Kontrolpean dituen eremu guztietan –Israelen eta Palestinako Lurralde Okupatuetan-, Israelek zapalkuntza- eta menderatze-sistema ezarrita du Palestinako biztanleen eta errefuxiatu palestinarren gainean, Israelgo biztanleria juduari mesede egiteko. Hori apartheida da, eta nazioarteko zuzenbideak debekatu egiten du.
“Eraitsi apartheida, ez Palestinako etxebizitzak” ekintzan, funtsezkoa da apartheida zer den azaltzea eta Israelek Palestinako gizartearen aurka arraza-zapalkuntza eta menderatze-sistema mantentzen dituela argitzea. Horretarako, aurkezpen bat prestatu dugu, eta bertan jaso ditugu apartheidaren definizioa, elementuak eta datu nahiz zifra eguneratuak, baita ikasgelan proiekta dezakezuen bideo bat ere.
Aurkezpenaren osagarri gisa, hona hemen ikasleak mobilizatzeko zenbait ideia:
1.Proiektatu harresiaren irudia ikasgelan edo jende ugari igarotzen den lekuren batean. Proiekzioa finko utz daiteke, mezua mundu guztiarengana heltzeko, edo jardueraren bat egin daiteke, irudia erabiliz. Hona hemen ideia batzuk:
Post-it papertxoetan mezuak idazteko eta irudian itsasteko eska diezaiekegu ikasleei, harresia estalita geratu arte.
Harresiaren ondoan argazkiak atera ditzakegu, eta sareetan zintzilikatu.
Txandaka galde diezaiekegu zer sentiarazten dien harresiak iradokitzen duenak.
Bururatzen zaizuen beste edozein ideia.
Irudia eskuragarri duzue hemen.
2. Eraiki harresi bat, Palestinako biztanleek jasan beharreko zatiketa, segregazioa, diskriminazioa eta gabezia irudikatzen dituena. Material birziklagarria erabil daiteke (kartoizko kaxak, tetrabrikak, erakusketa-panelak, etab.), edo ikastetxean eskura dauden elementuak. Une jakin batean, harresiaren aurrean elkartu eta eraitsi egin daiteke, apartheidaren eraisketa sinbolizatzeko.
3. Marraztu apartheidaren aurkako grafitiak ikastetxeko hormaren batean, ahal dela kanpoaldean. Ekintza hau bereziki deigarria da ikastetxean Arte Batxilergoa edo diseinuarekin eta arte grafikoekin lotutako lanbide-heziketako ikasketak eskaintzen badituzue. Apartheida ikusarazteko grafiti bat diseinatu behar duzue, #ApartheidIsraelSTOP traola erantsita.
Eta 16 urtetik gorakoentzat…
Sinatu ziber-ekintza:zenbat eta lagun gehiagok esku hartu, indar handiagoa izango dugu apartheida desagerrarazteko.
Zabaldu ziber-ekintza whatsapp bidez eta sare sozialetan, jende gehiagok parte hartzeko eta eragin handiagoa lortzeko.
Prestatu TikTok eta Instagram sareetarako argazkiak eta bideoak ekintzaren mezuekin, #ApartheidIsraelSTOP traola erantsita.