Lucíak, Carlosek, Antoniok, Rocíok eta Marinak osatzen dute Do the right thing, Badajozeko IES San Fernando ikastetxeko SF Radio irrati hezigarriko saio bat, munduko giza eskubideen defentsan diharduena, Amnesty Internationalen laguntzaz. Lehen kapitulua Afganistango emakumeen eta nesken egoerari buruzkoa da.
“Amnesty Internationaleko Badajozeko taldetik esan zidaten afganiar nesken hezkuntza-eskubideari buruzko kanpaina batean murgilduta zebiltzala. Institutuko irratian saio bat egitera animatu gintuzten; informazioa eman zidaten, eta prestatu egin genuen”, azaldu digu José Tato Gonzálezek, ikastetxeko irakasle eta irratsaioaren zuzendariak. Horrela jaio zen giza eskubideekin konprometitutako ekimen hau, helburutzat duena ikasleak, hezkuntza-komunitatea eta oro har gizartea mundu zabaleko eskubide-urraketen gainean sentsibilizatzea.
“Irratia ikaskuntza-bitarteko egokia da, ikasleak beraienak ez diren errealitate batzuekin harremanetan jartzeko. Horrela landu ezean ezagutuko ez lituzketen gai horien gainean pentsatzera eta hausnarzera eramaten ditu", kontatu digu Tato Gonzálezek.
Saioaren izenburua, Do the right thing, Spike Leeren filmaren izenburutik dator. “‘Egin zuzena dena’ esan nahi du, eta gure saiorako oso egokia zela pentsatu nuen”, azaldu du Tato Gonzálezek. Bera arduratzen da landuko diren gaiak antolatzeaz, Amnesty Internationaleko Badajozeko taldearen laguntzaz; gero ikasleekin batera prestatzen ditu.
Hilero giza eskubideekin lotutako gai bat lantzea da helburua. Lehen geldialdia Afganistan izan da, eta 2021eko abuztuan talibanek herrialdearen kontrola hartu zutenetik emakumeek eta neskek jasaten duten egoeran jarri dute arreta. Orduz geroztik, talibanek etengabe urratu dituzte emakume eta nesken hezkuntza-eskubidea, lanerako eskubidea eta libreki mugitzeko eskubidea; etxeko genero-indarkeriatik ihes egiten duten emakumeentzako babes-sistema sarraskitu dute; arau diskriminatzaileak urratzeagatik atxilotu dituzte emakumeak eta neskak, eta ezkontza goiztiar eta behartuen kopuruaren gorakada ekarri dute herrialdera. Amnesty Internationalek abian jarri du kanpaina bat, talibanei presioa egiteko, aldaketak lortzeko eta neskekiko elkartasuna adierazteko; zure ikastetxean abian jar dezakezu kanpaina hori.
“Gizartearekin oro har gertatzen den moduan, giza eskubideekin lotutako gai batzuk oso urrun geratzen zaizkie ikasleei, baina konturatu gara zenbaitek, hala nola programa hau egiten dutenek, badakitela munduko txoko askotan eskubideak urratzen direla. Ikasle horiek munduko giza eskubideen arazo guztiez kezkatzen dira”, kontatu digu, harro, Tato Gonzálezek.
Harekin batera, Do the right thing saioko taldeko kide dira Carlos Fernández Mata, Antonio Núñez Piquer, Lucía Ramos Ramos, Natalia Vivas Barragán, Rocío García Rico eta Marina Soto Fermoselle. Haiekin hitz egin dugu, eta hauek dira haien gogoetak Afganistango egoerari buruz eta irratiak giza eskubideak aldarrikatzeko bozgorailu gisa betetzen duen eginkizunari buruz.
Lucía Ramos Ramos
“Saio honek asko eman dit; izan ere, 2021ean talibanek Afganistanen boterea hartu zutenean albistegietan gaiaz hitz egin bazuten ere, orduz geroztik ez du presentzia handirik izan hedabideetan. Bi astez hitz egin zuten gaiaz, eta handik aurrera dena normal dagoela ematen du. Garrantzitsua da arazoaz hitz egiten jarraitzea eta NBEk aitortutako giza eskubide batzuk babestea, etengabe urratzen ari baitira herrialde hartan".
“Afganistango nesken egoerak kezkatzen gaitu, ezin baitute heziketarik jaso. Mundu erabat garatua izateko, mutilek eta neskek izan behar dute eskuera hezkuntza, irizpide propioa izateko eta formakuntza jasotzeko. Arazo larria da neskei hezkuntzarik ez ematea, horrela manipulatu egin baititzakete, adibidez, haiek nahi duten moduan pentsa dezaten. Arazoa da, halaber, horren ondorioz talibanen moduko erregimenek luzaroan iraun baitezakete”.
Natalia Vivas Barragán
“Afganistango egoera ahaztuta daukagula ematen du, eta ezin da ahanzturan erori, oraindik gauza larriak gertatzen ari direlako. Borrokan jarraitu behar dugu, eta ez dugu gertatzen ari dena ahaztu behar, jada amaituta egongo balitz bezala”.
“Saioaren zati batean antzerki moduko bat egiten dugu, eta emakumeen azalean jartzen gara, lekukotzak kontatzeko. Zati garrantzitsua da, une honetan bizi dutena eta sentitzen dutena transmititzeko”.
Antonio Núñez Piquer
“AEBk ez zuenez nahi zuena lortu Afganistanen, herrialdearen egoera ahaztuta geratu da. Gainera, iristen zaigun informazioa partziala da, eta mundu globalaren interesen mende dago”.
“Afganistan moduko herrialdeetan neskek ikasteko aukerarik ez izateak patriarkatua betikotzea dakar, ziklo hori nekez apurtu baitateke heziketarik gabe”.
Rocío García Rico
“Saioan honelako gai serioak landuz, ezagutzera ematen dugu askotan ahaztuta dagoen errealitate bat, eta demokraziaz hitz egiteko eredua ere bada. Afganistango nesken egoera eta antzeko beste gai batzuk ezagutzera eman behar dira”.
Marina Soto Fermoselle
“Irakurri dugun informaziotik afganiar nesken amen egoera iruditu zait deigarriena; izan ere, gaizki sentitzen dira, alabek gutxieneko ikasketa maila lortu aurretik ezkondu behar dutelako, baina, aldi berean, ongi sentitzen dira, alabek ezkondu eta aurrera egin dezaketelako mantenduko dituen senar batekin, ikasteko aukerarik izan ez badute ere”.
Carlos Fernández Mata
“Irratia jendea sentsibilizatzeko eta mezu hauek zabaltzeko bozgorailua izan daiteke, bereziki gurearen moduko irrati hezigarria bada, non gardentasun osoz hitz egin daitekeen eta ez dagoen ezkutuko interesik, hedabide konbentzionaletan ez bezala; izan ere, horietan eragina dute audientziak, gobernuek, adierazpen-askatasunik ezak eta abarrek. Irrati hezigarri honen alderdi politena jarduteko askatasuna da”.
“Ikasteko aukerarik ez izatea arazoa da; batetik, ez direlako hezten gizartearekiko eta gobernuekiko kritikoak izango diren pertsonak, eta bestetik, pertsona horiek direlako herrialdearen etorkizuna eta, beraz, ezinbestekoa delako horiek trebatzea, lana egin ahal izan dezaten. Emakumeei hezkuntza ukatzeak herrialdearen egoera hobetzen lagundu lezaketen biztanleen erdiak gaitzea esan nahi du”.
Gazte hauek ozen hitz egiten dute, ez dezagun ahaztu Afganistango neska eta emakumeen egoera, eta giza eskubideei lotutako beste gai batzuetan sentsibiliza gaitezen. Era berean, herritarrak animatzen dituzte, informazioa bil dezaten, ez dezaten ezikusiarena egin eta saioari izena ematen dion mantrarekin jarrai dezaten: Do the right thing. Dagoeneko prestatzen ari dira hurrengo kapitulua, Irango egoerari buruzkoa. SF Radio irratian entzun ahal izango dugu, esteka honetan.
>