Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons

Nola jarri martxan lehenengo bilera?

 

Ez inoiz jarri zalantzan pertsona-talde txiki batek mundua alda dezakeela. Egiaz, beti lortu izan da horrela.”

Margaret Mead

ERNE! Lehenengo bilera egin aurretik, jarri harremanetan zure ikastetxetik hurbilen dagoen Amnesty Internationaleko tokiko taldearekin.

Amnesty Internationalen baliabide nagusia pertsonak dira, hau da, zuek, aktibistak! Hemen dituzu lehenengo bilerak nola gauzatu jakiteko aholku praktiko batzuk eta gidoi orientagarri bat. 

Bileren aurretik eta bileretan aintzat hartzeko aholku praktikoak

Bileren aurretik, egiaztatu oinarrizko zenbait alderdi:

  • Deialdiaren lekua eta ordua zehaztuta daude.
    Planifikatutako bilera laburra da, eta ezarrita ditu hasiera- eta amaiera-orduak.
    Landu beharreko gaiak eta helburuak argi daude.

Bileran zehar:

  • Norbaitek harrera egingo die lehen aldia dutenei, eta mundu guztia eroso sentitzeaz arduratuko da.
    Norbaitek moderatzaile-lanak egingo ditu: komunikazioa bideratuko du, eta azalpenak antolatuko ditu. Proposamenak jasoko ditu, eta hitz egindakoa laburtuko du.
    Norbaitek idatziz jasoko du hitz egindakoa, gero akta prestatu eta bidaltzeko.

Lehenengo bileran...

1.- Bilatu informazioa Amnesty Internationali, Eskola Sareari eta eskola-taldeei buruz. Material-sortako baliabideak erabil ditzakezu, eta bilerara inprimatuta eraman, horiei buruz hitz egiteko.

2.- Egin aurkezpen-dinamika bat. Baliabide osagarrien atalean badituzu batzuk. Zure sormena erabiltzera eta beste aldaera edo alternatiba batzuk proposatzera animatzen zaitugu. 

3.- Interesgarria da taldekideen abileziak eta ezagutzak ezagutzea, aurrerago egingo dituzuen ekintzak moldatu ahal izateko. Hasteko, ideia-jasa erraz bat egin dezakezue, eta arbel batean edo paper handietan jaso hurrengo bileretan landu ditzakezuen ideiak. Era berean, bakoitzak zeregin batzuk hartuko ditu bere gain, bere abilezien eta ezagutzen arabera. Galdetu taldeari: 

  • Zer trebetasun dituzue taldeari eskaintzeko? Adibidez: hizkuntza, artea, herrialde jakin bati buruzko ezagutza.
    Zer dakizue giza eskubideei buruz? Norbaitek badu eskubideren baten gaineko ezagutza espezifikorik? 

4. Proposatu gai hauei buruzko eztabaida:

  • Zer nahi dugu eta zer behar dugu?
    Zer egin dezakegu talde gisa?
    Giza eskubideen arloko zer gai iruditzen zaizkigu interesgarrienak eta motibagarrienak lanerako?

ERNE! Garrantzitsua da garatuko duzuen lanean Amnesty Internationalen lehentasunezko gaietakoren bat sartzea. Jarri harremanetan hurbilen duzuen tokiko taldearekin, horri buruzko orientazioa eman diezazueten eta, ahal izanez gero, lehenengo edo bigarren bileran parte har dezaten.

5. Amaitzeko, bileraren amaieran erabili 10 minutu hurrengo bilerak noiz izango diren eta zenbat iraungo duten zehazteko. Saiatu beste jarduera batzuekin talka egingo ez duten ordutegiak bilatzen. Garrantzitsua da kontuan hartzea zenbat denbora duten taldekideek taldeari eskaintzeko.

Eta ondoren, zer?

1. Lehenengo bileraren ostean, talde gisa zer gai landuko dituzuen erabakitzeko unea da. Gure iradokizuna: gai bakar bat aukeratu, eta horri buruzko hainbat jarduera planifikatu eta gauzatu ditzazuela. Lehenengo bilerako 4. puntuan landutakoa erabil dezakezue, baita tokiko taldearekin harremanetan jartzean haiek posta elektronikoz edo bileran parte hartuta emandako informazioa ere.

2. Landuko duzuen gaia (edo gaiak) aukeratu ostean, urteko plangintza egin behar da. Jardueren planifikazioa diseinatzeko bi txantiloi dituzue. Hori da eskola-taldeak funtzionatzea ahalbidetuko duen elementuetako bat! Aukera baduzue, marraztu urteko plangintzaren txantiloia paper handi batean, edo inprimatu orri handi batean, bileretan beti ikusgai egon dadin. 

3. Behin diseinatuta duzuela urteko plangintza, jarduerak lantzen joan zaitezkete. Baliabide osagarrien atalean dauden jardueren txantiloiak erabiltzera animatzen zaituztegu. 
 

ERNE! Zuen plangintzan prestakuntza eta ekintza txertatu behar dituzue. Amnesty Internationalek zuen laguntza behar du lantzen ari den kasu askotan! Sinadura-bilketak, elkartasun-mezuak edo ikaskideek nahiz irakasleek gauza ditzaketen bestelako ekintzak planteatu beti. 

Ez ahaztu:

  • Ahal duzuen neurrian, bileretan erabili bideoak, argazkiak eta lekukotzak, lagungarriak izango baitira bilerak atseginagoak izateko.
    Eman “kolorea” bilerei: jarri zukuak, freskagarriak, gozokiak edo zerbait gozoa. Luzeak badira, egin atsedenaldi bat.
    Taldekideen energiaren, denbora librearen eta motibazioaren arabera, adostu nor inplikatu daitekeen zereginetan eta aktibismoan bileren artean.