Bigarren Mundu Gerraren ostean, eta halako gatazka bat berriro gertatzea ekiditeko, mundu osoko buruak negoziatzera eseri ziren, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala idatzi zuten. Gizateriaren lege nagusia, sexu, nazionalitate edo klase sozialagatiko inolako bereizketarik egin gabe mundu osoko pertsona guztiek dauzkaten eskubideak biltzen dituena, 1948ko abenduaren 10ean onartu zuten.
Emakume gutxik parte hartu zuten lanketa-prozesu hartan, baina Eleanor Roosveltek, Hansa Mehtak, Minerva Bernardinok edo Bodil Begtrupek egindako ekarpenek testua unibertsala izatea bermatu zuten, eta gizakion askatasunak zein duintasuna azpimarratzen zituen arau batean emakumeen eskubideak txertatuta egotea.
Eleanor Roosevelt. NBEren argazkia
Eleanor Roosevelt, indar sustatzailea
Idazle eta Estatu Batuetako lehen dama ohi izandakoak funtsezko eginkizuna bete zuen testuaren lanketan eta onarpenean. Aktibista, giza eskubideen defendatzaile sutsua eta mugimendu feministaren aitzindaria izan zen. Baina, horren aurretik, Eleanorrek parte hartu zuen Emakume Hautesleen Ligan, Merkataritza Batasuneko Emakumeen Ligan eta Alderdi Demokratako Emakumeen Atalean.
1946an, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko ordezkari izendatu zuten, eta historia osoan kargu hori bete zuen lehen emakumea izan zen. Eskubideen Adierazpena idazteko ardura zuen Batzordearen burua izan zen. Bere oroitzapen-liburuan kontatu zuen bi urtez gau eta egun lan egin zuela, berak “Gizateriaren lege nagusi” izendatu zuen testua hitzez hitz aztertu eta eztabaidatzen. Adierazpenari “Gizonen Eskubideen Adierazpena” esango zioten, baina Eleanor Roosevelten ustez horrek kanpo uzten zituen emakumeak, eta “Giza Eskubideen Adierazpena” izatea lortu zuen.
“Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalari ‘Gizonen Eskubideen Adierazpen’ izenburua jarriko zioten, baina Eleanor Roosevelten ustez horrek kanpo uzten zituen emakumeak, eta ‘Giza Eskubideen Adierazpena’ izatea lortu zuen”.
Hansa Mehta. NBEren argazkia
Hansa Mehta, adierazpen unibertsal baten alde
Aktibista, gizarte-hezitzaile, idazle eta politikari honek testuan hizkuntza inklusiboa erabiltzea defendatu zuen. Berak lortu omen zuen 1. artikuluan “Gizon guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela” esaldiaren ordez “Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela”esaldia jartzea.
Hansa Mehta Indiako emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua izan zen. Hari zor zaio haurren ezkontzak abolitu zituen legea onartu izana. 1946an, emakume eta neskatxen hezkuntza sustatzeko sortutako All India Women's Conference erakundearen presidentea izan zen. Bi urte geroago, Indiaren ordezkari izendatu zuten Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordean.
Bodil Begtrup. NBEren argazkia
Bodil Begtrup, hizkuntzaren garrantzia
Bodil Begtrup daniar aktibistak ere hizkuntzaren garrantzia azpimarratu zuen, eta testuan eskubideen titularrei erreferentzia egitean “gizon guztiak” erabili ordez “pertsona guztiak” edo “guztiak” erabiltzea lortu zuen.
Era berean, hezkuntzari buruzko 26. artikuluan gutxiengoen eskubideak ere sartzea proposatu zuen Bodilek, baina azkenean ez zituzten aintzat hartu haren ideiak.
1946an, Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen sorreraren sustatzaile nagusietako bat izan zen. Horrez gainera, 1946tik 1949ra bitarte, Danimarkako Emakumeen Kontseiluko burua izan zen.
Minerva Bernardino. NBEren argazkia
Minerva Bernardino, berdintasunaren aldeko borroka
Hainbat lorpen garrantzitsu erdietsi zituen dominikar diplomazialaria eta Latinoamerikako zein Karibeko emakumeen eskubideen defendatzailea izandako emakume honek. Minervari zor diogu “gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna” aipamena sartu izana Adierazpenaren hitzaurrean. Horrez gainera, haren ekarpenak funtsezkoak izan ziren Nazio Batuen Gutunean ahaztu gabe aipatzeko emakumeen eskubideak eta sexu-diskriminaziorik eza.
Bestalde, Minervak Latinoamerikaren ahotsa jaso zuen dokumentuan, eta borroka egin zuen testuan txertatuta gera zedin giza eskubideek arraza, sexu, hizkuntza edo erlijioagatiko bereizketarik egiten ez dutelako ideia.
Marie-Hélène Lefaucheux. NBEren argazkia
Marie-Hélène Lefaucheux eta sexu-diskriminaziorik eza
Aktibista frantses honi zor diogu berdintasunaren aldeko borrokan oinarrizkoa den sexu-diskriminaziorik ezari aipamena egitea Adierazpenaren 2. artikuluak:
Gizaki orori dagozkio Adierazpen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arrazagatik, larru-koloreagatik, sexuagatik, hizkuntzagatik, erlijioagatik, iritzi politikoengatik zein bestelako iritziengatik, sorterriagatik edo gizarte-jatorriagatik, maila ekonomikoagatik, jaiotzagatik edo bestelako ezein ezaugarrirengatik.
Marie-Hélène Frantziako giza eskubideen aldeko aktibista nagusietako bat izan zen Bigarren Mundu Gerran zehar eta ondoren. Gerraren ostean, Frantziak NBEn zuen ordezkaritzako kide izan zen, eta erakunde horretako Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordea eratzen lagundu zuen; horren presidentea izan zen 1948tik 1953ra.
Evdokia Uralova. NBEren argazkia
Evdokia Uralova eta soldata-berdintasuna
Evdokia Uralovak, Bielorrusiako Sobietar Errepublika Sozialistan sortuak, Fryderyka Kalinowskarekin eta Elizavieta Popovarekin batera, lurralde ez-autonomoetan bizi diren pertsonen eskubideak nabarmendu zituen 2. artikuluan:
Ez da bereizketarik egingo pertsona jurisdikziopean duen herrialde edo lurraldearen egoera politiko, juridiko edo nazioartekoan oinarrituta, ez herrialde independentea bada, ezta administrazio fiduziario baten mendeko lurraldea, lurralde ez-autonomoa edo beste edozein burujabetasun-muga duen lurraldea bada ere.
Baina, zalantzarik gabe, Evdokiaren borroka nagusia emakumeek eta gizonek lan bera egiteagatik soldata bera jasotzearen alde egindakoa izan zen. Hari esker, eskubide hori jasota dago 23. artikuluan:
Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana aukeratzekoa, lan-baldintza bidezkoak eta egokiak izatekoa (…) Pertsona orok du, bereizkeriarik gabe, lan beragatik lansari berbera jasotzeko eskubidea.
Evdokia, emakumeen eskubideen defendatzailea, politikaria eta historiako irakaslea, Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen errelatorea izan zen Giza Eskubideen Batzordearen aurrean, 1947an.
Begum Shaista. NBEren argazkia
Begum Shaista eta eskubide-berdintasuna bikote ezkonduetan
Haren legatuetako bat da ezkontideen eskubide-berdintasunari buruzko 16. artikulua sartu izana haurren ezkontzak eta bortxazko ezkontzak desagerrarazteko:
Gizonek eta emakumeek, ezkontza-adinetik aurrera, ezkontzeko eta familia osatzeko eskubidea dute, arraza, herritartasun edo erlijioagatiko inolako mugarik gabe; eta, ezkontzari dagokionez, eskubide berberak izango dituzte, bai ezkonduta jarraituz gero, baita ezkontza-lotura etenez gero ere.
Ezkongaien baimen aske eta osoz ez bada, ez dago ezkontzerik.
Pakistandar politikari eta diplomazialari hau NBEko Batzar Nagusiko Gai Sozial, Humanitario eta Kulturaletako Batzordeko ordezkaria izan zen. Adierazpenaren proiektua aztertu zuen 80tik gora bileratan.
Lakshmi Menon. NBEren argazkia
Lakshmi Menon eta eskubideen unibertsaltasuna
Indiaren ordezkaria izan zen NBEren Batzar Nagusiak 1948an egindako Hirugarren Biltzarrean, eta giza eskubideen unibertsaltasuna babestu zuen, “erlatibismo kolonialaren” aurka. Proposamen horrek eskubideak ukatzen zizkien mendekotasun kolonialean zeuden herrialdeetako biztanleei. Lakshmiren ustez, emakumeak eta mendekotasun koloniala pairatzen zuten pertsonak ez baziren berariaz aipatzen testuan, ezingo ziren “pertsona oro” esapidean ordezkatutzat hartu.
Horrez gainera, Lakshmik gogor lan egin zuen sexuagatiko diskriminaziorik eza txertatuta gera zedin Adierazpenaren dokumentu osoan. Minerva Bernardinok eskatutako moduan hitzaurrean gizonen eta emakumeen eskubide-berdintasuna aipa zedin ere babestu zuen.
Legatu ezabaezina
Orduz geroztik, borrokan darraigu: emakumeak gizarte-talde gisa aitortuak izateko, eta giza eskubideak generoagatik urratuak izan ez daitezen lortzeko. Indarkeria eta genero-jazarpena –emakumeen mutilazio genitala eta haurren ezkontzak, besteak beste– asilo- eta babes-eskubiderako arrazoi garbiak izan daitezen lortzeko. Gatazka armatuetan sexualitatea estortsiorako aitzakia izan ez dadin eta emakumeak gerrako botin gisa erabili ez ditzaten lortzeko. Emakume eta neskatxak sexualki eta lanean esplotatzeko saleros ez ditzaten lortzeko. Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturaletan eta berdintasunaren aldaera guztietan aurrera egiteko.