“Giza Eskubideak eta elkarbizitza” hitzaldia autonomia-erkidegoko zenbait ikastetxetan garatutako hezkuntza-esperientzietan oinarrituta zegoen. Esperientzia horietako bat duela zenbait urtetatik Amnesty Internationaleko Giza Eskubideen aldeko Eskola Sareak egiten duen lana da: curriculumetik kanpoko gaiak jorratzen ditu hezkuntza-maila orotako ikasleekin.
Gure parte hartzean, elkarbizitza-dekretuan eta LOMLOE hezkuntza-lege berriari dagokionez autonomia-erkidegoetan garatu behar dituzten garapen kurrikularretan giza eskubideak transbertsalki sartzeko beharraz hitz egin genuen.
Giza eskubideak hezkuntza-arloan txertatzeko urratsak egin behar direla iruditzen zaigu. Curriculum berriek jada zehaztutako balio berriak txertatuko dituzte, hala nola balio zibiko eta etikoetan oinarritutako hezkuntza, memoria demokratikoa edo lgtbifobiarekin, sexu-estortsioarekin, ziberjazarpenarekin edo jarrera xenofobo eta arrazistekin loturiko edukiak. Hori dela eta, GIZA ESKUBIDEEN gaineko hausnarketa hezkuntza-maila formal guztietan berariaz txertatzea eskatu genuen.
Giza eskubideek itxaropenerako, hausnarketarako eta ekintzarako bidea irekitzen dute, gazteak herrialde demokratiko eta moderno orok behar duen aldaketa sozialaren eragile izan daitezen. NBEk hezkuntza-etapa guztietarako giza eskubideei buruzko edukiak eskatzen ditu mundu osorako hezkuntza-programaren bitartez.
Giza eskubideen heziketa eskoletan ikasten den lezio bat baino gehiago da, edo egun batean lantzen den gai bat baino gehiago. Segurtasun- eta duintasun-baldintza egokietan bizitzeko bitartekoak eta baliabideak eskaintzen dituen prozesu bat da. Gainera, giza eskubideak hurbil borrokatzen dira, leku txikietan, etxetik oso gertu, eskolan, institutuan.
Eskola modernoa desberdintasun indibidualak, taldekoak edo sozialak ekiditeko konpromisoa hartzen duena da. Kontzientzia pizten duena; sen kritikoa garatzen laguntzen duena; bidegabekeriei begira enpatia sentitzeko hezten duena; elkarrekin bizitzen irakasten duena. Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzak mesede egiten die askatasun pertsonalari, erantzukizunari, herritartasun demokratikoari, tolerantziari, berdintasunari, errespetuari eta justiziari, eta horiek dira elkarbizitzaren oinarriak.