Bakea aldarrikatzen eta munduko bidegabekeriak salatzen dituzten poemak. Gaurkotasunik galdu ez duten bertsoak, adibidez, Gloria Fuertesenak: “Politikari guztiak / bakezale bilakatuko balira / bakea izango genuke. / Ez dadila beste gerrarik izan, / baina, baldin badago, soldadu guztiek / egin dezatela greba". Edo Enrique García Trinidad poetarenak: “Inongo banderak ez du hildakorik merezi”.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren izenpetu zen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, garai historiko horretan jazotako basakeriak berriro gerta ez zitezen. Gizateriaren lege nagusiak mundu osoko pertsonen eskubideak biltzen ditu, sexu, nazionalitate edo klase sozialagatik inolako bereizketarik egin gabe.
Eskubide horiek islatuta daude poesian: bai askatasun-eskubidea -“Askatasunaren banderan / brodatu nuen nire bizitzako maitasun handiena”, Federico García Lorcarena-, bai kulturarako eta lanerako eskubidea, babeslekua bilatzekoa, askatasunez mugitzekoa, nazionalitate bat izatekoa, jabetza-eskubidea edo heziketa jasotzekoa: “Eskolara! Eskolara! / ikasteko, / garrantzitsua baita”, esaten zuen Gloria Fuertesek.
Pertsona guztiak berdinak gara, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak dioen moduan. Poetek ere aldarrikatzen dute berdintasun hori. Adibidez Yeison F. Garcíak,Derecho de admisión poema-liburu antirrazistan, non heltzen dion, halaber, migrazioaren gaiari. Ezaguna da Pat Parker poetaren A la persona blanca que quiere saber cómo ser mi amiga poema (Nire lagun nola izan jakin nahi duen pertsona zuriari): “Lehenik eta behin, beltza naizela ahaztu behar duzu. / Bigarrenik, ez ahaztu inoiz beltza naizela”. Ezagunak dira, halaber, Shirley Campbellen bertso hauek: “Erabat uko egiten diot / nire ahots, odol eta azalari / uko egiteari / (...) neure burua onartzen dut / erabat aske / erabat beltz / erabat eder”.
Berdintasunaz ari garela, poesiak aldarrikapen feministak ere biltzen ditu, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aipatuta: “Gizakia eta emakumea izatea, ez gehiago, ez gutxiago”,Ida Vitalek dioen moduan.“Beharrezkoa da / aztikeria desegitea. / Aztikeria hori, / emakumeak ezabatzen dituena / historia-liburuetatik, / botere-eremuetatik, antologietatik”, idatzi zuen Gisela Lópezek. Emakume poeta askok defendatu dituzte emakumeen eskubide zibilak, hala nola Safo Lesboskoak, Gata Catanak, Alfonsina Stornik, Alejandra Pizarnikek, Carmen Condek, Emily Dickinsonek, Gabriela Mistralek, María Zambranok edo Sylvia Plathek.
Adierazpen- eta bilkura-askatasunaren aldeko oihua dira Ángela Figueraren bertso hauek: “Ez dut nahi ezkutuan maitatu, / ezkutuan negar egin, / ezkutuan abestu. Ez dut nahi / ahoa estal diezadaten / MAITE ZAITUT esatean”. Baita Gioconda Belliren beste hauek ere: “Guztiok egingo dugun greba bat nahi dut. / Besoen, hanken, ileen greba, / Greba bat gorputz bakoitzean jaiotzen. / Greba bat nahi dut / Langileena / Usoena / Gidariena / Loreena / Teknikariena / Haurrena / Medikuena / Emakumeena. / Greba handi bat nahi dut / Maitasuna ere barne hatuko duena”.
Bizitza duina izateko eskubideari eta ordena sozial eta internazional justuari dagokienez, hegoaldea ere existitzen dela gogorarazten digu Mario Benedettik (El sur también existe). Eduardo Galeanoren Los Nadies (Ezdeusak) poema bizitza duinaren aldeko eta egoera ekonomiko eta sozialagatiko diskriminazioaren aurkako ereserkia da: “Ez dira, izan arren. / Ez dute hizkuntzarik, dialektoak baizik. / Ez dute erlijiorik, / superstizioak baizik. / Ez dute arterik, artisautza baizik. / Ez dute kulturarik, folklorea baizik. / Ez dira gizakiak, / giza baliabideak baizik. / Ez dute aurpegirik, besoak baizik. / Ez dute izenik, zenbakia baizik./ Ez dira historia unibertsalean agertzen, / baizik eta herriko prentsako kronika gorrian. / Ezdeusak, / akabatzen dituen balak baino gutxiago balio dutenak”.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, “Inor ez da izango besteren esklabo edo uztarpeko; debekatuta dago esklabotza eta esklaboen salerosketa oro. Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere”. Horri buruz idatzi zuen Mario Benedettik No me pongas la capucha (Ez jarri niri kaputxarik) poema ezagunean, edo Raúl Zuritak, zeinak jasan baitzituen torturak Pinocheten diktaduran. Atxiloketa arbitrarioen aurka, hauek irakur ditzakegu: Fray Luis de Leónen Al salir de la prisión (Espetxetik irtetean), Ángela FiguerasenLa cárcel (Kartzela) edo Marcos Anaren poemak, frankismoan espetxean urte gehien igaro zituen preso politikoarenak: “Nire bizitza / bi hitzetan konta diezazueket: / Patio bat. / Eta zeru zatitxo bat / non batzuetan igarotzen den / hodei galdu bat / eta bere hegoetatik ihesi dabilen txoriren bat.”
Poesiak gure eskubideak babesten eta aldarrikatzen lagun diezaguke; izan ere, Gabriel Celayak zioen moduan, poesia etorkizunez kargatutako arma bat da.