Parte-hartzeari buruzko aholkuak
Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza prozesu parte-hartzaileei lotuta dago, eta pertsonak ahaldundu nahi ditu, ekintza kolektiboak gauza ditzaten. Esperientzia positiboa izango bada eta ikaskuntza erraztuko badu, parte-hartzeak honelakoa izan behar du:
- Aktiboa: eztabaidatzean eta erabakiak hartzean, bakoitzak bere esperientzian eta ezagutzan oinarrituta esku hartzen du, baita errealitate sozial, ekonomiko, kultural eta politikoan oinarrituta ere (ez dira ideia abstraktuetan oinarritzen).
Kritikoa eta konstruktiboa: gaia modu konstruktiboan aztertzen da, kontuan hartuta hainbat ikuspuntu eta adierazpen-askatasuna, parte-hartze aktiboa eta egoeren azterketa kritikoa sustatuz.
Antolatua: tailerraren edo bileraren hasieran azaltzen dira hainbat jarraibide/arau.
Ekitatiboa: pertsona guztiek parte hartzeko aukera bera dute, eta guztien ekarpenek balio bera.
Sortzailea: kontzeptu berritzaileak eraikitzen ditu, azterketan sakonduz eta ideia berrien nahiz aurretiazko ezagutzen berrinterpretazioen sorrera bultzatuz.
Generoari buruzko aholkuak
Eguneroko espazio guztietan daude desparekotasunari eusten dioten eta botere-dinamikak berregiten dituzten jokabideak, pentsamenduak eta jarrerak, bai parte-hartzaileen eta bideratzaileen artean, baita parte-hartzaileen artean ere (ikusi Metodologia parte-hartzaileak erabiltzeko gidaliburua). Dinamika horiek gizartean nagusi diren botere-harremanen isla dira, eta generoen artean gertatzen dena horrelako bat da.
Kontuan hartu desparekotasun-egoerak saihesteko alderdi batzuk:
- Ziurtatu pertsona guztiek dutela entzunak izateko aukera eta denak tratatzen direla modu ekitatiboan. Bideratzaile gisa, adi egon behar duzu, nagusitzen direnak geldiarazteko, baina beti jarrera positiboarekin, ikaskuntza kolektibo gisa balio dezaketen ohartarazpenak edo iruzkinak eginez.
Kontuz jarduera bat garatzean erantzukizunak banatzeko moduarekin: banaketak ekitatiboa izan behar du.
Erabili hizkuntza ez-sexista, eta saiatu emakumeak ikusezin bihurtzen dituzten formulak ekiditen, hala nola maskulino generikoaren erabilera. Saiatu bi generoak edo izen orokor neutroak erabiltzen.
Egiten ari zareten jardueran, ikusarazi zer eragin espezifiko duten emakume eta neskengan lantzen ari zareten eskubide-urraketek, baina ez erabili ikuspegi biktimizatzailea.