Amnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsAmnesty IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid IconsCovid Icons

Artista gehiago eta musa gutxiago: artearen historia berridaztea emakumeak sartzeko

  • Zenbat emakume margolari edo eskultore agertzen dira zure testuliburuan? Seguru asko esku bateko hatzez zenbatu ahal izango dituzu, baina, egiaz, diziplina eta garai guztietako emakumeek lagundu dute jakintza eta kultura sortzen. Artearen historia osoa ezagutzeko, kontuan hartu behar da baztertu eta isilarazi duten erdia. Artearen historia berridatzi beharra dago, genero-ikuspegia txertatuta, emakumea protagonista ere izan dadin, eta ez musa hutsa.
Vega Alonso, colaboradora de Amnistía Internacional,

Artemisia Gentileschilek, María Blanchardek edo Camille Claudelek merezi duten lekua izan dezaten, La Roldana elkarteak hezkuntza-curriculumetan sartu nahi ditu emakume artistak. Ekimen hori Change.org plataforman jaio zen, eta Diputatuen Kongresura iritsi da. Luisa Ignacia Roldán Villavicenciori zor diote izena; Espainian erregistratutako lehen emakume eskultorea izan zen, La Roldana ezizenez ezaguna. Hala ere, haren izena eta lana ezezagunak dira ikasleentzat. Gaian sakontzeko, elkarteko lehendakariorde eta arte-historialari den Miriam Varelarekin hitz egingo dugu.

La Roldanarekin gertatzen den moduan, emakume artista asko ez dira ageri DBHko eta Batxilergoko curriculumetan. Zergatik?

Zerikusi handia du Hezkuntza Ministerioak eta erkidegoetako hezkuntza-sailek erabiltzen dituzten hezkuntza-curriculumekin. Hezkuntza-sailek ez badituzte emakumeak hezkuntzan txertatzen, testuliburuetan ere ez dituzte sartuko, noski, tintan dirua alferrik xahutzea dela esan baitaiteke. Gainera, emakumeei ez zaie inongo aitortzarik egiten artearen historian.

La Roldana taldeko kideak Hezkuntza Ministerioaren aurrean @privada

Kongresuraino iritsi zarete egoera aldatzeko. Bada aurrerapenik hezkuntza-lege berriarekin?

Hezkuntzako dekretu berriak aldaketak ekarriko ditu, curriculumean azpimarratuta baitator garrantzitsua dela emakumeak integratzea eta ikasgaietan genero-ikuspegia aplikatzea. Guk zehaztapen handiagoa espero genuen. Filosofian, adibidez, Maria Zambrano txertatu dute, eta unibertsitatera sartzeko ebaluazio proban sartuko da. Baina gure arloan edukiak ez dira hainbeste zehazten. Ez dago emakume artisten zerrenda bat, eta erkidegoen eta irakasleen esku geratuko da emakumeak sartzea. Legeak ildo batzuk ezartzen ditu, baina erkidegoek transferituta dauzkate hezkuntzako eskumenak, eta, horrenbestez, haiek dute azken hitza.

Katedra-askatasunaren alde gaude, eta irakasleei azalpenetarako askatasun handiagoa ematearen alde, baina emakumeen kasuan, beti gutxietsi izan dituztela kontuan hartuta, pixka bat gehiago lotu behar lirateke edukiak, nahitaez irakatsi behar izateko. “Genero-ikuspegia txertatzeaz” hitz egiten dutenean, askotan emakume bat sartuko dute eta horrekin nahikoa dela pentsatuko dute.

Nabaritu duzue aldaketarik erkidegoren batean?

Badakigu batzuk hasi direla unibertsitatera sartzeko probetan emakumeak sartzen, eta horrek ikusgarritasuna emango die. Nabarmentzekoa da Galizia, 8 emakume sartuko baititu. Hori errekorra da, aldaketarako lehen urratsa. 

Hezkuntza-curriculumean sartu ezean, emakume artista ugarik ikasleentzat ezezagunak izaten jarraituko dute…

Bai. Ikaragarria da. Izan ere, artearen historia erdizka azaltzen digute, eta eremu guztietara orokortu daiteke (zientzia, historia, geografia, matematika, etab.). Erdia bakarrik azaltzen digute. Ez dakigu ezer emakumeek ezagutzari egindako ekarpenez, ezta emakumeen eta gizonen arteko ezagutza- eta fluxu-trukeaz ere. Emakume sortzaileak ez ziren aritzen bere logeletan bakartuta lanean, inorekin hitz egin gabe; gizonen kideak ziren, eta eragina zuten elkarrengan. Historiaren zati bat baino askoz gehiago galtzen dugu. 

La Roldana elkartetik emakumeak ezagutzera emateko lan egiten duzue. Justizia artistikoa da?

Emakume sortzaile horien lana ezagutzera ematea funtsezkoa da. Horrexegatik, irakasleentzako materialak sortzea izan zen gure lehen urratsa. Ez badugu lortzen curriculumean txerta ditzaten –eta neurri batean lortu da, eta beste batean ez, aipatu dugun zehaztasun faltagatik-, gutxienez irakasleengana heltzea lortuko dugu. Errenazimentua azaltzen ari bazara eta Sofonisba Anguissolaren fitxa inprimatzen baduzu, jende askok jakingo du Errenazimentuan emakumeek ere margotzen zutela. Keinu erraz horrek begiak irekitzen dizkie ikasleei. Agian ez dute sakon aztertuko, ez delako unibertsitatera sartzeko proban aterako, baina badakite emakume margolariak izan zirela eta hori aurrerapauso handia da.

La Roldana taldeko kideak @privada

Diziplina eta mugimendu artistiko desberdinetako 36 emakume artista bildu dituzuefitxa hauetan.

Hezkuntza-curriculuma aztertu genuen, eta zer mugimendu ikasten diren, zer eduki lantzen diren eta irakasleek benetan zenbat denbora duten aztertu genuen; horren arabera erabaki genuen zenbat fitxa sortu. Irakasgai baterako 100 fitxa sortuz gero, irakasleek ezingo dituzte denak landu. Artearen Historiarako 12 ditugu, bat garai artistiko bakoitzerako, ikasi beharreko gutxienekoa. Horrez gainera, beste batzuk sortu genituen Artearen Oinarriak I eta II irakasgaietarako. Horietan emakume gehiagoaren izenak ageri dira, baina 20 dira, eta gizonak 250, beraz, kasu horretan ere ezin dugu esan asko direnik, nahiz eta Artearen Historian bat bera ere agertu ez.

Nabarmendu ditzakegu emakume horietako batzuk?

Lavinia Fontana, adibidez, Errenazimentuan arte-tailer bat zuzendu zuen lehen emakumea izan zen. Sofonisba Anguissolak margotu zuen Felipe II.aren erretratu ezagunena, eta harrigarria da datu hori ezezaguna izatea. Rosalba Carriera margolariak iraultza ekarri zuen gorteko erretratuen mundura, pastel-teknikari esker. Aurretik, lehen bozetoak egiteko erabiltzen zuten teknika hori, eta ondoren olio-pinturarekin amaitzen zituzten. Carriera tabako-paketeak pastel-teknikaz margotzen hasi zen, eta hain zen ona, ezen gorteko erretratuak margotu zituen teknika horrekin. Gainera, goitik behera aldatu zuen merkatua, ez baita gauza bera olio-pintura bat margotzea, zeinak behar dituen saio ugari, posatzeko eta lehortzeko ordu asko, etab. Pastela teknika bizkorra da, eta mundu guztiak nahi zuen Rosalba Carriera bat, merkeagoa eta errazagoa zelako harentzat posatzea olio-pinturak egiten zituztenentzat baino. Rosa Bonheur bere irudia zuten panpinak izatera iritsi zen, oso garrantzitsua izan zelako XIX. mendean, eta, hala ere, jendeak apenas ezagutzen du. Eta horien antzera, beste emakume asko daude, ikasi beharrekoak. 

Arteaz eta emakumeez ari garela, emakumea musa gisa irudikatzen dugu, artista gisa baino gehiago.

Arte-zirkuluetan zeuden emakumeetako asko gizonek sortutako margolanetako modelo gisa ezagutzen ditugu gaur egun, baina haiek ere margotzen zuten. Kontua da haien margolanak ez zituztela baloratzen, gizonenak bezain onak izan arren. Baloratu egin behar da emakumeen rola artearen historian subjektu sortzaile gisa, eta ez subjektu pasibo gisa. Emakumeak ere sortzaileak gara; gure ekarpena egin dugu, eta “musak” modu errealean ikusarazten ere lagundu dugu. Askotan itxura estetikoagatik baloratzen ditugu, baina posatu baino gehiago egiten zuten emakume argiak ziren. “Musa” hitzaren atzean emakume artistak daude, gizon margolariekin elkarrizketa interesgarriak izaten zituztenak, haiekin iritziak trukatzen zituztenak, etab. “Musa” alderdi estetikotik bereizi behar dugu. 

Egunen batean ikusiko dugu artearen historia berridatzia?

Gure ametsa da. Ikerketa-lan handia egin da; informazio ugari dugu emakume artistei buruz; urratsak egiten ari dira horiek ezagutzera emateko; argitalpen asko daude, etab. Baina orain bi historiak batzeko eta artearen historia komun bat sortzeko unea iritsi da.  

Nola baloratzen duzue zuen ibilbidea? 

Datuak oso esanguratsuak dira, eta joan zen urtera arte inoiz ez zen emakume artista bat agertu irakasle izateko probetan. Iaz booma izan zen, eta pozez negar egin genuen ia. Neurri batean, ahotsa goratu izanaren eta Hezkuntza Ministeriora protestan joan izanaren erantzule sentitzen gara. Baliteke gure jardunak nolabaiteko eragina eduki izana emakumeak ezagutarazteko prozesu honetan.

Zer esan nahi du irakasgai bat genero-ikuspegiarekin irakasteak?

Eskoletan emakumeen izenak aipatzea ez da genero-ikuspegia erabiltzea. Gizonen eta emakumeen lanei balio bera ematea izango litzateke. Deigarria da, adibidez, testuliburuetan emakume bat sartzen dutenean aparteko epigrafe batean agertzen dela, edo ertz bateko atal batean, edo bere garaiko gizonekin erlazionatu gabe. Etxeko sotoan margotzen ari zela ematen du, eta ez zegoela kultura-trukerik. Bitxia da, halaber, aurreko curriculumeko proposamen batek emakume margolari inpresionistak beren homonimo maskulinoekin konparatzeko eskatzea. Hori ez da genero-ikuspegia; izan ere, gizonak eta emakumeak konparatzen saiatzen ari zara, baina, egiaz, emakume horiek zegokien taldean aztertu ditzakezu. Mundu guztiak ezagutzen ditu Monet, Renoir edo Degas, baina talde horretan emakumeak ere baziren, hala nola Berta Morrison edo Mary Cassatt. Horiek gizonekin alderatzen baditugu, testuingurutik atera, eta desberdin tratatzen ditugu. Helburua gizonen moduan tratatzea da.