Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons
‘Equal rights’ testua gorriz eta beltzez idatzita duen kartela ©Rodnae Productions

‘Equal rights’ testua gorriz eta beltzez idatzita duen kartela ©Rodnae Productions

Blog

Giza eskubideak orokortzea

  • Giza Eskubideetan Oinarritutako Hezkuntzarako Hezitzaileak Prestatzeko Saioaren aurkezpena. Saioa Europako Kontseiluak eta Nazio Batuek antolatu zuten, eta 2021eko abuztuaren 23an egin zen, Budapesteko Gazteriaren Europako Zentroan (Hungaria).
Nils Muižnieks, Amnesty Internationaleko Europarako Eskualde Bulegoko zuzendaria,

Nire ibilbide profesionalean behin eta berriro heltzen diot giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzari. Duela 27 urte giza eskubideen munduan murgildu nintzenean, nire kideek eta nik sustatzen genituen balioak sentitu eta ulertu nahi genituen, eta, horregatik, giza eskubideei lotutako jarduera praktikoak antolatu genituen guretzat nahiz irakasleentzat; oinarritzat hartzen genituen Nazio Batuen giza eskubideen abezea [1] eta Europako Kontseiluaren materialak [2]. Orain, Amnesty Internationalentzat lan egiten dudanez, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza hainbat gai eta herrialderen gainean egiten dugun lanaren parte da, eta tresna oso garrantzitsua da gazteengana heltzeko, afiliazioa handitzeko eta gure ikerketak nahiz kanpainak osatzeko.

Giza eskubideen historiaren bertsio tradizionala honako hau da, gutxi gorabehera: giza eskubideak Bigarren Mundu Gerraren errautsetatik jaio ziren, gerra, genozidioa eta diktadura ekiditeko. Zoritxarrez, pertsona askorentzat bertsio horrek ez du inongo zentzurik, Bigarren Mundu Gerra iraganeko gertaera oso aspaldikotzat jotzen baita, kezka garaikideentzat oso garrantzi txikia duen gertaeratzat. Herrialde askotan, bereziki Europan, jendea jada ez da gerraren, genozidioaren edo diktaduraren beldur. Beste gai batzuek kezkatzen dute, hala nola ziurgabetasun ekonomikoak, osasun-arreta kaxkarrak, migrazioak, terrorismoak eta klima-aldaketak, gero eta gehiago. Kontakizun berri bat behar dugu, eskubide sozial eta ekonomikoei erantzungo diena, baita aldaketa bizkorreko garai honetan gauzak aurreikusteko modukoak izateko nahiari ere. Bigarren Mundu Gerrarekin hain lotuta ez dagoen kontakizun bat behar dugu.

Pertsona asko kontakizun berri hori osatzen saiatzen ari dira, baina etengabeko arazoa izaten jarraitzen dut. Hona hemen nire egungo interpretazioa: giza eskubideek gu geu izateko aukera bermatzen digute; pertsona ahulak indartsuengandik babesten dituzte; globalizazioak, gobernu kaskarrek edo enpresa diruzaleek oin azpian dugun segurtasun-sarea ken diezaguten eragozteko bermea dira. Giza eskubideen kontakizuna zuen tokiko testuinguruan esanguratsua izateko moduan berriro transmititzera animatu nahi zaituztet.

Berriro kontatu behar dugu kontakizun hori, eta eskualde- zein mundu-mailako arazo zabalagoekin erlazionatu behar dugu. Bestela esanda, tokiko eremura, eskualdera, naziora eta eremu unibertsalera moldatu behar ditugu giza eskubideak. Giza eskubideen tokiko moldaketari dagokionez, inork ez du Eleanor Rooseveltek bezain ongi adierazi: 

Azken batean, non hasten dira giza eskubide unibertsalak? Leku txikietan, etxetik hurbil; inongo mapatan ageri ez diren leku oso hurbil eta oso txikietan. Pertsona bakoitzaren mundua dira: bizitoki dugun auzoa; ikasleku dugun eskola edo unibertsitatea; lantoki dugun fabrika, baserria edo bulegoa. Leku horietan bilatzen ditu gizon, emakume eta haur bakoitzak justizia, aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik gabeko duintasuna. Eskubide horiek ez badute ezer esan nahi leku horietan, beste inon ere ez dute ezer esan nahiko. Ez badago herritarren ekintza koordinaturik gure ingurunean horiek babesteko, munduko gainerako lekuetan aurrerabidea lortzeko dugun borondatea alferrikakoa izango da.[3]

Giza eskubideak tokiko eremura moldatzen saiatu naiz nire ibilbide profesionaleko hainbat unetan. Gogoan dut giza eskubideei buruzko mintegi bat antolatu nuela hezitzaileekin Letoniako herri txiki batean. Pertsona zaurgarrienak identifikatzen saiatu ginen: bakarrik bizi ziren erretiratuak, aita alkoholikoen eskutik etxeko indarkeria pairatu zuten emakumeak eta adingabeak, desgaitasunen bat zuten pertsonak. Horrez gainera, eskualde- eta mundu-mailan kezka sorrarazten ziguten gaiak ere jorratu genituen. Gogoan dut Europako Kontseiluko Giza Eskubideen arloko komisarioa izan nintzenean, 2012tik 2018ra bitarte. Astero bidaiatzen nuen 47 estatu-kideetako batera. Une jakin batean, nire taldearekin hitz egin nuen, eta galdera hau egin nion: "Zer gertatzen da giza eskubideekin Estrasburgon?". Eta immigranteen atxilotze-zentro bat bisitatu genuen, eta udalerriko GKEekin bildu ginen, eta ondoren tokiko gobernuko prefektuarekin. Erromaniek hiriaren kanpoaldean okupatuta zeuzkaten etxebizitzak bisitatu genituen, baita udal-zentro bat ere. Esan nahi dudana zera da, garrantzitsua dela gure ingurura begiratzea, eta ez soilik urrutiko lekuetara.

Tokiko eremuan, eremu nazionalean edo globalean baino erosoago sentitu naiz eskualde-mailan. Horren erakusle dira Arrazakeriaren eta Intolerantziaren aurkako Europako Batzordeko kide eta presidente gisa, komisario gisa eta Amnesty Internationaleko Europarako Eskualde Bulegoko zuzendari gisa egin ditudan lanak. Egia esan, aspertu egiten nau herrialde baten gainean bakarrik lan egiteak; eskualdeko joerak interesatzen zaizkit, eta giza eskubideen eskualde-mekanismoek ongi funtziona dezaketela uste dut. Gainera, eskualdea tamaina egokiko eremua da, agertokia ezagutzeko eta ulertzeko; eremu globala, aitzitik, nekagarri samarra iruditzen zait.

Alabaina, Europan erantzukizun berezia dugu mundu-mailan: kolonialismoaren historiagatik, gure aberastasunagatik eta munduko gainerako lekuekin konektatuta gaudelako klima-aldaketaren, migrazioaren eta beste prozesu batzuen bitartez. Amnesty Internationaleko nire kideek Europatik haratago begiratzera behartzen naute ia egunero. Erakundean sartu nintzenean, Hegoaldeko kideek esan zidaten nire zereginetako bat zera zela, erakundearen deskolonizazioarekin jarraitzea Iparralde-Hegoalde finantzaketari zegokionez, erabakiak hartzeari zegokionez, etab. Baina Europako migrazioa herrialde mugakideetara kanporatzeak eta txertoen nazionalismoak gure ekintzek kontinentetik haratago dituzten ondorioak ere kontuan hartzera behartzen gaituzte. Iraganean Afganistanen esku hartu izanak herrialdeak eta bertako biztanleek egun dauzkaten arazoetan inplikatzen gaitu, hein handi batean.

Nolanahi ere, mundu-mailan lan egiten saiatzen garenean, arrisku asko ditugu aurrean, hala nola berdintzea sustatzeko arriskua eta paternalismo-eredu zaharrak berregitekoa. Amnesty Internationalen historiari buruzko liburu batean, giza eskubideen aldeko indiar aktibista bati egotzitako aipu bat aurkitu nuen. Honako hau esan zion erakundeko goi-kargu bati:

Zuek, Amnesty, giza eskubideen McDonaldsa zarete. Giza eskubideen arloko globalizazioa irudikatzen duzue. Hona etorrita, zuen jatetxe aurrefabrikatuak eraikitzen dituzue, eta tokiko sukaldaritza eta aktibismoa ordezten dituzue.[4]

Arriskuei arreta handiz erreparatuta, giza eskubideak orokortu behar ditugu, pertsona guztiengana hel daitezen, jende asko uzten baitu alde batera korronte nagusiak. Nork ez du legitimitaterik zuen espazioan? Nor diskriminatzea dago sozialki onartua? Agian indigenak? Desgaitasun intelektualak eta psikosozialak dituzten pertsonak? Gutxiengo etnikoak edo/eta erlijiosoak? LGBTI kolektiboko pertsonak?

Europan, talde horretako lehenengoak migratzaileak dira; hala izango ez balitz, korronte nagusiak ez luke inoiz onartuko Europar Batasuneko kanpo-muga osoan zehar migratzaileak modu irregularrean eta bortizki kanporatzea. Musulmanak ere talde horretan sartzen dira, bereziki emakume musulmanak; Europako zenbait herrialdek legedi espezifikoa ezarri dien gutxiengo erlijioso bakarra dira. Eta Europako leku askotan erromani etniako kideak ere talde horretan sartzen dira: Europako gutxiengo baztertuena dira.

Giza eskubideen kontakizuna birdefinitzen jarraitu behar dugu. Tokiko mailan, eskualde-mailan eta mundu-mailan mugitu behar dugu. Aktiboki bilatu behar ditugu ikusezin diren pertsonak, sozialki onartuta dagoelako ostrazismora kondenatuak eta diskriminatuak dauden pertsonak. Eta kontraerasoa jo behar dugu. Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza arma bikaina da horretarako.

 

[1]Ikusi, adibidez, OACDH. ABC: La enseñanza de los Derechos Humanos – Actividades prácticas para escuelas primarias y secundarias (Nazio Batuak: New York eta Geneva, 2004). https://www.ohchr.org/_layouts/15/WopiFrame.aspx?sourcedoc=/Documents/Publications/ABCChapter1sp.pdf&action=default&DefaultItemOpen=1

[2]Ikusi, adibidez, Rui Gomes, ed., Compass: Manual for Human Rights Education with Young People (Europako Kontseilua: Estrasburgo, 2012).

[3]unfoundation.org/blog/post/10-inspiring-eleanor-roosevelt-quotes/.

[4]Stephen Hopgood, Keepers of the Flame: Understanding Amnesty International (Cornell University Press: Ithaca and London, 2006), 174.-5. or.