Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
Ramón Esono Amnesty Internationalekin hitz egiten ©AI

Ramón Esono Amnesty Internationalekin hitz egiten ©AI

Blog

Ramón Esono, Ekuatore Gineako marrazkigilea "Ez naiz heroi bat: atsegin ez ditudan gauzak ikusiz gero, esan egiten dut".

Juan Ignacio Cortés, Amnesty Internationaleko kolaboratzailea,

Ramón Esono nahiko ezaguna zen komiki zaleen artean, baina nazioartean ospea hartu zuen, 2017ko irailean  Ekuatore Gineako agintariek atxilotu zutenean ustezko diru-zuriketa eta -faltsutze kasu batengatik. Hasieratik argi geratu zen atxiloketa La pesadilla de Obi komikian Teodoro Obiangen erregimenaren erretratu mingarria egin zuenegilearen aurkako amarru bat zela. Fiskaltzak kargu guztiak ezeztatu zituen 2018ko otsailean, eta handik gutxira aske utzi zuten. Elkarrizketa zoragarria izan genuen komikiez, Gineaz, adierazpen-askatasunaz, errebeldiaz eta aktibismoaz. Jarraian datorrena elkarrizketaren laburpen txiki bat da.

-Wikipediak dioenez, “ilustratzailea, ikus-entzunezkoetako animatzailea, blogaria eta komiki-egilea” zara. Definizio horietako zeinek deskribatzen zaitu hobekien?

-Guztiek definitzen naute ongi, galderaren arabera, baina osotasun baten parte dira. Bat nabarmendu behar badut, marrazkigilea aukeratuko dut.

-Hainbeste hizkuntza desberdin erabiltzeak adierazteko behar handi bati erantzuten dio?

-Bai. Ni zibilizazioan hezi naute. Oihanetik atera, hirira ekarri eta eskolara bidaltzen gaituzte. Orain basoan gertatzen dena kontatu nahi dut, hain zuzen ere. Beraz, mila adierazpen-modu erabiltzen ditut, naturak hartzen dituen formak adina.

-Noiztik datorkizu adierazteko behar hori?

-Ama espetxean sartu zuten Macíasen erregimenean, eta, bularra eman behar zidanez, ni harekin giltzapetu ninduten. Esperientzia horren ondorioz, arrebek espetxe-bazka eta errebeldia-bazka nintzela esaten zidaten. Gainera, handitzen joan ahala konturatu nintzen ongi marrazten nuela eta marraztuz pentsatzen nuena adieraz nezakeela.

Ramón Esono marrazten @©AI

-Adierazteko beharrak lotura du errebeldia-sentimendu batekin.

-Aita oso zorrotza zen, eta txorakeriengatik jotzen ninduen. Eskolan marrazteagatik jotzen ninduten. Beti bizi izan naiz giro diktatorial batean, beraz, suposatzen dut errebeldiak zerikusia duela horrekin. Ez naiz heroi bat: atsegin ez ditudan gauzak ikusiz gero esan egiten dut, besterik ez.

-Gogoratzen duzu noiz egin zenuen lehen marrazkia?

-Ez. Gordeta dut sei bat urterekin aitaren margolan batean egin nuen marrazki bat, beraz, ia betidanik marrazten dut. Gero Mortadelo y Filemón eta beste komiki batzuk ezagutu nituen, eta pentsatu nuen: “Hauxe da egin nahi dudana".

-Lehen marrazki hartatik denetarik egin duzu, eta genero oso desberdinak jorratu dituzu. Noiz konturatzen zara ideia bat alde batera edo bestera joango den?

-Nire herrialdean ez dago erakunde edo baliabide kulturalen sare bat. Nire lehen marrazkietako asko GBEek eskatutakoak ziren. Eskatzen zidatenera moldatzen nintzen, eta hainbat estilo garatu nituen. Gainera, komikiak irakurtzen eta eragin berriak jasotzen jarraitu nuen. Aldi berean zera esaten nion neure buruari: “Ez diot inori kopiatuko, nire estiloa aurkitu behar dut”. Oraindik bila ari naiz.

-Egun batean Ekuatore Gineako bi lagunekin elkartu zinen, eta La pesadilla de Obi izeneko komiki bat egin zenuten. Orduz geroztik zure bizitza aldatu egin zen.

- La pesadilla lanarekin gertatu zitzaidana diktadore bat komiki batean barregarri uzten duen edonori gerta dakiokeena da. Obiang zirikatzeko jaio zen, eta haren erreakzioak kartzelara eraman ninduen.

-Zure lagunak ez ziren ausartu haien identitatea ezagutzera ematera, baina zu bai. Jarrera suizida izan zen?

-Bueno, esan dizut nire errebeldia oso goiz hasi zela. Nire lagun Chinok eta Tenso-tensok ez dauzkate nik nire familiagatik, talde etnikoagatik edo nazioarteko oihartzunagatik dauzkadan abantailak.

-Aktibistatzat definituko zenuke zeure burua?

-Aktibista naiz aktibo nagoelako. Obiangek esango zuen moduan: "Diktadore agintaria naiz aginduak ematen ditudalako" (barreak). Baina bai, jendeak zenbait gauzen gainean kontzientzia hartzea nahi dut.

-Aktibismo horrek poetikoki zoragarriak diren ekintzak egitera eraman zaitu, hala nola bunbuilo hutsak dauzkaten komikiak idaztera.

-Gineako kultura-etxe batek nire marrazkien erakusketa bat antolatu zuen, baina zenbait muga errespetatu behar nituela esan zidan. Haiek zentsuratu aurretik, neure burua zentsuratu nuen, konturatu gabe ekintza horrek herrialdeko askatasunik eza salatzeko balioko zuela.

-Preso egon zinenean, mundu osoko jende askok eskatu zuen zure askatasuna.

-Eromena izan zen. Beti egongo naiz eskertuta. Bilatu gabe ospea lortu nuen, baina orain erabili egiten dut, zergatik espetxeratu ninduten ikusarazteko eta diktadoreak alde egin behar duela eta ginearrek beren historia kontatzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko.

-Black Beach, preso egon zinen espetxea, Afrikako okerrenetako bat omen da, baina zuk marrazten jarraitu zenuen, presoei eskolak ematen…

-Ur azpian ere ez naiz isiltzen. Presoek nigana jotzen zuten, marrazkiak eskatzera. Orduan, boligrafoak kendu zizkidaten militarrek marrazteko materiala eman zidaten, eta marrazkiak eskatzen hasi ziren. Tailer ikusgarria egin genuen.

-Zure aktibista-alderdiari buruz hitz egin dugu, baina askoz gauza gehiago egiten dituzu. Zertan zabiltza orain?

-218 izeneko komiki-trilogia bat prestatzen ari naiz. Afrikar estiloko zientzia-fikziozko komiki bat da, kosmosaren jatorria ezagutzen duen ezkutuko gizarte baten istorioa. Nire historia eta nire kultura aurkeztu nahi ditut horrela, modu errealistan kontatuz gero sinestezinak dira-eta.