Zergatik da baliagarria giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza-jardueren berri ematea?
Ezagutzera emanez gero pertsona gehiagoren inplikazioa lor dezakegulako. Agian inspirazio-iturri izango zara ikasle zein irakasleentzat, eta abian jarri duzun jarduera bati buruzko informazioa jasotzean hurrengoan parte hartzea edo beste bat antolatzea erabakiko dute.
Ez zarelako ari soilik informazioa ematen, jendeak giza eskubideen urraketen aurka esku har dezan saiatzen baizik. Hori da zure ekarpena, gero eta pertsona konprometitu gehiago egon daitezen!
Ikasgelan genero-indarkeriari, aniztasunari, heriotza-zigorrari edo errefuxiatuei buruz mintzatzeak balio kalkulaezina duelako, pertsona-talde batek giza eskubideen gainean hausnartzea eta jardutea lortzen baituzu. Agian pertsona horien bizitza aldatuko duzu, EZ EZAZU AHAZTU!
Ez zarelako ari soilik informazioa ematen, jendeak giza eskubideen urraketen aurka esku har dezan saiatzen baizik. Hori da zure ekarpena, gero eta pertsona konprometitu gehiago egon daitezen
Ongi da. Argi daukat hau garrantzitsua dela. Zer espazio erabil ditzaket jarduerak ezagutzera emateko?
Edozein espazio da ona giza eskubideen defentsan egiten ari zareten lana kontatzeko; ez dago leku egokien zerrendarik. Erabili irudimena, eta bilatu egiten ari zaretenari ikusgaitasuna emateko modua. Hona hemen zenbait ideia:
- Ikastetxean bertan! Batzuetan, jarduerak antolatzen dira, baina ez dira behar bezala iragartzen ikastetxean. Jarduera publikoak badira, egin hiru alderdi hauei buruzko informazioa emango duten kartelak:
1. Zertan datzan jarduera
2. Ordutegia
3. Non egingo den - Behin jarduera amaituta, ideia ona izan daiteke informazio osagarria duten argazki batzuk ipintzea ongi ikusteko moduko lekuetan.
- Nahiago baduzue, webguneko baliabide osagarrien atalean dauden ereduzko kartelak erabil ditzakezue.
- Sare sozialak eta blogak. Ziur baduzula profila sare sozial batean edo batzuetan (Facebook, Twitter, Instagram, Snapchat, etab.). Zergatik ez dituzu erabiltzen zure ekintzak ezagutzera emateko? Atera egiten ari zarenaren argazkiak, edo argitaratu bat-bateko bideoak; baliagarriak izan daitezke beste pertsona batzuk beste ikastetxe edo hiri batzuetan gauza bera egitera anima daitezen.
- Arrakasta-historiak. Kontaiguzu zertan ari zaren! Informazio nahikoa ematen badiguzu eta historia on bat baduzu, horri buruz hitz egin dezakegu Amnesty Internationalen Espainiako Atalaren blogean edo sare sozialetako gure profiletan. Horretarako, online inprimaki hau bete behar duzu daukazun informazio guztiarekin.
Zer kontatu behar da? Nola egiten da?
Abian jarri duzun jarduera bat kontatzean, txertatu elementu hauek
- Izenburu on bat. Saiatu 10-12 hitzetan azaltzen jarduera. Segundo gutxi batzuk bakarrik izango bazenitu norbaiti egindakoa kontatzeko, zer esaldi aukeratuko zenuke? Zer aldatu nahi zenuen? Zer lortu nahi zenuen?
- Noiz eta non egin zen jarduera? Nork hartu zuen parte? Giza eskubideekin lotutako zer gai landu ziren?
Zer aldatu nahi zenuten? Zer lortu nahi zenuten? Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzak jokamoldeak eta jarrerak aldatzea du helburu. Azaldu zein aldatu nahi zenituen, jarduera martxan jarri zenuenean.
Baduzu parte-hartzaileen lekukotza laburren bat? Ahal izanez gero, txertatu jardueran parte hartu zutenen aipuak.
Baduzu argazkirik edo ikus-entzunezko materialik? Hala bada, sartu horiek ere. Eta gogoratu guraso edo legezko tutoreen baimena behar duzula adingabeen irudiak zabaltzeko.
Zer ikasi duzue? Kontatu zer ekarpen egin dizuen zuri eta gainerako partaideei jarduera egin izanak eta zer inplikazio dituen etorkizunari begira.