Valeria Shashenok (@valerisssh)
Valeria Shashenok argazkilaria da lanbidez, eta 20 urterekin, jarraitzaile gehien dituen tiktoker gazteetako bat bihurtu da Errusiako inbasioa hasi zenetik. Txerngovetik umorez eta sarkasmoz dokumentatu du bere errealitate berria. Babeslekuan, bere amaren errezetak erakutsi dizkigu, nola den “ohiko egun bat bunker batean” bonbetatik babesteko, edo nola egin daitekeen kafea elektrizitaterik gabe. Haren bideoetan suntsitutako eraikinen hondakinak agertzen dira, hala nola haurtzaroan maiz bisitatu zuen zinema batenak. Sarkasmoa erabiliz, honela dio: “Putin hiria berritzen ari zaigu”.
Gainera, herrialdetik nola atera den kontatu digu, hainbat hiri eta trenetatik igaroz. Tarteetako batean 10 orduz zutik egon zela azaldu du. “Nire bizitzako bidaiarik okerrena da. Eskerrik asko, Putin”, idatzi zuen. Jada Polonian, boluntario askoren lana erakutsi digu, eta nola elkartu zen berriro lagun batekin Varsovian. Orain, bere bizitza nolakoa den kontatzen jarraitzen du handik. Umorea galdu gabe, “modako errefuxiatua” idatzi zuen, bere arropa berria erakusten zuen bitartean.
Alina Volik (@alina__volik)
18 urte ditu. Zaporiyian bizi zen, Ukrainako hego-ekialdean; bertan dago Europako zentral nuklear handiena, martxoaren 4an erasoa jasan zuena. TikTok bidez kontatu du berak eta amak hiru aldiz saiatu ostean azkenean lortu zutela tren batean igotzea Hungariarekiko mugan dauden Chop eta Záhonyrantz joateko. 30 orduko bidaiaren ondoren, azkenean Budapestera iritsi ziren.
Irten aurretik, munduari kontatu zion nola aldatu zen bere bizitza egun batetik bestera. Umorez kontatzen zuen gimnasia egitea aterpetxera joan eta etxera itzultzea zela, edo denda batera edo farmaziara joatea bihurtu zela eguneko “entretenimendua”. “Hau ez da daukadan okerrena. Beste hiri batzuetako jendea ezin da dendara joan, eta metroan lo egiten du, lurrean”, zioen bere argitalpenetako batean. Irudietan, eraikin suntsituak, supermerkatuetako apalategi hutsak edo haien babeslekua erakutsi ditu. Etxeko leihoak nola zigilatu zituzten eta larrialdietarako kitak nolakoak ziren ere kontatu zuen, baita jantzita lo egiten zuela ere, etxetik lehenbailehen irteteko airetiko erasoen aurkako sirenek joz gero. “Ukrainari buruzko egia erakusten dut nire istorioetan”, idatzi zuen. Bere profilean, Ukraina gerraren aurretik nolakoa zen gogoratzen du, herrialdeko hainbat hiritako irudiak erakutsiz, paisaiaren eta ondarearen aberastasuna eta edertasuna erakusten dutenak.
“Ukrainari buruzko egia erakusten dut nire istorioetan”
Karina Maniukina (@kkkarysia)
Karinaren bideo bat biral bihurtu zen duela egun batzuk. Bertan, emakume batek, bere amak, estalkia kentzen zion piano bati, teklak estaltzen zituen errautsa garbitzen zuen eta jotzera esertzen zen. Gelako lurra, sofa eta pianoa bera hondakinez eta kristalez josita zeuden. Chopinen doinu batekin, Karinaren amak agur esan zion Bila Tserkva hiriko bere etxeari (Kievetik 80 kilometrora hegoalderantz), mendebalderantz ihesi alde egiteko. Etxea txikituta geratu zen, handik hurbil erori zen bonba baten ondorioz. Argi ikusten da Karinaren beste bideo batzuetan, non ageri diren gelak aterik gabe, leihoak lurrean, sabai zati eroriak eta kristalak nonahi.
Marta Vasyuta (@martavayusta)
Erresuma Batutik Ukrainako jendearengandik iristen zaizkion bideoak argitaratzen ditu, Errusiak inbasioari ekin aurretik Londresera bidaiatu zuelako eta ezin izan duelako bere herrialdera itzuli. Familiaren zati bat Ukrainan dago oraindik. BBCri egindako elkarrizketa batean azaldu du bideoen egiazkotasuna egiaztatzen duela argitaratu aurretik, sare sozialek Ukrainako lurraldeko gatazkari ez dagozkion irudiak ere erakusten baitituzte.
Cristian Dascalu(@cristiandascalu93)
TikToken 279K jarraitzaile dituen gazte honek Ukrainatik nola ihes egin duen eta Errumaniara, bere jaioterrira, iristeko bidaia nolakoa izan den kontatu du. Herritarrentzako informazioa ere eman du, eta azaldu du, adibidez, familia errumaniar batzuek apartamentuak eskaintzen zituztela Kieven oraindik hiritik ateratzeko aukerarik izan ez zuten pertsonentzat. “Kontrastez, une on eta txarrez betetako errealitatea da”, idatzi zuen. Orain, errefuxiatuentzako dohaintzak nola egin azaltzen du.
Bere bideoetan kontatu du nola aritu zen Ukrainatik irteteko aukeren bila, eta errepideko konboi militarrak, gasolina botatzeko ibilgailu-ilara luzeak, autobus batean igo aurreko itxaronaldia edo mugatik igarotzeko unea azaldu ditu. Bere argitalpenetako batean hauxe idatzi zuen:
“Ahal dudan guztia egingo dut baikor izateko eta ondoan dauzkadan pertsonekin ondo sentitzeko.”
Hunkigarria da Ukrainako gazte hauen eta beste batzuen profiletan otsailaren 24a baino lehenagoko argitalpenak ikustea, hau da, Errusiak herrialdea inbaditu aurrekoak, beste edozein gaztek sare sozialetan dituen argitalpenak bezalakoak baitira, eta eguneroko “normala” erakusten baitute: lagunak, dantzak, lana, ikasketak edo bidaiak. Matilda Boseley kazetariak zenbait gazte ukrainarren lekukotzak eta istorioak biltzen zituen hari bat egin zuen Twitter sare sozialean. Gauza bera egin du teknologian espezializatuta dagoen GinaTost kazetariak Valeria Shashenoken istorioekin, eta onartu du oso garrantzitsua dela gazteek gerraren gainean duten begirada ezagutzea. Begirada hurbila eta desberdina, nerabeek beste gatazka batzuetan ere erakutsi izan digutena, hala nola Siriakoan edo Palestinakoan.