Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
Film baten tira kiribildua ©Pietro Jeng

Zinemako klaketa ©Pixabay

Blog

Zinemako hiru klasiko (eta zenbait arrasto) giza eskubideez hitz egiteko

  • Historian zehar, jende askok baliatu ditu zinemaren aukerak hezteko eta balioak zein ideiak transmititzeko. Horren adibide ona dira Leni Riefenstahlen filmak, balio naziak goraipatzen zituztenak, edo Serguéi Eisensteinenak, Sobietar Batasunaren dohainak aurkezten zituztenak. Doktrinatzeko ez ezik, zinemak pentsarazteko ere balio du. Baita giza eskubideen gainean ere. Adibide batzuk emango dizkizuegu.
Juan Ignacio Cortés, Amnesty Internationaleko kolaboratzailea,

Spartacus (Espartako)

Stanley Kubrick zuzendariaren film honek Espartako gladiadorea buru zuen esklabo-talde batek Erromaren aurka gauzatutako matxinada kontatzen du. Gladiadoreen Gerra izenekoa 200 gladiadore ihes egiten saiatu zirenean piztu zen, baina haien errebeldia eredu izan zen milaka esklaborentzat (120.000 inguru, kalkulu batzuen arabera).

K.a. 73. urtetik 71. urtera bitarte, ihes egindako esklaboen armada hark kezkaz beterik eduki zituen erromatarren legioak; azkenean, estutasun ugariren ostean, garaitu egin zituzten Silario ibaiko guduan. Horren ostean, bizirik ateratako errebelde gehienak gurutziltzatu egin zituzten.

Filmean dena da monumentala: iraupena (hiru ordu), aktoreen zerrenda (Kirk Douglas buru da, eta lagun ditu Laurence Olivier, Peter Ustinov edo Jean Simmons) eta gerra-eszenak (ia guztiak Espainian filmatuak).

Filmaren lehen zatiak erromatar gladiadoreek, elkarren aurka borrokatzera behartuta zeuden esklaboek, zer-nolako bizi-baldintza gogorrak zeuzkaten deskribatzen du, eta bigarren zatia askatasunaren eta elkartasunaren aldeko aldarri epiko bilakatzen da, Dalton Trumbo gidoilariaren talentuari esker.

Gainera, Trumbo kredituetan agertzea klandestinitatetik itzultzea izan zen gidoilariarentzat; izan ere, 1947an ostrazismora zigortu zuten, Joseph McCarthy senatariaren Ipar Amerikaren aurkako Jardueren Batzordearen aurrean deklaratzeari uko egin zionean. Haren bizitzari buruzko beste film bikain bat -Trumbo- abiapuntu oso ona da adierazpen- eta pentsamendu-askatasunari buruz hitz egiteko.

Claqueta de cine ©Pixabay

 

Missing (Desagertua)

 

Constantin Costa-Gavras Frantzian kokatutako greziar zuzendariaren zinema politikoaren maisulanetako bat da. Gertaera errealetan oinarrituta dago, eta Charles Horman aktibista eta kazetari iparramerikar gaztearen desagerpena kontatzen du. 1973ko irailaren 11n  Pinochet jeneralak estatu-kolpea eman zuenean desagertu zen Santiagoko (Txile) bere etxetik.

Haren emazte idealista eta aita kontserbatzailea Charles non zegoen ikertzen saiatu ziren, diplomazialari estatubatuarrei eta Txileko gobernu berriari presioa eginez, eta erregimen militarrak ekarritako errepresioaren infernuetaraino iritsi ziren. Errepresio horren ondorioz, 3.000 pertsonatik gora hil edo desagerrarazi zituzten, eta 40.000 inguru giltzapetu eta torturatu.

Filmean interpretazio bikaina egiten dute Jack Lemmonek, zeina ageri baita inoiz baino serioago, eta Sissi Spacek hunkigarri batek. Gidoi bikain eta elektrikoari esker, Txileko diktadurak sortutako izua deskribatzen du, eta agerian uzten du Estatu Batuetako gobernuaren konplizitatea kolpearekin eta garai hartako Latinoamerikako beste diktadura batzuekin.

Cry Freedom (Askatasuna oihukatu)

Richard Attenborough zuzendariaren film honek ekarpen handia egin zuen Hegoafrikan apartheida amaitzeko.  Estreinatu zenetik hiru urtera, Nelson Mandela aske utzi zuten, eta herrialdeko presidente bilakatu zen 1994an, lehen presidente beltza.

Filmak Donald Woods izeneko kazetari zuri baten eta Hegoafrikan beltzen kontzientzia-mugimenduaren sustatzaile zen Steve Biko aktibista beltzaren arteko adiskidetasun-istorioa kontatzen du. Biko hil egiten dute espetxean, eta Woodsek ahal duen guztia egiten du egia ezagutzera emateko. Ondorioz, lanetik botako dute, etxean atxilotuta edukiko dute eta azkenean, ihesaldi arriskutsu baten ostean, erbestera joango da.

Kevin Kline eta Denzel Washington aktoreen interpretazio bikainez gain, filmak eszena guztiz dramatikoak dauzka, krudeltasun osoz deskribatzen dituztenak apartheidaren errepresio-metodoak eta segregaziora kondenatutako hegoafrikar beltzen miseria.

Filma abiapuntu bikaina da hainbat gairi buruz hitz egiteko, hauei buruz, adibidez: arraza-berdintasuna; adierazteko, biltzeko, elkartzeko eta mobilizatzeko askatasuna; tortura edo exekuzio estrajudizialak; eta eremu positiboago batean, antolamendu kolektiboko eta desobedientzia zibileko prozesuen eraginkortasuna, eta norbanakoen gaitasuna injustiziaren aurka borroka egiteko, baita testuinguru zailenetan ere. 

Hiru klasiko bakarrik aipatu ditugu. Hasierako ideia hamarreko zerrenda bat osatzea zen, baina honen moduko lau blog beharko genituzke horretarako. Hasierako zerrenda horretan To Kill a Mockingbird (Urretxindorra hiltzea),Judgment at Nuremberg (Nurembergeko epaiketa edo Los santos inocentesmaisulanak ageri ziren.  Eta ez gara sartu dokumentalen edo marrazki bizidunen eremuan… Agian noizbait helduko diogu.

Bien bitartean, hiru klasiko hauek ez bazaizkizue nahikoak iruditzen, eta giza eskubideei buruzko zinema gehiago nahi baduzue, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko datu-basea kontsulta dezakezue, baita Kataluniako Amnesty Internationaleko kideek osatutako giza eskubideei buruzko filmen zerrenda ere.

Baduzue tarte baterako munizioa (argumentuena, noski).