Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons

[Translate to Euskera:] © Adolfo Luján

Blog

Zer da feminismoa? Defini dezagun

Por Eugenia Fernández Bustamante, Equipo de Mujeres de Amnistía Internacional,

Nori galdetzen diozun, era askotako erantzunak jaso ditzakezu: zure osabak Gabonetako afarian ematen dizuna edo Twitterreko troll kontu batekoa, adibidez. Aisa entzun dezakegu feminismoa emakume histeriko horiek nahi duten hori dela, hots, emakumeak gizonen gainetik egotea eta mundua menderatzeko beste plan beldurgarriren bat. Baina, egiaz, feminismoak ez du zerikusirik neurriz kanpoko karikatura horrekin, eta emakumeen eta gizonen eskubide-berdintasunaren printzipioa da.

RAEk ematen duen lehen esanahi horretara mugatzen bagara, feminismoaren alderdi teorikoaz ari gara, ideia honetaz, hain zuzen ere: emakumeek tradizionalki gizonentzat bakarrik gordeta egon dena merezi dutela, pairatu izan duten diskriminazio eta zapalkuntzatik askatuta. Hortaz, ideia bat izango litzateke.

Baina hori baino gehiago da. Ideia bat da, baina mundua eraldatzeko gure jokamoldea aldatzera bultzatzen gaituena eta eragin egiaztagarriak dituena gure bizitzetan. RAEren feminismo hitzaren bigarren esanahia feminismoaren alor guztietan gauzatze errealaren alde borroka egiten duen mugimenduarena da. Berdintasun-ideia horiek sortzen dute giza mugimendu bat mundu osoan, eta mugimendu hori osatzen duten gizon-emakumeek mundua eraldatzeko erabili nahi dituzte ideia horiek, hau da, emakumeek emakume izate hutsagatik oinarrizko eskubideak arriskuan izaten dituzten mundua aldatzeko. Munduak ez luke horrelakoa  izan behar, eta duela ehun urte baino gehiagotik ari dira borrokan aldatzea lortzeko.

Día Internacional de la Mujer

Emakumearen Nazioarteko Eguna. © SOPA Images

Nola hasi zen hau guztia? Begirada historiko bat

Feminismoak XIX. mendean eta XX. mendearen hasierara arte izan zuen bere lehen aroa. Orduko feministen aldarrikapen nagusia boto-eskubidea izan zen, baina haien aldarrietan eskubide zibil eta politiko batzuk ere sartu zituzten, hala nola hezkuntza jasotzekoa. Feminismoa garaiko beste mugimendu aldarrikatzaile batzuen eskutik garatu zen, abolizionismoaren eskutik, bereziki. Eta AEBko feministak ez ziren bakarrak izan abolizioan inplikatuta egon zirenak. Espainian ere, emakumeek esklabotasunaren amaiera babestu zuten, buru zituztela Concepción Arenalen gisako pertsonaia garrantzitsuak. 

Feminismoaren bigarren garaiko eslogana “pertsonala dena politikoa da” izan zen. 60ko eta 70eko hamarkadetan hitz horiek errepikatzen zituzten feministek ziotenez, emakumeek arlo sozial, kultural eta politikoan jasaten zuten desberdinkeriak lotura zuen beren bizimoduekin, beren bizitzetan berregin egiten baitzituzten emakumea zapaltzen zuten botere-egitura sexistak, eremu pribatuan zein publikoan, etxeko arloan, baita laneko eta gizarteko arloan ere. Haientzat, gure bizimoduak aldatzea ideologia nagusia aldatzeko modu bat zen, ez baitzuten horretan parte hartzen. 

Feminismoaren hirugarren aldia, 90eko hamarkadan hasia, kontzeptu nagusi batekin defini daiteke: intersekzionalitatea. Nahiz eta barruan korronte ugari bildu, intersekzionalitatearen erdigunea non jartzen den, korronte guztiek badute zerbait komunean, hots, ohartzen direla emakumeen zapalkuntzaren arazoak lotura duela beste faktore batzuekin (klasea, sexualitatea, etnia, geografia…) eta horrek desberdindu egiten dituela zapaldu gisa dituzten esperientziak. 

Gaur egun, feminismoaren laugarren bolada bat dagoen ala ez eztabaidatzen da, eta zer agenda izango lukeen. Pentsamendu eta korronte kritiko eta intelektualen bolada berri bat definitzeaz hitz egin aurretik, garrantzitsua da ibilbide osoa kontuan hartu eta aztertzea, eta une honetako beharrak zehaztea.

Eta orain, zer?

Mugimendu bat nondik datorren jakitea garrantzitsua da norantz doan jakiteko. Izan ere, feminismoak aurrera jarraitu behar du emakumeek zapalkuntza eta diskriminazioa pairatzen dituzten artean. 

Zer arazo ditugu gaur egun?

Genero-indarkeria, emakumeei eraso egiten dietelako emakume izate hutsagatik. Sexu-indarkeria eta jazarpena; edozein pertsonak jasan baditzake ere, neurriz kanpo eragiten die emakume eta neskatxei. Soldata-desberdintasuna. Sexu- eta ugalketa-eskubideen urraketa, legediek ez baitiete babesa edo laguntza ematen sexu-indarkeriaren biktimei. Antisorgailu seguruak eskuratzeko aukerarik ematen ez duten neurriak, eta ikaragarri mugatzen dutenak emakumeek legezko abortu seguruak egin ahal izatea, edo zuzenean debekatu egiten dituztenak. 

Arazo horiek oso ohikoak dira gaur egun. Harreman bat izan duten emakumeen % 30 inguruk sexu-indarkeria jasan dute bikotekidearengandik, eta, oro har, aukera gehiago dituzte erasoak jasateko, bortxaketa barne. Emakumeek gizonek irabazten dutenaren % 77 inguru jasotzen dute lan berdinaren truke. Emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideek arriskuan jarraitzen dute, baita jada erdietsita zeudenek ere. Kasu batzuetan ez dira existitu ere egiten.

Manifestación a favor de los derechos de la mujer en Polonia

Liskarren aurkako polizia, Poloniako aginteko alderdiaren buru den Jaroslaw Kaczynskiren etxea zaintzen, Auzitegi Konstituzionalak abortu-legeari buruz hartutako erabaki baten aurkako manifestazio batean. 2020ko urriaren 23a. © Grezgorz Zukowski

Baina desparekotasun eta bidegabekeria horiek guztiek erantzuna jasotzen dute. Historian zehar gertatu den moduan, eskubideen aldeko borroka indarrean dago. Inspirazio-iturri diren adibide ugari dauzkagu: Polonian, abortua mugatzeko lege berriak protesta-uholde bat ekarri zuen, zeinari iraultza esaten hasi zaizkion. “Women’s strike” izenez da ezaguna, nahiz eta ez den greba bat eta ez dagoen emakumez bakarrik osatua. Herrialde osoan egindako protesta jarraituek, mundu osora zabaldutakoek, gobernuak lege berria indarrean sartzeko data atzeratzea lortu dute, guztiz atzera egin ez badu ere. Eslovakiakoa antzeko kasua da. Han ere egin zuten abortua izugarri mugatu nahi zuen lege-proposamen bat, baina kasu horretan legea ez ezartzea lortu zuten. 

Eta emaitzak lortzen ez badira ere, garrantzitsua da mugimendu horiek eskubideen alde borrokan jarraitzeko inspirazio-iturri direla eta zapalkuntzari nahiz diskriminazioari aurre egiteko beharrezko indarra berritzeko balio dutela. Argentinan, abortua legezkotzearen gaineko eztabaidak marea berdea piztu zuen; izen hori eman zaio zapi berdea sinbolotzat harturik emakumeek beren gorputzen gainean autonomia eta erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen duten milaka pertsonek osatutako mugimenduari. Abenduaren erdialdean, Diputatuen Ganberak haurdunaldia borondatez eteteko lege-proiektua onartu zuen, eta orain Senatuko Ganberak onartzea bakarrik falta da.

Mugimendu sozialetatik harago, gure bizitzetan ere egin ditzakegu aldaketak, pixka bat gehiago hurbiltzeko genero-berdintasun erabatekora. Garrantzitsua da xehetasun txikienetatik hastea, ondoren gauza askoz handiagoak egin ahal izateko. Ekintza feminista bat da, halaber, estereotipoek eta desberdinkeriek gure egunerokotasunean dugun jokamoldean duten eragina aztertzea eta aldaketak egitea, ahalik eta jokamolde berdinzaleena izan dezagun. Adibidez, konpromisoa hartzen badugu gure eremu sozialetan eta lan-eremuetan gure generoagatik diskrimina gaitzaten ez onartzeko, hori ekintza feminista garrantzitsu bat da, gizartea oinarritik hasita aldatzen laguntzen baitu: hura osatzen duten pertsonetatik hasita.

Loujain al-Hathloul

Loujain al-Hahtloul, emakumeen eskubideen defendatzailea Saudi Arabian. © Marieke Wijntjes

Ekintza txikiak garrantzitsuak dira: emakumeen eskubideen alde publikoki borroka egiten duten aktibistak miresten ditugun arren eta guretzat inspirazio-iturri diren arren (hala nola Loujain al-Hathloul, zeina espetxeratu egin baitzuten Saudi Arabian emakumeei beren eskubideen berri eman nahi izateagatik; Nasrin Sotoudeh, zeinak babesten duen emakumeek askatasunez erabaki behar dutela hijaba erabili nahi duten ala ez; eta mundua astintzen ari diren gazte erreferenteak, hala nola Greta Thunberg, klima-aldaketaren aurka egiten duen aktibista ekologikoa, presentzia mediatiko ikaragarria duena), guztiok egin dezakegu zerbait, eta mundua aldatzen laguntzen dugu gure egunerokoan. Emakume izateagatik tratu kaskarragoa jasotzeari uko egitea berdintasunaren alde borroka egitea da, hedabideetan ageri ez bada ere. Gure burua gutxietsi gabe kalera irtetea, gure zirkuluetan jarrera diskriminatzaileak dituztenei kargu hartzea, gure hitzak kritikoki aztertzea desberdinkeriatan erortzen ez garela ziurtatzeko… ekintza horiekin ere feminismoaren alde borrokatzen gara.

Azaldutako guztia dela-eta, garrantzitsua da luzaroan emakumeenganako diskriminazioa desagerrarazteko borroka egin duen mugimendu honekin jarraitzea: oraindik badugulako zer egin, baina gero eta eskubide gehiago erdiesten ari garelako mundua eraldatzeko eta giza eskubideen arloan aurrera egiteko nahiari esker.