Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons

Moha Gerehou: “Begirada antirrazista sartu behar da hezkuntzan”

  • Qué hace un negro como tú en un sitio como este. Horra hor egunero entzun dezakegun esaldi bat, eta SOS Arrazakeriako presidente ohi Moha Gerehou kazetari eta aktibistak idatzitako liburuaren izenburua. Bertan, ongi azaltzen du arrazakeria ez dela noizean behingo pasadizoen segida, baizik eta egiturazko diskriminazio bat, nonahi dagoena: eguneroko elkarrizketetan, hedabideetako titularretan, etxebizitza alokatzean, lan arloan, polizien identifikazioetan, futbolean jokatzean, etab.
Vega del Val, Amnesty Internationaleko kolaboratzailea,

-Ikasgeletan bada arrazakeriarik?

Ikasleek, irakasleek eta instituzioak berak ikasle migratzaile eta arrazializatuekiko harremanean erakusten duten arrazakeria esplizituaz gain, hezkuntzarako sarbidearekin eta hezkuntza sistemako aurrerabidearekin zerikusia duen guztia dago. Ikastetxe publiko baten jolastokira hurbiltzen bagara, arraza-aniztasuna ikusten dugu nahitaezko etapan. Unibertsitate-etapan, baina, aniztasun hori oso-oso urria da. Bidean zerbaitek huts egiten du.

-Zerk?

Pertsona arrazializatuek eta migratzaileek aurrera egin ahal izatea eragozten duten faktore sozioekonomiko asko daude. Batez beste, familia migratzaileak ekonomikoki pobreagoak dira, eta horrek, azkenean, eragina du heziketan. Era berean, zenbait ikaslek hizkuntzara egokitu behar dute, edo beste maila bateko sistema batetik datoz.  Gainera, ikasgeletan arrazakeria jasateak emaitza okerragoak izatea dakar, eskolara joateko gogorik ez izatea, etab.

Ikastetxearen igurikimenak ere hor daude. Askotan gertatzen da ikasle ijitoekin. Sistemak onartzen du ez dutela ikasiko, eta ez du inolako ahaleginik egiten ikasle horiei begira. Hori guztia saihestea oso zaila da, are zailagoa beharrezko bitartekoak jartzen ez badira. Agian pertsona gehiago behar dira ikasle migratzaileei eta arrazializatuei laguntzeko, eta baliabide gehiagoko hezkuntza-sistema bat sortu behar da, arrazagatiko diskriminazioaren ondoriozko hezkuntza-arrakalak desagerrarazteko.

Moha Gerehou Qué hace un negro como tú en un sitio como este liburuarekin ©Pritua

-INEren arabera, hamabost urtetik beherako lau haurretik batek jatorri atzerritarreko arbasoak ditu. Ikasgeletan halako arraza-aniztasuna izanda, zer azalpen du arrazakeriak?

Arraza-aniztasunak berez ez du arrazakeria desagerrarazten. Arrazakeria eremu guztietan ikasten dugu: familian, lagunartean, telebistan, sare sozialetan, etab. Begirada arrazista hori eraikitzen joaten gara, egiturazko arrazakeria duen mundu batean bizi garelako, eta, horrenbestez, gure bizitzetako alderdi guztiak baldintzatzen ditu. Horrek argi uzten du arrazakeriaren aurka lan egin behar dugula. Arraza-aniztasuna landuz gero, kultura, jatorri eta bizimolde desberdinen arteko elkar ezagutza eta hurbilketa lor daitezke.  

-Hezkuntza-sistema prest dago ikasgeletan arrazakeriari aurre egiteko?

Ez, inondik ere. Hezkuntza-sisteman ez digute adierazten arraza-aniztasuna aberastasuna dela, eta ez mehatxua. Gainera, ez dago formakuntza antirrazistarik, ez ikasleentzat, ez irakasleentzat. Ez dago jarduteko inongo protokolorik. Oraindik ez da ezarri ekintza-plan argi eta zehatz bat, hezkuntza-sistemaren barruan arrazakeriaren aurkako jarrera lantzen lagunduko duena.

-Nolakoa izan behar du hezkuntza antirrazistak?

Hezkuntza-sistemako eremu guztietatik egin daiteke zerbait. Esate baterako, gizon zuriek idatzitako liburuak bakarrik gomendatzen badira, arazo bat dago, kanpoan uzten baitira beste ikuspegi batzuk. Guraso elkarteek hezkuntzako instituzioak bultzatzeko indar handia dutela uste dut; izan ere, haien seme-alabek paira dezakete arrazakeria. Alderdi horretatik asko aldarrika daiteke, eta jada egiten da, hezkuntzan begirada antirrazista sartzeko.

Berraztertu eta birpentsatu egin behar da ea hezkuntzan jasota dagoen Espainiako errealitate soziala. Apenas azaltzen da zergatik gertatzen diren migrazio-mugimendu jakin batzuk, guraso senegaldarrak dituen ikaskide bat hemen zergatik bizi den ulertzeko. Oso gauza erraza da, eta ez da egiten. Borondatea behar dugu, hezkuntza-planek kontuan har dezaten ikuspegi hori.

-Publizitatean, filmetan, liburuetan… migrazioari buruzko estereotipoak ikasiz hazten gara. Nola geldi ditzakegu?

Esklabotasunaren, gosearen, pobreziaren edo Mediterraneoko heriotzen testuinguruan baino ez badugu hitz egiten pertsona beltzez, estereotipo bat sortuko dugu. Edo Afrikaz hitz egiteko kolonizazioa bakarrik aipatzen badugu. Hizkuntzan eta beltzak aipatzeko moduan ere ageri dira estereotipoak: beltzaranak, kolorekoak, etab. Horrek guztiak bestearen gaineko ideia bat eratzera garamatza, eta pertsona horrek tratu desberdina jasoko du horregatik. Hezkuntza-sistemaren barruan estereotipoak geldiarazi nahi baditugu, gizarte osoan egin behar dugu.

-Sare sozialetan ere ikusten dugu arrazagatiko diskriminazioa. Zer kalte eragiten dute bitarteko horien bidez egiten diren gorrotozko diskurtsoek?

Sare sozialetan haietatik kanpoko dinamika berak daude. Berezko dinamikak ere badituzte, hala nola anonimotasuna edo lintxamendu birtualak ahalbidetzea. Oso zaila da jazarpena helburutzat duten kontuak zigortzea. Beste alderdi bat wathsapp bidez zabaltzen diren gezurrak dira, eta hori geldiarazteko eta gezurtatzeko zailtasuna.

Arrazakeriaren ikuspegitik, eremu bortitzak dira, baina arrazakeriaren aurkako ikuspegitik sare sozialek ahalbidetu dute hedabideetan tarterik izango ez genukeen ahots asko horietan agertzea, nik neuk egin nuen moduan.

-Espainian jaioa izanda ere betiereko atzerritarraren sindromea atzetik duzula diozu.

Bai, eta hala izango da bizitza osoan zehar. Espainiarra izatea zuri izatea delako ideia estereotipatua daukagu. Pertsona arrazializatua bazara atzerritarra zarela onartzen dugu automatikoki. Horrenbestez, onartzen dut gizartearen zati handi batentzat atzerritarra izango naizela beti eta estatubatuartzat, frantziartzat edo Afrikako edozein herrialdetako herritartzat joko nautela… edozein tokitakoa, Espainiako eta Huescakoa izan ezik, eta hantxe jaio nintzen. Hori ikaragarria da, baina askoz okerragoa da instituzioetatik edo Atzerritarren Legetik datorrenean.

-Arrazakeriarik gabeko gizartea utopia bat da?

Ez. Beltza naiz Espainian, eta eremu guztietan egin behar diot aurre arrazakeriari; eta kaka zahar hutsa da, eta badakit. Baina saiatzen naiz azpimarratzen antirrazista izatea zeharo optimista izatea dela. Horrek esan nahi du testuinguruaren jakitun izan arren gizartea hobetzen saiatzeko zenbait ekintza egiten dituzula, ahal duzun neurrian.

-Nola izan antirrazista?

Pertsona adina modu daude arrazakeriaren aurka egiteko, baina ezinbestekoa da arrazakeria onartzea eta esku hartzea, ez isilik geratzea. Garrantzitsua da, halaber, arrazakeriaren aurkako jarrera hori kolektiboki lantzea, eta ez pentsatzea pertsona bakar batek konpondu ahal izango duela egoera. Gainera, gero eta kontzienteago izan behar dugu arrazakeriaz, eta gure ingurukoekin partekatu behar dugu informazioa, jaiotzetik ikasten dugun ezagutza arrazista horri aurka egiteko. Era berean, gure gizarteko alderdi estrukturalenean esku hartu behar da, eta iraungo duten aldaketak egin behar dira.