Amnesty Internationalek honela definitzen du giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza:
“Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza berariaz gauzatutako jardun parte-hartzailea da, eta helburutzat du gizabanakoak, taldeak eta komunitateak indartzea, nazioartean aitortutako giza eskubideen printzipioekin koherenteak diren ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak sustatuz”.
“Epe ertain eta luzerako prozesu gisa, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzak pertsonen dimentsio kognitiboa, afektiboa eta jarrerazkoa garatu eta integratu nahi ditu, pentsamendu kritikoa barne. Helburua da giza eskubideekiko errespetua eta eskubide horiek guztiontzat babestu eta sustatzeko ekintza bultzatuko dituen kultura sortzea”.
Bi paragrafo korapilatsu horietan jasota daude giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzari buruzko funtsezko zenbait ideia, argi izan behar dituzunak:
- Parte-hartzailea izan behar du: ez du inoiz izan behar ezagutza "norabide bakarrean" transmititzen digun norbait. Ezagutza kolektiboki eraiki behar da, kontzientzia eta sen kritikoa sortzeko. Eskola magistralek eta parte hartzeko aukerarik ematen ez duten hitzaldiek ez dituzte baldintza horiek betetzen.
- Ezagutzak irakatsi behar ditu, eta, batez ere, trebetasunak eta jarrerak. Munduko giza eskubideen urraketen aurka jarduteko, beharrezkoa da prestakuntza. Zergatik? Erantzuna hurrengo puntuan daukazu.
- Ekintzara bideratuta dago. Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren xedea behar beste informazio jaso duten pertsonek bidegabekerien aurka esku hartu ahal izatea da. Amnesty Internationalek babesten duen kontzientzia-preso baten alde agertuz esku har dezakezu, edo zure gobernuaren aurrean lege bidegabe baten aurka protestatuz, edo beste etnia edo nazionalitate batzuetako pertsonek zure ikastetxean jasaten duten estigma eta diskriminazioa murrizten saiatuz. Esku hartzea da garrantzitsuena!
- Ezinbestekoa da eskubide-urraketen azpian dauden kausei heltzeko, eskubide horien aurkako abusuak prebenitzeko, diskriminazioaren aurka borrokatzeko, berdintasuna sustatzeko eta erabakitzeko prozesu demokratikoetan pertsonen parte-hartzea areagotzeko.
Eta zer dio Nazio Batuen Erakundeak?
Nazio Batuek honela definitu dute giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza: "Jarduera gaitzaileak eta informazioa zabaltzeko jarduerak dira, giza eskubideen esparruan kultura unibertsala sortu nahi dutenak ezagutzak transmitituz, teknikak irakatsiz eta jarrerak trebatuz". Honako helburu hauek dituzte:
a) Giza eskubideekiko eta oinarrizko askatasunekiko errespetua sendotzea.
b) Giza nortasuna eta gizakiaren duintasunaren zentzua erabat garatzea.
c) Ulermena, tolerantzia, sexuen arteko berdintasuna eta nazio, herri indigena eta arraza-, nazio-, etnia-, erlijio- eta hizkuntza-taldeen arteko adiskidetasuna sustatzea.>
d) Zuzenbidezko estatua nagusi den gizarte aske eta demokratiko batean pertsona guztien parte-hartze eraginkorra ahalbidetzea.
e) Bakea sustatu eta mantentzea.
f) Pertsonak eta justizia soziala erdigunean jartzen dituen garapen jasangarria sustatzea.>