noizean behin blog honetan idatziko du Nievesek, eta ikasgelan emakumeei buruz, aniztasunari buruz eta beste gai batzuei buruz hitz egiteko erabil ditzakezuen ipuin batzuk aurkeztuko ditu. Gustatuko zaizkizuelakoan gaude.
Kontakizunen eta giza eskubideen barrenako ibilbide honi ekiteko liburu oso berezi bat aurkitu behar nuela pentsatu nuen. Behin eta berriro begiztatu nituen udal-liburutegikoak, etxeko apaletan ditudanak eta literatur nobedadeak.
Astrid Lindgren idazlearen Pippi Calzaslargas ez da nobedade bat, 1945ean argitaratu baitzuten, baina 2018an arrakastaz berrargitaratu zuen Espainian Blakie Books argitaletxeak. Zalantzarik gabe, erreferentzia onenetako bat da martxorako, emakumeen hilabeterako. Baina ez nuen aurkitu edizio hori edo antzeko besteren bat, salmenta-kanal guztietan agortuta baitaude. Liburuak berriki izan duen arrakasta poztekoa iruditzen zait, Pippi pertsonaia berezi bat delako, ia zortzi hamarkada igarota ere emakume eta neskatxek gustuko dutena; harekin identifikatuta sentitzen dira. Pippi neskatxa emantzipatu eta askea da, azken ondorio positiboenetaraino. Genero-estereotipoak apurtzen ditu, adimentsua eta oso indartsua baita, sozialki maskulinotasunari esleitutako ezaugarriak, bi-biak; eta gizonak gainditzen ditu, besoez zaldi bat jasotzeko gai baita apenas esfortzurik egin gabe. Barregarria da; nahi duen moduan janzten da; trebea da; ez zaio axola gainerakoek berari buruz duten iritzia, eta lotsagabe agertzen da emakumeok esanekoak izan behar dugulako uste sozialaren aurrean, uste orokortua duela laurogei urte, liburua lehen aldiz argitaratu zenean. Ordutik hona asko aldatu da egoera, baina oraindik bide luzea dugu aurretik genero-berdintasun erabatekoa lortu arte. Izenburu hau gomendatzen diet zortzi edo bederatzi urtetik aurrerako neskatxei, baina baita horien ama, amona eta bestelako senideei ere.
Ikuspegi bitar eta heteropatriarkal baten baitan rol bakoitzari egokitutakoaren eta politikoki zein sozialki zuzena denaren harira, gogoan dut duela egun batzuk oso gustura ikusi eta entzun nuela Raquel Díaz Reguera ilustratzaile, idazle, konpositore eta kanta-idazleari egindako elkarrizketa bat. Bertan kontatu zuen bere alabarentzako ipuin bat idatzi eta ilustratu zuela; izan ere, alabari asko gustatzen zitzaizkion printzesa arrosak, eta berak erakutsi behar zion neskek aukera izan behar dutela genero-estereotipoei lotutako ezaugarriekin apurtzeko eta bestelako pertsonaia edo eredu modernoagoetatik ikasteko. Ideia horretatik jaio zen ¿Hay algo más aburrido que ser princesa rosa? liburu ilustratua (Thule Ediciones, 2010). Argitalpen horrek genero-rolak apurtzen ditu: printzesa arrosak lokartu egiten dira, aspertuta; ez diete musu eman nahi apoei, eta jarduera dibertigarriak egin nahi dituzte, hala nola globoan bidaiatu, printze urdinak askatu edo herensugeak etxekotu. Irauli egiten ditu tradizioz neskei eta emakumeei esleitutako desirak eta gaitasunak, eta agerian uzten ditu haien ahalmena, abenturazaletasuna, gustuak eta jakin-mina.
Ildo berean eta genero-ikuspegiarekin, Raquel Díez Reguerak honako hauek argitaratu zituen ondoren: Cuando las niñas vuelan alto (Lumen, 2017), Las niñas serán lo que quieran ser (Lumen,2017), Violeta &Co cambian el mundo (Lumen, 2021) eta Clara Campoamor, El primer voto de la mujer (NubeOcho, 2019). Argitalpen horiek guztiak edizio-diseinu oso zaindua duten album ilustratuak dira, formatu karratukoak eta azal gogorrekoak; azaleko irudi eta ilustrazio koloretsuak dituzte, eta guztietan dago jasota idazleak bere emakumezko protagonista bakoitza antzeman eta berregiteko duen berezko estiloa. Kontakizun fantastikoetan barrenako ibilbide bat, edo Clara Campoamorren biografian oinarritutako kontakizun bat, ukitu magiko bat duena. Horien bidez, lauzpabost urtetik gorako neskatxak erreferente birdefinituekin identifikatuta senti daitezke, eta genero-identitate alternatibo eta aberatsago bat eraiki dezakete beren bizitzako une garrantzitsu batean. Eta, batez ere, presio eta etiketa soziokulturaletatik askeago dagoen ibilbide bat has dezakete.
Tradizio patriarkalak emakumeentzat aurrez xedatutako rola apurtzen jarraitzeko, eta bereziki kontuan hartuta printzesa arrosak gustuko ez dituzten neska irakurleak, beste pertsonaia batzuk aurkeztuko ditut, genero-rol zurrunekin lotutako aurreikuspenak gainditzen dituzten istorio oso pertsonalen protagonistak, mundu aberats, koloretsu eta aske bat erakusten digutenak. Ildo horretan, Las princesas más valientes album ilustratu ederra gomendatu nahi dizuet (Dolores Brown eta Sonja Wimmer, NubeOcho, 2018). Neurri handiko eta diseinu ederreko liburua da, eta irudiek marrazkigilearen ukitu zoragarri eta bizia dute; bertan, hainbat adin, leku eta jatorritako emakumeen bizimodua, zaletasunak, gustuak eta ezaugarriak erakusten dira. Gure inguruan dauzkagu, baina apenas ikusten ditugu kontakizun honek aurkezten dizkigun arte. Lanbide, adin eta genero- nahiz sexu-identitate desberdinak dituzte, baita ahalmen desberdinak ere; batzuk bakarrik bizi dira, beste batzuk seme-alabekin, bikotekideekin, gizon ala emakume; atsegin dute jolastea, dantzatzea, pastelak jatea, antzeztea, txotxongilo-ikuskizunak egitea, paseatzea edo hiriko kaleak bizitasunez betetzen dituzten haziak landatzea. Oso hurbileko printzesak dira, eta azkenean konturatzen dira ez dutela printzesa izan nahi, beste egiteko batzuk askoz interesgarriagoak direlako. Argitalpen hau gomendagarria da zazpi urtetik gorako irakurle hasiberrientzat.
Bizitzako beste fase baterako, genero-ikuspegia duten argitalpen batzuk gomendatu nahi dizkiet neska nerabe eta gazteei. Hasteko, Diario Violeta de Carlota, Gemma Lienas idazlearena (Destino, 2013, 2019). Lehen pertsonan kontatutako istorio honetan, neska nerabe batek emakume izateagatik jasan beharreko desberdinkeriazko egoera bidegabeak identifikatzen ditu. Egoera horiekin identifikatuta senti daitezke hamabi urtetik gorako irakurle gazte asko.
Baina genero-ikuspegia zer izan den eta zer den ezagutzeko funtsezko lana Feminismo para principiantes (Ranndom House,2005) klasikoa da, Nuria Varelak idatzitako saiakera bat; horrekin jaso dute genero-arloko formakuntza herrialde honetako emakume-belaunaldi batek baino gehiagok. Egileak oso hizkuntza zuzen eta ulerterraza erabiliz azaltzen du zer den feminismoa, nolakoa izan den emakumeen historia eta zer korronte feminista dauden. Mikromatxismoak eta beste gai batzuk deskribatu eta identifikatzen ditu, eta gure eguneroko ohitura osasungarrietan berdintasunezko hizkuntza nola erabili azaltzen digu. Liburu irakurterraz hori 2018an berrargitaratu zuten, Antonia Santolaya ilustratzailearen irudiekin; argitalpen zaindu eta dotorea da, lehenengoak baino are irakurterrazagoa, eta irudiek (malba-kolorekoak, zuriak eta beltzak) nobela grafikoen estilo narratiboa dakarkigute gogora. Gomendagarria eta ezinbestekoa da hamabost edo hamasei urtetik aurrerako nerabeentzat.
Eta ukitu moreko ibilbide hau amaitzeko, emakume gazte zein helduentzako gomendio bat egin nahi dut, XXI. mendeko diskurtso feministan erreferentea izan den argitalpenetako bat: Todos debiéramos ser feministas, Chimamanda Ngozi Adichie idazlearena (Ramdom House, 2016). Testua TED erakundearen hitzaldi bati dagokio, eta ikusgai dago bideoan, baina hobeto hausnartzen da irakurrita. Abiapuntuko eragozpen bakarra du: izenburuko “Todos” hori, ingelesezko Everybody should be feminist izenburutik itzulia; nik nahiago dut honela itzuli: Todas y todos deberíamos ser feministas.
Azken batean, feminismoaren helburua berdintasuna eta emakume, neskatxa eta neska gazteen giza eskubideen aitortza lortzea da. Ez al genuke guztiok izan behar feministak?
Espero dezagun ikasgeletan, etxeetan eta senide zein lagunartean gomendio hauek eta ahizpatasunez partekatutako beste asko irakurri ostean aurrera egingo dugula Chimamandak dioen moduan, eta ikasiko dugula aktibistak eta feminista zoriontsuak izaten, gizonezkoak gorroto ez dituzten feministak eta takoizko zapatak jantzi nahiz ezpainak margotzea atsegin dutenak, baina ez gizonen atsegingarri izateko, beraiek nahi dutelako baizik, eta, nahi izanez gero, baita gainerakoek gozatzeko ere.
Laster arte!>